NAIZ

Pasaiako Udalean euskararen aurka emandako bi epai gaitzesteko protesta egin dute

Pasaiako euskalgintzak eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, herri horretan euskararen normalizazioaren aurka eman berri diren bi epai salatzeko.

Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko elkarretaratzea Pasaian.
Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko elkarretaratzea Pasaian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pasaiako kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko eman berri diren bi epaiak salatzeko elkarretaratzea egin dute ostiral honetan.

Kontseiluak asteazkenan jakinarazi zuenez, berriki, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek Pasaiako Udalak 2023an egindako kale-garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman zituzten.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, lanpostuak betetzeko beste hainbat eskakizunen artean, euskarazko 1. hizkuntza eskakizuna (B1 maila) jarri zitzaien 2015. urtean hamabost lanposturi. Bada, epai horien arabera, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela.

Berriro ere euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren agerraldi baten aurrean gaudela azpimarratu zuen euskalgintzaren bilguneak.«Epairik epai jurisprudentzia eratuz, gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna».

Alderdi politikoei eskaria

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hurrengo Legebiltzarra aukeratzeko hauteskunde kanpaina betean gauden honetan, euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egin zien Kontseiluak datorren legegintzaldira begira oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten. «Zehazki, azken asteetan legelari adituek egindako proposamenen bidetik, eta Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma alda dezaten, gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Horixe da oldarraldiaren aurrean babesteko modua, eta hizkuntz berdintasunaren bermea abiatzekoa. Aurre egitetik aurrera egiteko urratsa».

Ildo horretatik, uste dute euskararen normalizazioak orain arte izan duena baino leku eta indar gehiago behar duela euskaltzaletasunean kokatzen diren alderdien kanpaina eta programetan.

Oroitu dutenez, iazko azaroaren 4ko manifestazio jendetsuan herritarrek sendo erakutsi zuten gai honek eragiten dien kezka.

Pasaiako Udalari babesa

Euskalgintzaren Kontseiluak bere babesa adierazi nahi izan zion Pasaiako Udalari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko. Halaber, alderdi politikoei eskatu zien adostasun zabal hori aintzat hartzeko eta euskararen normalizazioa bermatuko duten proposamen eta neurri bihurtzeko. «Ekarri dezatela euskararen normalizazio eta biziberritzea beraien agendetako lehen lerrora. Izan ere, euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak ematea da justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea, askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa, hain zuzen».

Udalak errekurritu egingo ditu epaiak

Pasaiako Udalak helegitea aurkeztuko du bi epaien aurka. EH Bildu eta EAJ udal taldeek agiri bateratua atera zuten epaiaren berri jaso eta beretala, eta bertan «euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat» jo zuten sententzia horien bidez «hizkuntza eskubideak zalantzan jartzea».

Deitoratu zuten epaiek ez dutela aintzat hartzen «euskararen eta gaztelaniaren bizikidetza errazteko azken 40 urteetan Euskadin garatu den legegintza prozesua, ez eta administrazioak egin duen bidea ere».

Nabarmendu zuten administrazioek «euskal herritarrei arreta emateko betebeharra» dutela, «aukeratzen duten bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan», eta, hortaz, herritarrek eskubidea dutela «euskal administrazioetan arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten aukeratzeko».