Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Zabala etsiezin batek dudaz bete du Elordi, baina txapeldunak lortu du lehen garaipena (22-20)

Egungo txapeldunak era askotariko sakeak egiten saiatu da partidaren lehen zatian, Zabalan dudak sartuz, baina errioxarrak buelta eman dio egoera horri tanto ederrak eginda eta, nahiz eta 21-15 galtzen joan den, amaiera arte aukera izan du neurketa irabazteko.

Aitor Elordi, pilota bat jotzeko momentuan.
Aitor Elordi, pilota bat jotzeko momentuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Javier Zabala modan dagoen pilotaria da. Hori denek dakite, eta baita Najerako aurrelariak ere. Final-zortzirenetan Mikel Urrutikoetxea kaleratu zuen eta ostiral honetan, final-laurdenetako ligaxkaren hasieran, ez zuen edonolako aurkaria aurrean. Egungo txapeldun Aitor Elordi izan du. Amaiera arte ez du etsi eta bizkaitarrak bere estatusa erakutsi behar izan du A multzoan lehen puntua eskuratzeko (22-20).

Eta nola gainera! Mallabiarrak oso ondo hasi du Ogetako neurketa. Modu askotariko sakeekin saiatu da mina egiten. Honek dudaz bete du Zabala, zeinek hasiera batean ezin izan dion aurre egin. Elordi 4-0 ipini da markagailuan. Hala ere, errioxarra partidan sartu da eta tanto ederrak egiteko aukera izan du, duela aste gutxi batzuk amaitu zen Binakakoan erakutsi zuen bezalaxe.

Horietako bat, adibidez, 8-5ekoan iritsi da. Abiadura handiko bi pareta batekin egin du tantoa urdinez jantzitako pilotariak. Baina Elordi ez zegoen prest gazteak aurrea hartzeko eta 11-5eraino joan da, tanto polit bat amaituz. Zerbaitengatik da egungo txapelduna, eta aurtengo bere lehen neurketan errekurtso nahikoak dituela erakutsi du. Eroritako pilota batean, lurretik dejada eder bat egin du zabalean.

12-7koan ere beste artelan bat eskaini du mallabiarrak dejada goxo-goxo batekin txokoan. Zabala korrikan atera da atzeko koadroetara Elordik pilota atzera bidaliko zuela pentsatuz, baina ez da hala izan eta aldeak handitu ditu.

Etsi gabe

Bazirudien bizkaitarrak partida kontrolpean zuela, baina Zabalak ez du inoiz etsi, eta horren erakusle da 14-11koa. Oso tanto gogorra izan da Elordirentzat, atzean asko defendatu behar izan baitu, eta atsedena eskatzen amaitu du.

Hortxe aprobetxatu du Zabalak neurketa berdintzeko (14-14), baina errioxarra ezin izan da aurretik ipini eta Elordik berriro alde egin du 21-15eraino. Neurketa apurtuta zegoela zirudienean, ordea, berriro agertu da errioxarraren indarra eta kemena, oraingoan Elordiri dudak pasatzeko.

Mallabiarrak azken unerarte sufritu behar izan du, baina Zabalak 21-21 berdintzeko aukera ederra zuenean, huts egin du. Ez du errematean asmatu eta Elordik atzean amaitu du ligaxkako lehen garaipena eskuratzeko.

PARTIDAKO FITXA:

Elordi: 22

Zabala: 20

Pilotakadak: 268. Iraupena: 54:32. Markagailua: 4-0, 4-3, 8-3, 8-5, 11-5, 11-7, 13-7, 13-10, 14-10, 14-14, 16-14, 16-15, 21-15, 21-20 eta 22-20. Sakez egindako tantoak: 5 Elordik eta 5 Zabalak. Jokoan egindako tantoak: 12 Elordik eta 10 Zabalak. Galdutakoak: 5 Elordik eta 5 Zabalak. Gertakariak: Giro ona Gasteizko Ogeta pilotalekuan Buruz Buruko final-laurdenetako ligaxkako lehen partida ikusteko. Lehen sakea gorriarentzat.