NAIZ
Donostia

Bretxako merkatuak bere izaera berreskuratu dezan EH Bildu «funtsezkoa» izan dela nabarmendu du

Donostiako Bretxako merkatuaren kudeaketa publikoa berreskuratzea albiste ona dela uste du EH Bilduk, eta horretarako koalizioak egin duen lana funtsezkoa izan dela nabarmendu du. 1995ean pribatizatu zenetik gaurdainoko errepasoa egin du.

Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailea, otsailean eginiko agerraldian.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailea, otsailean eginiko agerraldian. (EH BILDU)

EH Bilduk txalotu egin du Donostiako Udalak bere gain hartzea Bretxako merkatua osatzen duten Arkoak eta Arraindegia eraikinen kudeaketa zuzena, urteetako pribatizazioaren ondoren. Gogoratu du koalizio independentistak «beti» defendatu izan duela eredu hori eta udal Gobernuan izan zenean ere eredu horixe aplikatu zuela. Azken urteetako «erabaki okerren» ondotik, 2023ko bukaeran hasi zen negoziazio prozesuan «konponbide hori jarri genuen mahai gainean», eta «EH Bildu negoziazio mahai horretan egon ez balitz, gaur beste egoera bati buruz ariko ginateke. Bretxak bere izaera berreskuratu behar du: merkatu tradizionalarena, hurbiltasunean oinarrituta. Era berean, bizilagunen beharrak asetu behar ditu, espazioak eta ekipamenduak haien beharretara egokituz. Beraien borondatea kontuan hartu behar da», adierazi du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak goizean eskaini duen agerraldian.

Gestio publikoa berreskuratzeko «azken hilabeteetako elkarlanak fruituak eman ditu, negoziazio prozesu honen hasieratik mahai gainean jarri genuen proposamenarekin adostasuna erdietsiz». EH Bilduk horren balioa azpimarratu eta formula hori donostiar zein Udalarentzat «onuragarriena» dela nabarmendu du, «interes orokorra partikularraren gainetik» nagusitzen delako.

Izagirrek atzera begiratu eta errepaso bat egin du, «egoera larri honetara zerk ekarri gaituen» ulertzeko. 90eko bukaeran Bretxa, San Martin eta Groseko merkatuak pribatizatzeari ekin ziotela gogoratu du, eta horrek bide eman zuela haien «esentzia eta izaera desagerrarazi» eta eraikin enblematiko horietan frankizia eta bestelako saltokiak instalatzeko, merkatuen berezko izaerarekin zerikusirik ez zutenak. «Donostiak hura guztia galdu zuen».

Bilduren udal Gobernuaren garaian, 2011-15 legealdian, berriro ere kudeaketa zuzena berreskuratzeko urratsa egin eta Arraindegia eraikinaren gestioa Udalak hartu zuen. Bertan anbulategia, kirol kantxa, gimnasioa eta erabilera anitzeko gelak adostu ziren herritarrekin. 2015ean obretarako finantziazioa bazegoela gogoratu du, baina urte hartan Udalean agintea aldatu eta «atzera pauso bat emanda, inbertsio funts baten esku utzi ziren berriro Bretxako eraikinen zein obren kudeaketa».

EAJ-PSEren Gobernuak hartutako erabaki hura «okerra» izan zela adierazi du Izagirrek, eta autokritikaren beharra nabarmendu. «Ezin da erantzukizunik saihestu Bretxari buruzko kontaketa egiterako orduan».

EH Bilduren bozeramaileak ordutik izandako «erabaki okerrak» zerrendatu ditu: lanen atzerapena, obrak erabat gelditzea, osasun zentroaren irekieraren atzerapena –2017rako aurreikusita zegoen–, baserritarren behin-behinekotasuna...

Nabarmendu du horrelako egoera baten aurrean «diagnostiko ona egitea, erantzukizunak onartzea eta arazoari modu kolaboratiboan aurre egitea» funtsezkoa dela auzia konpontzeko, eta helburu horrekin jarri zirela udal Gobernuarekin harremanetan, informazio eske. «Lan handia egin da, lankidetzan oinarritua eta diskretua», ziurtatu du. Halaber, indar abertzaleak denbora honetan guztian Parte Zaharreko «bizilagunen beharrak eta iritzia kontuan hartu dadila» defendatu du.

Izagirrek argi utzi nahi izan du EH Bilduk proposatu zuela Arkoak eta Arraindegia eraikinen zerbitzuak berriro lehiaketara ez ateratzea, Udalak bi eraikinak berreskuratu eta espazio horien zuzeneko kudeaketa bere gain hartzea, eta bere helburua «guztion ongizatea» dela erantsi du. «Gure betebeharra eta konpromisoa da Parte Zaharra eta Erdialdea bezalako auzoek historikoki aldarrikatu dituzten eskaerei erantzutea, eta gogotsu jarraituko dugu lanean».

Ildo horretan, datorren astean Bretxan postuak dituztenekin bilduko direla iragarri du.