NAIZ

17 lagun auzipetu ditu Auzitegi Nazionalak Ibai Aginaga preso ohiari harrera egitea egotzita

Espainiar Auzitegi Nazionalak 17 lagun auzipetu ditu Ibai Aginaga preso ohiari, espetxean 21 urte eman ostean, 2022ko martxoan Berangon egin zioten harreragatik. Aginaga bera ere agertzen da auzipetuen artean. «Terrorismoa goratzea» leporatzen die Ismael Moreno epaileak.

Auzitegi Nazionalaren egoitza, Madrilen.
Auzitegi Nazionalaren egoitza, Madrilen. (Eduardo PARRA | EUROPA PRESS)

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak 17 lagun auzipetu ditu Ibai Aginaga preso ohiari 2022ko martxoan Berangon harrera egitea leporatuta. Aginagak 21 urte baino gehiago eman zituen espetxean eta zigorra bere osotasunean bete behar izan zuen.

Europa Pressek jaso eta zabaldutako auto batean, Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegi Zentraleko titularrak dio zantzuak aurkitu dituela auzipetuek, horien artean Aginagak berak, «terrorismoa goratzeko delitua egin zutela pentsatzeko».

Ebazpenean, epaileak dio ikertuek 2022ko martxoan «ETAren eta haren kideen terrorismoa goraipatzeko ekitaldiak» aurretik antolatu eta egin zituztela, «modu publikoan eta antolatuan, Bizkaian, erakunde terrorista horren indarkeriazko metodoak oraindik ere beren helburuak lortzeko baliagarriak direlako ideia bizirik mantentzeko, eta etorkizunean indarkeriazko metodo horiei heldu beharko zaiela, helburu horiek lortzeko beste biderik ez dagoelako».

Era berean Jardun, Tinko eta Gasteizko Elkartasun Komitea (GEK) mugimenduek sare sozialetan ekitaldi horretarako deia egin zutela nabarmentzen du. Aginaga urte luzez EPPK-ko kide izan zen, baina duela zenbait urte hartu zuen kolektiboa uzteko erabakia.

Auzipetzeko argudio gisa autoan adierazten du Berangoko frontoira bertaratutako «250 bat lagunek txalo, oihu eta banderak astindu» egin zutela, «ohorezko pasabide batean». Horren ostean, frontoiko ateak eta leihoak itxi zituztela dio Morenok. Aginagari leporatzen dizkion adierazpen batzuk ere biltzen ditu: «Herri honek asko daki borrokaz, eta asko oso gogorrak izan direnez, bidean geratu dira. Ez da inolako zalantzarik izan behar, aurreko belaunaldiek izan zuten eta borrokatu zuten bezala, oraingo belaunaldiak ere baduela eta etorkizunekoek ere izango dutela eta borrokarako eta duintasunerako leku horretara joango direla». Hitz horietan «terrorismoa goratzea» ikusten du Morenok.