NAIZ

Elkarretaratzea ostiralean, Pasaiako Udalean euskararen aurka emandako beste bi epai salatzeko

Auzitegiek Pasaiako kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman dituzte. Kanpaina betean, Kontseiluak alderdiei eskatu die euskararen normalizazioa agendetako lehen lerrora ekarri dezatela. Udalak errekurritu egingo ditu.

Pasaiako Udaleko kale-garbitzaile eta langileek elkarretaratzea egin dute.
Pasaiako Udaleko kale-garbitzaile eta langileek elkarretaratzea egin dute. (Gorka RUBIO | FOKU)

Pasaiako euskalgintzak eta Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako, 18.30ean Pasai Antxoko Biteri plazan. Herri honetako Udalean euskararen aurkako bi epai berri atera dira, eta horiek gaitzestea da protestaren asmoa.

Kontseiluak jakinarazi duenez, berriki, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek Pasaiako Udalak 2023an egindako kale-garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman dituzte. Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, lanpostuak betetzeko beste hainbat eskakizunen artean, euskarazko 1. hizkuntza eskakizuna (B1 maila) jarri zitzaien 2015. urtean hamabost lanposturi. Bada, epai hauen arabera, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela.

Berriro ere euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren agerraldi baten aurrean gaudela azpimarratu du euskalgintzaren bilguneak. «Epairik epai jurisprudentzia eratuz, gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna». Hainbatetan esan dute sententzia batetik bestera are eta larriagoa dela egoera, eta, tamalez, hori berretsi beharrean daude.

Alderdi politikoei eskaria

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hurrengo Legebiltzarra aukeratzeko hauteskunde kanpaina betean gauden honetan, euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egin die Kontseiluakdatorren legegintzaldira begira oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten.

«Zehazki, azken asteetan legelari adituek egindako proposamenen bidetik, eta Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma alda dezaten, gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Horixe da oldarraldiaren aurrean babesteko modua, eta hizkuntz berdintasunaren bermea abiatzekoa. Aurre egitetik aurrera egiteko urratsa».

Ildo horretatik, uste dute euskararen normalizazioak orain arte izan duena baino leku eta indar gehiago behar duela euskaltzaletasunean kokatzen diren alderdien kanpaina eta programetan.

Oroitu dutenez, iazko azaroaren 4ko manifestazio jendetsuan herritarrek sendo erakutsi zuten gai honek eragiten dien kezka. Amaitu berri den Korrikan, gizarteak are eta sendoago erakutsi du euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko jarrera. «Euskal hiztun komunitateak egunero-egunero erakusten du konpromiso irmo bat. Jendarteak, orokorrean, praktika eta jarrera ugariren bidez behin eta berriro adierazten du euskara minorizaziotik ateratzea nahi duela».

Pasaiako Udalari babesa

Euskalgintzaren Kontseiluak bere babesa adierazi nahi dio Pasaiako Udalari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko. Halaber, alderdi politikoei eskatu die adostasun zabal hori aintzat hartzeko eta euskararen normalizazioa bermatuko duten proposamen eta neurri bihurtzeko.

«Ekarri dezatela euskararen normalizazio eta biziberritzea beraien agendetako lehen lerrora. Izan ere, euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak ematea da justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea, askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa, hain zuzen».

Honenbestez, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa aktibatu ondoren, Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako. Halaber, ostegunerako Udaleko langile batzordeak ere elkarretaratzea antolatu du, 13.00ean Pasai Donibaneko Udaletxearen aurrean.

Herritar guztien hizkuntza eskubideen defentsan sinesten duten eragile eta norbanakoak mobilizazioetan parte hartzera eta eraso hau salatzera gonbidatu dituzte.

Udalak errekurritu egingo ditu epaiak

Pasaiako Udalak helegitea aurkeztuko du bi epaien aurka. EH Bildu eta EAJ udal taldeek agiri bateratua atera dute eta bertan «euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat» jo dute sententzia horien bidez «hizkuntza eskubideak zalantzan jartzea».

Deitoratu dute epaiek ez dutela aintzat hartzen «euskararen eta gaztelaniaren bizikidetza errazteko azken 40 urteetan Euskadin garatu den legegintza prozesua, ez eta administrazioak egin duen bidea ere». Nabarmendu dute administrazioek «euskal herritarrei arreta emateko betebeharra» dutela, «aukeratzen duten bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan», eta, hortaz, herritarrek eskubidea dutela «euskal administrazioetan arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten aukeratzeko». Hori horrela, galdetu dute, «zergatik da diskriminatzailea gutxieneko euskara maila bat eskatzea?».

«Udaleko langile guzti-guztiek ordezkatzen dute Udala, kalean dabiltzanek nahiz bulegoetan dihardutenek. Guztiak dira Udalaren ispilu. Ezinbestean, beraz, herri langileen betebeharra da eskubide hori muga edo trabarik gabe betetzen dela ziurtatzea. Horrenbestez, ez da langilearen eskubideen defentsa egitea, gizartearen eskubideak ez urratzea baizik», defendatu dute.

EH Bildu eta EAJren iritziz, auzitegiak «hizkuntza politiketan eragile aktibo bihurtzen ari dira, eta hizkuntzaren planifikazioa errotik mugatuz, Udalaren autonomiaren kontra jotzen ari dira». Euskara biziberritzeko politikak «erabat mugatzen dira, administrazioan euskara gaztelaniaren makuluarekin soilik erabili behar dela iradokiz», eta horrek «urte askotan atzera egitea dakar», salatu dute.

Ildo horretan, Udalak epaiak errekurritu egingo dituela iragarri dute, eta eskatu dute «ez urratzea Udalarekin komunikatu nahi duten pasaitarren eskubideak eta ez hartzea Pasaiako euskararen normalizazio prozesuan atzerapausoa eragin dezakeen inongo erabakirik».

Horrekin batera, Udalaren autonomia errespetatzea galdegin dute, «zehazki, udal baliabideak eta zerbitzuak pasaitarren beharren arabera antolatzeko eta egokitzeko eskumen eta betebeharra».

Kontseiluak eta Bokale Euskararen Aholku Batzordeak ostiralerako antolatu duten elkarretaratzean parte hartzera ere deitu dute.

Langile batzordearen gehiengoaren elkarretaratzea

Pasaiako Udaleko langileen batzordearen gehiengoak –LAB, ESAN eta ELA– elkarretaratzea egin du ostegun eguerdian, epaiak gaitzesteko.

«Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik. Ez ditugu ontzat emango Pasaiako Udalean kale-garbitzaile lanpostuetan gutxieneko euskara mailaren ezagutza kentzeko kaleratu diren ebazpen judizialak», nabarmendu dute.

LAB: «Egitura juridiko-politikoa, euskararen normalizazioa ekiditeko eraikia»

LABek azpimarratu du Pasaiako kale-garbitzaileen lan deialdian euskara eskatzearen aurkako epaiak argi uzten duela bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen dela euskara epaitegietan. «Lan eskaintza honen aurka bina norbanakok ezarritako helegitea ontzat eman du epaileak, argudiatuz hautagaiei 1. hizkuntza eskakizuna ezartzea diskriminatzailea dela. Izan ere, epaileen ustez, plaza horietarako izendatutakoek bete behar dituzten eginkizunen ezaugarriek eta edukiek, funtsean bide publikoen garbiketari dagozkienek, ez dute justifikatzen euskara jakiteko eskakizun hori».

«Are okerrago, epaian jasotzen denaren arabera, eginkizun horiek betetzeko orduan langile publiko horiek euskara ez jakiteak ezin omen du nahasmendu handirik eragin administratuek Administrazioarekin harremanetan jartzerakoan euskara erabiltzeko duten eskubidean; lanpostu hauetarako ez baita akreditatu herritarren eskubide hori bermatzeko behar-beharrezkoa denik kale-garbiketako langile guztiek euskara jakitea».

LABek ez du zalantzarik: «Egitura juridiko-politiko osoa eraikia dago euskararen normalizazio osoa ekidin eta euskaldunok euskaraz eroso bizi ahal izatea ezinezko egiteko. Epaiek argi eta garbi adierazten dute mugak zeintzuk diren: euskara eskakizun bakoitza justifikatu beharra dago, eta, hala ere, ez da beharrezkoa atal horietako langile guztiei eskakizunak ezartzea».

«Zergatik da diskriminatzailea euskara maila bat eskatzea eta ez deialdiaren oinarrietan ezartzen diren gainontzeko eskakizun guztiak? Argi dago hori soilik ikuspuntu ideologiko batetik kontsideratu daitekeela», dio sindikatu abertzaleak.

Irmoki salatu ditu bi epai hauek eta horiei erantzuteko deitu diren mobilizazioetara dei egin du.