NAIZ

Energia berriztagarrien «zabalpen masiboren» aurkako manifestazioa Azpeitian

Lurraren Defentsan, Euskal Herria Bizirik Sareak manifestazio bat egin du larunbat honetan Azpeitian «trantsizio energetiko eta ekologikoaren izenean inposatu nahi dizkiguten berriztagarrien zabalpen masiboa» salatzeko.

Larunbat honetan Azpeitian egindako manifestazioa.
Larunbat honetan Azpeitian egindako manifestazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jendetza bildu da larunbat honetan Azpeitian Lurraren Defentsan, Euskal Herria Bizirik Sareak antolatutako manifestazioan parte hartzeko. Bertan salatu dituzte «trantsizio energetiko eta ekologikoaren izenean inposatu nahi dizkiguten berriztagarrien zabalpen masiboa, argindarra garraiatzeko autopista elektrikoak, abiadura handiko trena eta bestelako hamaika proiektu».

«Proposatu dituzten proiektuak egitea lortuko balute, gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriko paisaia betirako aldatuko litzateke; nekazal eta abeltzain lur-sail asko galduko genituzke; komunalak ere pribatizatuko lituzkete, jada martxan dagoen desjabetze etengabeko prozesua areagotuz eta horren larria den biodibertsitatearen galeran atzera pausu handiak emanez; finean, hondamendi ekologikoan sakonduz», adierazi dute.

Ohartarazi dutenez, «argi ikusten ari gara, egin nahi dituzten proiektu hauek instituzio eta enpresen elkarlanaren emaitza direla. Europatik hasi, espainiar eta frantziar Estatuetan jarraitu eta Nafarroako nahiz EAEko gobernuetan parte hartzen duten alderdi politiko guztiak itxuraz berdeak diren enpresen mesedetan ari dira lanean. Legeak onartuz, finantziazioa erraztuz, herritarron artean propaganda egin eta nahasmena sortuz. Era berean herri batzordeen erabakiak ari dira urratzen, autoritarismoari bidea ireki nahian».

Mobilizazio egunak ezinbestekoak direla esan dute, «instituzio eta enpresarien arteko aliantza honi aurre egiteko. Gero eta gehiago gara lurraren defentsan ari garen herritarrok, esparru askotatik, baserrian hasi eta akademian bukatu. Oso eremu ezberdinetako pertsonak elkartu gara egin nahi dituzten astakeria hauen dimentsioaz jakitun; eta lanean ari gara, lurraren defentsan mobilizatzeko prest».

Zentzu honetan iragarri dute Euskal Herria Bizirik saretik «lurraren defentsan aurrera jarraitzeko ardurari» eutsiko diotela: «Eta borrokarekin jarraitzeko maiatzaren 26an Kolitza mendira egingo dugun mendi martxa nazionalean parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu».