Alaia Sierra

«Konfluentziak aurkitzeko» helburuarekin aurkeztu du EH Bilduk bere gobernu programa

Kanpaina hasi baino ordu batzuk lehenago aurkeztu du koalizio subiranistak Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako programa. Proposamenak kontrastatzeko unea izateaz gain, datozen egunak programen artean konfluentziak identifikatzeko momentua dela nabarmendu du Otxandianok.

Gobernu programa aurkeztu du ostegun honetan EH Bilduk.
Gobernu programa aurkeztu du ostegun honetan EH Bilduk. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Urteetako lanaren eta eragileekin interlokuzio desberdinen emaitza» den ‘Gobernu Programa’ aurkeztu du EH Bilduk kanpaina hasiko den egun berean. Hala azaldu du Pello Otxandiano hautagaiak, kanpainarekin programa politikoen artean «konexioak, adostasun eremuak edo konfluentziak identifikatzeko momentua» ere irekitzen dela nabarmenduz.

Gasteizen egin du aurkezpena, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburu Ima Garrastatxu eta Nerea Kortajarenarekin batera. Otxandianoren esanetan, Europan frogatuta dauden eta emaitzak ematen dituzten politikak biltzen dira 2024-2028 legegintzaldirako programan.

Dagoeneko etxebizitzaren eta politika industrialaren inguruko proposamenak aurkeztu ditu koalizioak, baita Osakidetza «berriz zutik jartzeko» estrategia ere. Azken hau lehentasunen artean premiazkoagoa dela adierazi du Pello Otxandianok.

«Zorroztasunez» kontrastatzeko 8 ardatz

Zortzi ardatzetan zerrendatu ditu EH Bilduk larrialdi klimatikoak, aldaketa soziodemografikoak eta trantsizio energetikoak markatutako eta «erabakigarriak» izango diren urteotarako proposatutako neurriak. Horrekin batera, kontrastatzeko zorroztasuna, «orain arte eman ez dena», eskatu du, eztabaida politikoaren maila igotzeko helburuarekin.

Lehendabiziko helburua burujabetza estrategikoarena da. Subiranotasun energetikoa, elikadura burujabetza, garapen ekonomikoa, poltika digitalak eta zerga eta finantza sistema burujabeak bezalako gaietan «sustrai sendoak ezartzeko konpromisoak» jasotzen ditu.

Ongizatea bermatzeko eta aberastasuna banatzeko neurriek osasunaren, etxebizitzaren, gazteriaren, enpleguaren, zaintzaren, familia politiken, gizarte babeserako politiken eta prestazioen eta pentsioen esparruak hartzen dituzte beren baitan.

Larrialdi klimatikoan trantsizio ekosoziala azkartzeko, biodibertsitatea, lurralde antolaketa, mugikortasuna, elikadura eta landa eremu biziak kontuan hartzen dira programan, besteak beste.

Ezagutza sistema berritu eta indartzeko neurri gisa, hezkuntza ziklo osoari dagozkion konpromisoak hartzeko prest daude, hezkuntza «nazioa eraikitzeko» lanabes delako.

Horren harira, identitate komunitarioa sendotu nahi du EH Bilduk, politika publikoak, hizkuntza politika, kultura, komunikazio sistema, nazioarteko politika eta garapenerako lankidetza aintzat hartuta.

Segurtasuna, justizia, euskal espetxe sistema, gatazkaren konponbidea eta Arartekoa aldatu nahi dituzte, askatasun demokratikoa bermatzeko helburuarekin, «azken urteotako joera inbolutiboaren aurrean».

EH Bilduk ikusten duen beste behar bat administrazio publikoa modernizatzea da, gaitasun handikoa izan dadin.

Otxandianok azpimarratu duenez, «burujabetza behar dugu» eta «botere funts nahikoa izan behar dugu» Euskal Herria nazio gisa aitortzen duen Estatu batean. 

Beste ardatzetako bat gobernantza kooperatiboa da, gobernantza feminista, LGTBI politikak, kultur aniztasuna, desgaitasunak dituzten pertsonak eta haur eta nerabeak kontuan hartuta jardunez.

Honekin batera, estatus politikoaren eztabaida mahaigaineratu nahi du EH Bilduk, «herri anbizioa erakusten duen» estatus politiko berrian atxikitzeko bide-orriaren bidez. Otxandianok azpimarratu duenez, «burujabetza behar dugu» eta «botere funts nahikoa izan behar dugu», Euskal Herria nazio gisa aitortzen duen Estatu batean.

«Urjentziak» lehenengo 100 egunetan

Osakidetza berrindartzea lehentasuna bada ere, zentzu horretan eta beste batzuetan gobernuko lehenengo ehun egunetan gauzatzeko «urjentziazko» neurriak doitu ditu EH Bilduk. Garrastatxuk eta Kortajarenak azaldu dutenez, 17 dira neurriok, bederatzi esparrutakoak.

Osasun sistemari dagokionez, 2025erako Lehen Arreta eta osasun mentaleko plantilla %10 handitzea, kontratazio eredua aldatzea, itxaron zerrendak murriztea, ESI-Emergentziak publifikatzea proposatu dute eta sindikatuekin «iruzurrean» dauden lanpostuak azaleratzeko ESIka lanketa bat egiten hasiko dira.

Etxebizitzaren esparruan, parke publikoa handitu eta urtero 500 etxebizitza erantsi eta merkatu pribatuko etxebizitzei gehienezko prezioa ezarri nahi diete. Enpleguan, diru publikoz ordainduko diren kontratu guztietan, 1400 euroko gutxieneko soldata arautu nahi dute.

Zaintzan, Gizarte Zerbitzuen Sistemaren Mahaia sortzeko asmoa dute eta dekretuz ratioak ezartzeko formula berria ezarri. Familien prestazioetan, gutxienez 18 urte bete bitartean hilero jasoko duten hazkuntzagatiko 200 euroko prestazio unibertsala sortu nahi du EH Bilduk.

Pentsiodunez osatutako elkarbizitza unitateen kasuan, diru-sarrerak bermatzeko errenta ofizioz tramitatu eta ordaintzeko prozedura ezarri nahi du. Hezkuntzan, Euskal Eskola Publikoaren plan estrategikoa egin eta EHUko irakasleen eta ikertzaileen ordainsariei buruzko dekretua aldatzea planteatzen du.

Trantsizio ekosozialaren kasuan, autokontsumo energetikoaren laguntzak bikoiztea eta fosilen desinbertsio plana aurrera eramatea da koalizioaren asmoa.

Azkenik, estatus politiko berriaren inguruan akordioak erdiesteko proposamena eraman nahi du Gasteizko Legebiltzarrera EH Bilduk.