NAIZ
Amurrio

Osakidetzak pultsua lortzeko «desfibriladore politiko» berri bat behar du, Otxandianoren ustez

Osakidetzaren inguruan hitz egiterakoan, orain artean Gasteizko Legebiltzarra kudeatu duten alderdiei ardura hartzeko deia egin die Otxandianok, eta salatu du ez duela balio «orain artean oposizioan egon balira bezala hitz egiteak». Gobernantza eredu berri bat behar dela jarri du mahai gainean.

Amurrion izan dira igande honetan Pello Otxandiano eta Eba Blanco.
Amurrion izan dira igande honetan Pello Otxandiano eta Eba Blanco. (Endika Portillo | FOKU)

Osasunaren Nazioarteko Egunean Amurrion izan da Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, Eba Blanco Arabako hautagaiarekin batera. Hautagaiak adierazi du herri honek bultzada bat behar duela, «ilusio berri bat». «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ongizateak, osasunak, desfibriladore politiko berri bat behar du pultsua berreskuratzeko».

Otxandianok, bere hitzartzearen hasieran atzoko futbol partida eta Athleticen garaipenak sortutako «bizipoza» ekarri du gogora, simil bat eginez: «Gu ere final bat jokatzen ari gara, eta azken minutura arte egongo da disputan. Herri zaporeko garaipen bat izan zen atzokoa, gurea herri proiektu bat delako, Konfiantzaz jokatuko dugu azken momentura arte, final bat irabazteko anbizioarekin».

Eba Blancok, aldiz, EH Bilduk politika egiteko «beste modu batzuk» dituela azpimarratu du: «Desberdinak gara. Guk herritarren ongizateari ematen diogu lehentasun osoa, beste edozein interesen gainetik. Hori da politika letra larriz egitea».

Osakidetza altxatzearen beharra

Osakidetza, zaintza eta etxebizitza izan ditu hizpide Blancok. «Orain arteko politikek ez dute balio iza dauzkagun arazoei aurre egiteko, eta osasungintza publikoaren dekadentzia horren adibide da».

«Zutik jartzeko» itxaron zerrenden murriztea, plantila %10 handitzea, lehen arreta indartzea, osasun mentala kontutan hartzea, eta PACen egoerari txarra iraultzea direla eginbehar nagusiak azaldu du Blancok.

Otxandianoren ustez «gai izarra» izango da Osakidetzarena eta orain arteko «planifikazio falta, gobernantza bertikala, burkokratikoa eta diktatoriala» salatu ditu. Horrez gain, ardura hartzeko dei egin die alderdiei, izan ere, bere ustez Osakidetza kudeatu duen gobernuko alderdi nagusak «ezin du orain artean oposizioan egon balitz bezala agertu, ardura hartu behar du».

Gobernantza eredu bat beharrezkoa da, EH Bilduko lehendakarigaiaren ustez, Osakidetza martxan jartzeko, eta baita herri itun bat ere, bertako profesionalekin elkarlanean.

Azken bultzadaren beharra nabarmendu du Blancok, eta ziurtatu du apirilaren 21etik aurrera ezer ez dela berdina izango euskal politikan. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «merezi duen lekura eramatea» beregain hartuko duela EH Bilduk, «herriaren zati hau errejeneratzeko anbizioarekin eta ilusioarekin».