Maite Ubiria

Maiatzaren Lehenean Baionan izanen den deialdi bateratuan izango da LAB, bazterketa gaindituta

Maiatzaren Lehenari begira luzaturiko deialdi bateratuaren parte izanen da, aurten, LAB sindikatua. Hala, bazterketa aroari amaiera emanez, CFDT, CGT, UNSA, FSU, Solidaires eta LABek berak osaturiko intersindikalaren izenean Baionan iraganen den mobilizazioa aurkeztuko dute heldu den astelehenean.

Bazterketa sindikala salatzeko, intersindikalak deituriko martxaren buruan jarri zen, iaz Baionan, Argitxu Dufau (LAB).
Bazterketa sindikala salatzeko, intersindikalak deituriko martxaren buruan jarri zen, iaz Baionan, Argitxu Dufau (LAB). (Guillaume FAUVEAU)

Azken urteotako Maiatzaren Leheneko deialdirik bateratuena aurreikusten da, aurten, Ipar Euskal Herrian. Izan ere, LAB sindikatua deialdi nagusitik kanpo uzteko garaiari amaiera emanez, apirilaren 15ean, CFDT, CGT, UNSA, FSU, Solidaires eta sindikatu abertzalearen ordezkariek Baionan aurkeztuko dute intersindikalaren izenean deituriko mobilizazioa.

Manifestazioa ez ezik, «herri sindikala» ere antolatuko dute Baionan, langileen aldeko eskubideak lortzeko bidean historian zehar garaturiko borrokaren balioa goraipatzeko balio duen egunean.

Bere sorreratik Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak hauteskunde sindikaletan zein mobilizazio nagusietan jasan izan duen bazterketa dinamika ahulduz joan da azken urteotan.

Ildo horretatik, intersindikalean parte hartzeko iaz sindikatu abertzaleak egin zuen eskaeraren ondotik, heldu den Maiatzaren Lehenean antolaturiko ekimenak abagune berria zabaldu dezake.

2023. urtean zehar erretreten erreformari aurre egiteko antolaturiko mobilizazio dinamika azkarraren baitan urtu zen, neurri batean, LAB alboratzeko estrategia.

Sindikatuek elkarrekin jardun zuten berdin azpiegiturak zein saltegien sarrerak blokeatzeko antolatu ziren operazioetan. Horrek ulergaitzagoa bilakatu zuen, LABek salatu zuenez, intersindikalak manifestazioak antolatzeko orduan ohiko ereduari heltzeko eginiko hautua.

Molde horren arabera, intersindikaleko kideak manifestazioaren buruan jartzen ziren, Baionan deituriko mobilizazioetan, LABeko militanteak gibelean utzita.

Alta, «inork ulertzen ez duen jarrera baztertzaileari aurre eginez», Ipar Euskal Herriko LABeko bozeramaleak Argitxu Dufauk urrats berria eman zuen, manifestazioa zabaltzen duen banderola nagusiaren ondoan jarriz.

2023ko martxoaren 28an gertatu zen, erretreten erreformaren aurkako hamargarren mobilizazio eguna kari. Bazterketaren garaia amaitzeko ordua zela agerian jartzea xede zuen ekimenari bortizki erantzun zion Force Ouvriere-ko txalekoa zeraman sindikalistak.

Erasoa manifestarien begi-bistan gertatu zen, eta hedabideetan oihartzuna hartu zuen.

Geroztik, sindikatu nagusien arteko harremanak bestelako norabidea hartu du.

Hala, heldu den apirilaren 15ean, Maiatzaren Lehena kari antolaturiko «egun bateratuari» buruz xehetasun guztiak eskainiko dituzte intersindikal berria osatzen duten sindikatuek Baionako Merkatu Plazan.

CFDT, CGT, UNSA, FSU eta Solidaires zentralekin batera, azko martxaren deitzaileen artean Ipar Euskal Herriko mapa sindikalean tokia apalagoa duten FO, CFE-CGC eta CFTC sindikatuak ziren.

Astelehenean iraganen den agerraldiaren berri emateko LAB sindikatuak helarazitako prentsa oharrean ez dira, ordea, sigla horiek agertzen.

Alda eta Bizi, justizia soziala eta klimatikoa aldarri

Maiatzaren Lehena sindikatuen dinamiketatik harago hiru lurraldetan bizirik diren dinamika herritarren isla bilakatu da azken urteotan Baionan.

Bilakaera hori baieztatu zuen iazko martxak. Aurten ere, LABen parte-hartzearekin berrosatu den sindikatuen aliantzak elkarlanean jardunen du beste hainbat eragilerekin.

 

Aldako kideak, Maiatzaren Lehena kari iaz Baionan antolaturiko martxan.
Aldako kideak, Maiatzaren Lehena kari iaz Baionan antolaturiko martxan.

Klima eta justizia soziala lehen lerroan emanez, Maiatzaren Lehenean Baionako karrikak hartzeko deia amankomuna zabaldu dute, gaur, Alda elkarteak eta Bizi! mugimenduak.

Gobernuak aurreikusitako egitasmoen aurrean, defizitari aurre egiteko beste bidea zuzenagoa badela aldarrikatuko dute bi eragileek.

Zehazki, aberastasun handiak dituzten herritarrei zergak igotzea galdetu dute.

Agiri baten bidez zehaztu dutenez, «etxebizitzaren krisia sekula baino bortizkiago ari delarik, pertsona aberatsenen %10ek ondasun higiezin guzien %44a berenganatu dute».

Era berean, «gero eta baldintza kaskarragoetan eginiko guztion lanaren fruitua gutxiengo batek bereganatzen segitzen duela, jendartearen kalterako eta gure planeta bakarra ezinbizia bilakarazi arren», oroitarazi dute.

10.000 milioi aurrezteko helburua finkatu berri du Bruno Le Maire frantziar Ekonomia ministroak aurten %5aren langa gainditu dezakeen defizit publikoari aurre egiteko.

Bestalde, langabezia sariaren iraupena murrizteko plana iragarri du Gabriel Attal lehen ministroak

Aldiz, «beste logika bat badagoela, ekonomia jendarte osoaren eta bereziki langile klaseen beharren zerbitzura ezartzen duena» defendatu dute Maiatzaren Lehenari begira eginiko deialdian Aldak eta Bizik.

«Zergapetu ditzagun aberatsak, irabaziak birbanatzeko eta justizia soziala eta metamorfosi ekologikoa finantzatzeko» proposatu dute, alternatiba gisa, aipatu eragileek.

Zerga iruzurrari eta kapitalen ihesaldiari aurre egitearekin batera, bestelako neurrien artean, oinarrizko kontsumoen gainean prezio progresiboak ezartzea galdetu dute.