Jose Antonio Ardanza Garro, frankismoaren ondoko bigarren lehendakaria izan zena, arratsaldean hil zen gaixotasun luze baten ondoren. 1941eko ekainaren 10ean Elorrion jaioa, EAJren jarraitzaile izan zen gaztetatik, EGIko kide zela. Erakunde horretako zuzendaritzan ere egon zen. Lehenengo ikasketak Derioko Seminarioan egin zituen eta gero Durangoko Jesuiten ikastetxean. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen eta Lan Kide Aurrezkian lan egin zuen lege alholkulari gisa 1979an Arrasateko alkate izendatu zuten arte.
Lau urte geroago, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautatuta, lurralde horretako ahaldun nagusi izan zen, eta 1985ean, EAJren eta EAren arteko zatiketa izan eta Carlos Garaikoetxeak Lehendakaritza utzi zuenean, bera izendatu zuten lehendakari.
1986ko hauteskundeetan, Lehendakaritzarako hautagai aurkeztu zuen bere alderdiak eta honek boto gehien lortu bazituen ere, PSEk eserleku gehiago eskuratu zituen, 19 hain zuzen. Hala ere, jeltzaleen 17 eserlekuek akordio baterako baliatu eta Ardanzak lehendakari karguari eutsi zion. Orain artean Lehendakaritzan gehien iraun duen agintaria izan da, eta EAJko sektore «moderatu eta autonomistakoa» izateak EAJren eta PSEren arteko gobernu koalizioak urte askoan irautea erraztu zuen.
Ajuria Eneko Ituna
Haren agintaldiak gatazka politikoaren adierazpen armatuak eta Estatuen errepresioak baldintzatuta egon ziren, eta bere Gobernuak zenbait eskuduntza lortu zituen, hala nola Ertzaintzaren hedapena. 1988an EAJk ‘Arriagako espiritua’ delakoari ekin zion, «Espainian eroso» egoteko norabidean, eta urte berean Ardanzak Ajuria Eneko Ituna sustatu zuen, ETAren aurkako alderdi-fronte bat, ezker abertzalea baztertuta eta etsai gisa seinalatuta.
1989an, Aljerren ETAren eta Gobernuaren arteko negoziazio politikoak izan zirenean, ez zuen izan haien aldeko oso jarrera argia, eta negoziazio betean Ajuria Eneko Itunak «bakearen aldeko» manifestaziora deitu zuen, ETAren aurkako manifestaziora alegia, Ardanza buru zuela.
1990ko hauteskundeetan EAJk irabazi zituen hauteskundeak; ez gehiengo osoz, ordea, eta denbora labur batez Eusko Alkartatsunarekin eta Euskadiko Ezkerrarekin hiruko Gobernua osatu ondoren, PSErekiko koalizioa errepikatu zuen. Gobernu hark Ramon Jauregi eta, gero, Fernando Buesa izan zituen lehendakariorde, eta Rosa Diez, ondoren UPyDko buru izan zena, kontseilari.
1996an Nafarroako presidente Javier Otano PSNkoarekin komunitate bien organo bat sortzea adostu zuen, baina Nafarroako hiruko gobernua (PSN, Demokata Nafarren Konbergentzia eta EAk osatua) desegin zenean, bertan bera geratu zen akordioa, abiatu aurretik.
Oraindik lehendakaria zela, 1997ko uztailean, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil zuen. Iaz, Radio Euskadiko elkarrizketa batean, gertakari hura gogoratu zuen Ardanzak. Esan zuenez, bere Barne sailburu Juan Mari Atutxak Barne ministro espainiar Jaime Mayor Orejari eskatu zion jendaurreko adierazpen bat egiteko, ETAren eskaera, euskal presoak Euskal Herriratzea, 48 orduan betetzen ezinezkoa zela esanez. Mayor Orejak erantzun zion Gobernuak ez duela «terroristekin negoziatzen». Ardantzak, 2022ko uztailean hura. gogoratzean, esan zuen: «Gustura jakingo nuke bahitua Mayor Oreja ed Aznarrena izan balitz, zer gertatuko zatekeen».
1998an, Ajuria Eneko Itunaren gainbehera nabarmena zela, hura osatzen zuten alderdien arteko «mugarik gabeko elkarrizketa» bultzatzeko ‘Ardanza plana’ aurkeztu zuen EAEko marko juridikoaren inguruan akordio berri bat bilatze aldera, baina ez zen aurrera atera.
Lizarra-Garaziko Ituna
Urte berean, baina, EAJk Lizarra-Garaziko Ituna sinatu zuen, baina ordurako Ardanzak iragarria zuen Lehendakaritzara berriro ez aurkezteko asmoa, eta 1999ko urtarrilean Juan Jose Ibarretxek ordeztu zuen Lehendakaritzan.
Garai hartan egin zuen Ardanzak ‘Egin’ egunkariarekin bere lehen elkarrizketa. Ordura arte ez zuen behin ere onartu, eta egunkari horrekiko jarrera are gogorragoa izan zen bere agintaldian, bere Barne sailburu Juan Mari Atutxarekin batera boikota sustatuz. Lehendakariak esan zuen ‘Egin’-i boikot egitea beharrezkoa zela «higiene demokratikoagatik».
Politika utzita, Tubacex enpresako aholkulari eta Euskaltel konpainiako presidentea izan zen 2011ko abendura arte. Aurreko urtean bihotzekoak eman zion eta ospitaleratu zuten, eta harrezkero bere jardun profesionala motelduz joan behar izan zuen.
Urte hartan aurkeztu zuen bere oroitzapenak biltzen dituen liburua, “Euskadi bihotzean” (Txertoa, 2011). Bertan EGIko kide, Arrasateko alkate, Gipuzkoako ahaldun nagusi eta lehendakari izan zeneko oroitzapenak kontatzen ditu batez ere, eta garai luze hartako hainbat gertakari eta esperientzia, hala nola 1981eko estatu kolpe saiakera, Garaikoetxea Lehendakaritza utzi zuenekoa, Aljerko negoziazioak, GAL eta Felipe Gonzalezekin, errege esplainiarrarekin, Aznarrekin eta beste askorekin izandako harremanak....
Hil kapera eta doluminak
Lakuak hiru dolu-egun ezarri ditu Ardanzaren heriotzagatik. Haren hil-kapera Ajuria Enea jauregian jarriko dute asteazken honetan.
Exekutiboak ohar bidez azaldu duenez, hiru dolu-egunak astelehen honetan hasi dira, arratsaldeko hiruretan, eta osteguneko ordu berera arte iraungo dute.
Asteartean Iñigo Urkullu lehendakariak adierazpen instituzional bat egingo du heriotzaren inguruan.
Asteazkenean hil-kapera jarriko da goizeko hamarrak eta arratsaldeko ordu biak bitartean, Ajuria Enean. Hileta elizkizuna eta meza asteazken horretan bertan arratsaldeko zazpietan izango dira Elorrion, Ardanzaren jaioterrian.
EAJk iragarri du hil-kapera antolatu eta hiletak egiten diren egun horretan behera utziko duela hauteskunde-kanpaina.
Heriotzaren ondotik, sentsibilitate politiko desberdinetako ordezkariek dolumina adierazi dute.
Ardanzarekin «gure herriaren zati bat» joan dela nabarmendu du 1999 eta 2009 urteen artean lehendakari izan zen Juan Jose Ibarretxek X sare sozialean argitaratutako mezu batean.
Ardanza Lehendakariarekin gure herriaren zati bat joan zaigu… baina berak egindakoarekin beste zati haundi bat gurekin kedatuko da betiko. Ardanza Lehendakaria Agur eta Ohore
— Juan Jose Ibarretxe (@LHKibarretxe) April 8, 2024
2012tik Lakuako Gobernuaren buru den Iñigo Urkulluk ere, ohar bidez, azpimarratu du Ardanzak «atsedenik gabe» lan egin zuela, «bakearen eta bizikidetzaren alde, baita Euskadiko ekonomia eta industria suspetzearen alde ere».
2009 eta 2012 artean Ajuria Enean izan zen Patxi Lopezek ere mezua argitaratu du X sare sozialean: «Demokrata guztien batasuna indarkeriari eta terrorismoari aurre egiteko tresnarik onena dela ulertu zuen lehendakaria izan zen Jose Antonio Ardanza».
José Antonio fue un lehendakari que entendió que la unión de todos los demócratas es el mejor instrumento para combatir la violencia y el terrorismo.
— patxilopez (@patxilopez) April 8, 2024
Es un día de reconocimiento del lehendakari Ardanza y, con él, de toda esa generación de socialistas y de nacionalistas que… pic.twitter.com/4N9zbYjn6b
Maria Chivite Nafarroako lehendakariak ere atsekabea adierazi du heriotzaren aurrean, eta Ardanzak bakearen eta «ezberdinen arteko elkar ulertzearen» alde egin zuen ekarpena goraipatu du.
EBBko presidente Andoni Ortuzar hunkituta agertu da.
Conmocionado por la noticia del fallecimiento del Lehendakari Ardanza. Además de una personalidad que institucionalmente ha sido todo en este País (Alkate, Diputado General y Lehendakari), se nos va un gran abertzale que vivió el exilio y la clandestinidad. https://t.co/4HOYP9AENr pic.twitter.com/CqybHFmJ7C
— Andoni Ortuzar (@andoniortuzar) April 8, 2024
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere X sare sozialaren bitartez helarazi die dolumina Ardanzaren gertukoei. Hala egin du koalizio abertzalearen lehendakarigai Pello Otxandianok ere.
Jose Antonio Ardanza Lehendakaria zendu dela jakin berri dut. Une honetan bere alderdikide, senide eta lagunei nire doluminak eta besarkadarik beroenak helarazi nahi dizkiet bihotzez.
— Arnaldo Otegi 🔻 (@ArnaldoOtegi) April 8, 2024
Lehendakarigai jeltzaleak, Imanol Pradalesek, esan du Ardanza «belaunaldi oso batentzat eredu» izan zela.
⚫️ Ardanza Lehendakaria oroitzeko eta omentzeko eguna da. Une tristeak Euskadirentzat, Herri oso batentzat. Autogobernua, bakea, bizikidetza, berrindustrializazioa, gizartearen pluraltasuna…Belaunaldi oso batentzat eredua. Nola eskertu hainbeste eman duen Lehendakariari? Doakizu… pic.twitter.com/g3C77lFyqj
— Imanol Pradales (@Imanol_Pradales) April 8, 2024
Eneko Anduezak eta Alba Garciak, hurrenez hurren PSEko eta Sumar alderdiko lehendakagai direnek ere, dolumina adierazi dute.
Samina agertu dutenen artean daude, besteak beste, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, Donostiako alkate Eneko Goia, Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzaina, PPko Carlos Iturgaiz, Eusko Alkartsuna alderdia edota Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaritza..
Kataluniako ordezkari politikoen aldetik ere ere iritsi dira mezuak, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta hautagaiarena: «Ardanza Lehendakaria zendu da, bake-gizona ta bere nazioarekiko leiala», esan du X sare sozialean.
Ha mort el lehendakari Ardanza, un home de pau i fidel a la seva nació. El meu condol a la seva família, al seu partit @eajpnv i al poble basc.
— krls.eth / Carles Puigdemont (@KRLS) April 8, 2024
Que descansi en pau. https://t.co/6oufd326hO
JxCat alderdiko idazkari nagusi Jordi Turullek ere antzerako mezua zabaldu du.