NAIZ

Ibai Azurmendik ibilbide profesionalari amaiera jarri dio, bihotz alterazio batzuen ondorioz

Ibai Azurmendi txirrindulari nafarrak bere ibilbide profesionalaren amaiera iragarri du. Otsailean, Galizako itzulian, «ezohiko sintomak» nabaritu zituen eta frogak egin ostean «bihotz alterazio batzuk» topatu dizkiote. Agur mezu bat zabaldu du sareetan.

Ibai Azurmendik ibilbide profesionalaren amaiera iragarri du.
Ibai Azurmendik ibilbide profesionalaren amaiera iragarri du. (Monika del Valle | FOKU)

Euskaltel-Euskadi taldeko Ibai Azurmendi txirrindulariak amaitutzat eman du bere ibilbide profesionala. Ez berak nahi moduan. Otsailean, Galizako itzulian «ezohiko sintomak» izan zituen leitzarrak, eta beharrezko frogak egin ostean «bihotz alterazio batzuk» topatu dizkiotela jakinarazi du astelehen honetan sare sozialetan.

«Hauek aztertu ondoren, segurtasuna ziurtatu ezin dela baieztatu genuen eta, medikuen gomendioei jarraituz, nire ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki dugu», adierazi du.

Onartu du «aste zailak» izan direla azkeneko hauek, «egindako froga guztiengatik eta txirrindulari profesional izaten jarraitzeko ametsa itzaltzen ikusteagatik». Hala ere, «harro» agertu da, «gehien gustatzen zitzaidanaz gozatu ahal izan dudalako». Zentzu horretan «pribilegiatu» sentitzen dela baieztatu du «ametsa egi bihutzeko aukera» izan baitu.

Eskerrak ere helarazi nahi izan ditu, «familiari, lagunei, taldeari eta beti laguntzen aritu zaidan jende guztiari». Euskadi Fundazioan hasi eta bukatu du bere ibilbidea eta horrek «ilusio berezia» egiten dio nafarrari. «Beti sentitu izan naiz familia batean eta oso lagun onak eramaten ditut hemendik».

Familiari «gaur egun naizen pertsona izaten laguntzeagatik» eman nahi izan dizkio eskerrak. Baita Mikel Landa txirrindulariari ere, Fundazioko presidente izanda garai batez, «nituen amets asko betetzeko aukera emateagatik eta bizi izan ditudan momentu txarretan beti laguntzeko prest egoteagatik». Julen Ucin medikua, Luis Astrain psikologoa eta Jorge Azanza zuzendaria ere izan ditu gogoan Azurmendik.

«Poztasuna bidean dagoela ikasi nuen, eta ez hainbeste helmugan. Horregatik, etapa hau ixten dut egunero gozatu dudala jakinda, azkena balitz bezala. Etapa berri bat, erronka berriekin, baina ziur nago errepideetan ikusiko dugula elkar», idatzi du nafarrak.