Aztikerren inkestak hautagaien balorazioa ere eskaini du. Pello Otxandiano EH Bilduko zerrendaburua da bostaren langa gainditzen bakarra, 5,3 zifraz. Urrats txiki batera geratu dira, 4,8 batez, Imanol Pradales eta Miren Gorrotxategi, EAJ eta Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak, hurrenez hurren. Koska bat beherako PSEko Eneko Andueza dago (4,5). Alba Garcia Sumarreko hautagaiak 4 jaso du, eta PPko Javier de Andresek dauka denetan balorazio baxuena (3).
Ezagutzaren alorrean, Andueza da ezagunena (%28k ez du ezagutzen), baina hautagai guztiak antzeko zifretan daude, Garcia izan ezik. Sumarreko zerrendaburuak ezagutzaren erronka gainditzeke dauka, %46,6ak esaten baitu ez dakiela nor den.
Alderdietatik harago
Aldeak handiak ez badira ere, hautagaien balorazioa ez dator bat alderdiek eragiten duten sinpatia mailarekin. Sailkapen honetan EAJ da kalifikazio onena eskuratu duena (5,1), Pradalesek lortutakoa baino handiagoa. EH Bilduren kasuan, ordea, joera kontrakoa da, alderdiak 4,7ko sinpatia maila lortu baitu. PSE da hurrengoa, 4,5 batez. Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek 3,9 eta 3,8ko balorazioa dute, eta PPk, 1,6koa.
Pradalesen kasuan, ezezagutza mailak (%30) azaltzen du neurri batean alderdiak baino balorazio txikiagoa izatea. Otxandianoren kasuan, ordea, bestelakoa da ekuazioa. Azken urteetan EH Bilduk sortzen zuen kontrakotasuna apaltzen joan den arren, hautesleen %20,1ek oraindik «zero» erantzuten du sinpatia mailaren inguruan galdetzen zaionean. Otxandianok ez du halako oposiziorik topatzen, %6,1ek bakarrik ipini diolako «zero» nota gisa.
Hautagaia EH Bildu baino hobe baloratzen duten horien profila ere bilatu du Aztikerren inkestak. EAJkoak dira gehienbat, baina PSEko dezente ere agertu dira. Gizonak dira gehiengoa, euskara maila txikia dute eta, independentista izan gabe, eskumen gehiago nahi lituzkete.
Otxandiano eta Pradales, aurrez aurre
Aztikerrenak ez ezik, inkesta guztiek jarri dituzte EH Bildu eta EAJko hautagaiak lehiakide nagusi bezala. Horrela izanda, lan honek bakoitzaren indarguneak eta ahuleziak bilatu ditu, hala nola alderdi bakoitzarenak.
Hautagaien artean, lehiak Otxandianoren alde egin du modu nabarmenean, izan etorkizuneko ikuspegiaren inguruan, lidergoan, enpatian edo taldean lan egiteko gaitasunean. Azken hori, etorkizuneko ikuspegia eta guztion ondasunarekiko konpromisoa dira Pradalesen indarguneak, baina denetan Otxandiano aurretik kokatzen da.
Alderdien artean, ordea, EAJ da nagusi akordioak lortzeko eta kudeatzeko gaitasunetan. Aldiz, EH Bildu hobe kokatuta dago gizartea entzuteko gaitasunean, gardentasunean, zintzotasunean eta ingurumenaren alorrean.
EAJ-PSE koalizioa da babestuena, baina formula gehienetan EH Bildu agertzen da
Ikusirik inork ez duela gehiengo osoa lortuko, inkestak balizko koalizioen inguruko galderak egin zituen. Erantzunek, berriz ere, joko zelai ireki bat marraztu dute.
Hautesleen %57,2k EAJ nahi du hurrengo Eusko Jaurlaritzan, baina ia erdia dira EH Bildu ere ikusi nahi luketenak (%49,8). Asko dira, era berean, (%45,4) PSE Lakuan nahi dutenak. Koska bat beherago daude Sumar (%26,7) eta Elkarrekin Podemos (%22,8), eta are urrunago PP (%11,9) eta Vox (%4,5).
Konbinazioen inguruan galdetuta, EAJk eta PSEk egungo koalizioa errepikatu dezatela nahi luke %13,3k. Egun zaila dirudien arren, %10,8k sailkapenaren bigarren postura darama EAJren eta EH Bilduren arteko balizko gobernu bat. Pixka bat beherago, %6,7k formula horri PSE gehituko lioke.
Ez dirudi aritmetikak horrelako gobernurik osatzeko aukera emanen duenik, baina laugarren aukera (%5,9ko babesaz) EH Bilduk, Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek osatutakoa litzateke. %5,1ek, aldiz, EH Bilduren bakarkako Eusko Jaurlaritzaren alde eginen luke, eta soilik %4,3k nahi du ekuazioan PP sartuko lukeen formula.
38 eserlekuen jokoa
Oharturik bai EAJk bai PSEk dagoeneko baztertu dutela EH Bildurekin gobernatzea, erraza da pentsatzea ahal izanez gero egungo akordioa berretsiko dutela. Hor sartzen da 38 eserlekuen jokoa, zenbaki horrek finkatzen baitu gehiengo osoaren langa Gasteizko Legebiltzarrean. Gaur egun 41 parlamentari batzen dituzte bi gobernukideek. Lasai gobernatzeko moduko batuketa bat.
Gehiengo hori, ordea, kolokan jarri du Aztikerren inkestak, aurreikusi baitu 37 eta 40 eserleku artean mugituko direla.
Kasu horretan zer eginen luketen argitzeko dago, ordea. Duela bi legealdi, PP izan zen makulua. Nolanahi dela, Aztikerren inkestaren arabera, eskuin espainola jokoan sartzen duen alternatiba da babes gutxien jasotzen duena. Aitzitik, EH Bildu da konbinazio mota gehienetan agertzen den alderdia.