Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Berdintasuna eta zaintza, feminismoarekin edo gabe

Igandean gailentzeko aukerak dituzten bi taldeek ez dute berdin ulertzen feminismoa: EAJk berdintasuna bultzatzeko neurriak agertu ditu eta EH Bilduk egiturazko izaera aitortzen dio feminismoari. Ez dituzte maila berean aintzat hartu mugimendu feministaren zaintza-sistema eraldatzeko proposamenak.

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak iragan larunbatean Bilbon egin zuen agerraldia.
Denon Bizitzak Erdigunean plataformak iragan larunbatean Bilbon egin zuen agerraldia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Lengoaia garrantzitsua da eta ez da berdina «feminismoa» edota «berdintasuna» aldarrikatzea. Lehenengoa aldarrikatzeak dakar onartzea egiturazkoak diren zapalkuntza-sistemak daudela eta, beraz, esparru guztietan eragin dezaketela, elkar elikatuz, gainera. Sistema horiek –patriarkatua edo arrazakeria, kasurako– eraldatzeak errora jotzea beste aukerarik ez dakar, nahiz eta horrek ez duen apaltzen neurri koiuntural eta puntualen premia. «Feminismo» hitza baztertzen duen gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko aldarriak, berriz, ez dio hainbeste zapalkuntzen egiturazko izaerari erreparatzen eta sistema horien sintoma bistakoenak konpontzera dator normalean.

Hauteskundeetan gainerakoen aurretik izango diren bi alderdi nagusiek nola ulertzen duten feminismoa, edo noraino egiten duten bat aldarrikapen feministekin, argi ikusten da datozen lau urteetarako aurkeztu duten programetan. «EAJ-PNVren ustez, feminismoa estrategia politiko eta sozial bat da, gizarte osoak partekatu beharrekoa. Estrategia horren garapenak emakumeen eta gizonen eskubide-berdintasunaren defentsa adierazten eta inplikatzen du, benetan berdintasunezkoagoa eta bidezkoagoa den gizarte bat eraikitzeko. Xede transbertsala izaki, uste dugu ikuspegi feministak presente egon behar duela gainerako politika sektorialen agenda diseinatzeko eta garatzeko». Asmo hori dakar Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiak aurkeztu duen hauteskunde programan.

Bistan da, feminismoak gizartean tokia lortu duen neurrian, politika instituzionalak ere arreta handiagoa eskaini diola, baita EAJk ere: gero eta gehiagotan egiten dio aipamena feminismoari; hala egin du kanpaina honetan ere, baina distantzia handia mantenduz mugimendu feministarekin. Hala, hauteskunde programa osoan «feminismo» hitza hiru aldiz aipatzen du EAJk, eta hirurak “Berdintasuna. Beharrezko printzipioa” izeneko atalean: birritan, aipatu berri den paragrafoan, eta hirugarrena, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei erreparazioa eskaintzeaz ari den atalean. Izaera «transbertsala» duela dioen arren, soilik genero-berdintasunari eskaintzen dion kapituluan aipatzen du.

Atal honetan EAJk hitzematen du, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak murrizten jarraituko duela, genero-berdintasunak gizonei ematen dizkien onurak ikusarazteko politikak jarriko dituela martxan eta bere «ahaleginak» haurtzarora eta nerabezarora bideratuko dituela. Berdintasunari buruzko atalean, baina, ekinbide zehatz bakarra jasotzen du, iaz iragarri zuena: sexu-indarkeriaren biktimak artatzeko 24 orduko hiru zentro irekitzea.

Bestelako garrantzia hartzen du feminismoak EH Bilduren programan. Koalizio abertzaleak aparteko atal bat eskaintzen die politika feministei eta bertan, besteak beste, «gobernantza feministaz» ari da. Proposamenen artean, gobernuko sail guztiekin batera lan egingo lukeen politika feministen garapenerako sail espezifiko bat sortzea planteatzen du, baita berdintasun kontseilu bat eratzea ere aditu eta taldeekin batera, «gobernuaren politika feminista aztertu eta norabidetzeko marko» gisa funtzionatuko lukeena.

Baina politika feministei eskainitako atalean jasotzen dituen neurri zehatzez gain, Pello Otxandiano lehendakarigaiaren taldeak neurri feministak jaso ditu programaren gainontzeko ataletan ere, dela erronka demografikoa, dela trantsizio ekosoziala, dela hezkuntza hizpide dutenetan.

Horrela azaltzen du erabaki hau koalizio independentistak hauteskunde programan: «Beharrezkoa da feminismoak gure proposamen eta dokumentu guztietan ageriko lekua izatea; jardun politiko feminista integral baterantz trantsizioan jarraitzen dugun bitartean. Horregatik, estrategia dual bat kontuan hartuta, feminismoen atal espezifiko hau aurkezten dugu eta, aldi berean, hauteskunde-programa osoan neurri ezberdinek ikuspegi feminista eta intersekzionala izango dute eta kontuan hartuko dituzte biztanlerian zaurgarrienak diren edo baztertuta dauden kolektiboen beharrak».

Zaintza sistema

Feminismoaz hitz egin nahi bada, Euskal Herriko mugimendu feministaren azken urteotako borroka ildo nagusiari begiratu behar zaio: zaintza sistema publiko eta komunitarioa. Mugimendu feministak hartu du zaintza-lan doako eta ordainpekoen egiturazko aldaketa pentsatzeko eta alternatiba duinen aldeko bloke politiko, sindikal eta sozial askotarikoa artikulatzeko ardura, egungo sistema kolapsora bideratuta dagoela ondorioztatuta, eta azken legegintzaldian Lakua zuzendu duten taldeen joera pribatizatzailea kritikatu du sarritan.

Luze jo duen ardura horretan –pandemian sortu zen Denon Bizitzak Erdigunean plataforma eta honen bitartez hasi ziren egoeraren diagnosia osatzen– lidergoa izan dute feministek, eta lehenengo greba feminista orokorra egitera iritsi ziren, azaroaren 30ean, aurrez agente desberdinen artean adostutako Herri Akordio zabala lurreratzeko helburuarekin. Grebak ez zuen ezer bukatu, arduraren zati bat instituzioetara banatu baizik: agente desberdinen arteko elkarrizketa-mahai bat osa zedila; hori zen euskal instituzioei egin zieten lehenengo eskaera.

Hori guztia kontuan hartuta, mugimendu feminista litzateke Lakuako Gobernuaren hizketakide zuzenena, baldin eta zaintza-sistema eraldatzeko bidea inplikatutako agenteekin era horizontalean egin nahi badu. Baina elkarrizketa-mahaia osatzeko eskaeren erantzunaren zain dago grebaren biharamunetik.

Hauteskunde programak begiratuz gero, EAJk garrantzi berezia ematen dio etxean zainduak izan nahi duten herritarren (adinduen, batez ere) nahia errespetatzeari, eta hori bideratzeko erakundeen arteko koordinazioa sendotuko lukeela dio programan. Atzo Usurbilen egindako ekitaldian, halaber, Bakartxo Tejeria EAJko Gipuzkoako zerrendaburuak azpimarratu zuen zaintza «ondasun komuna eta erantzukizun kolektiboa» dela. «Horregatik, EAJk gure adineko pertsonen duintasuna eta autonomia bultzatuko dituen zainketa-eredu bat sustatu eta bultzatzen jarraituko du», adierazi zuen.

Bestalde, otsailean, Zainketen Aldeko Euskal Ituna aurkeztu zuten Lakuak, EAEko aldundiek eta hiriburuek, alde bakarrez, mugimendu feminista eta hark ondutako Herri Akordioa aintzat hartu gabe. Bertan, hamalau konpromiso bildu zituzten eta zaintza eredu «inklusiboagoa, bidezkoagoa, feministagoa eta jasangarriagoa» bilakatzeko «bide-orria» izango dela iragarri zuten.

Konpromiso zehatzik ez du jasotzen itunak, eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformak agerraldia egin zuen joan den larunbatean, kanpaina betean, EAJ eta PSEren Gobernua bere aldarriak «neutralizatzen» ari dela salatzeko. Hala esan zuten: «Askotariko eragileen artean adostasunak bilatzen eta neurri konkretuak planteatzen ari garen honetan, diskurtsoa lapurtu nahi diguzue, inolako planteamendu errealik egin gabe».

Nabarmena da azken legegintzaldian Lakuako Gobernuak mugimendu feministarengandik aldentzeko hautua egin duela. 2020ko hauteskunde autonomikoetarako aurkeztu zuen programan, EAJk aipamen bakarra egin zion feminismoari: mugimendu feministarekin aliantzak sendotzeko konpromisoa hartu zuen orduan. Oraingo zikloko programan, aldiz, ez dio lankidetza horri inongo aipamenik egiten, ezta PSE gobernukideak ere. Gainerako taldeek, Vox ultraeskuindarrak salbu, mugimendu feministarekin lankidetza eta elkarrizketa aktibatzeko neurriak aurreikusten dituzte.

Hala egiten du EH Bilduk, EAJrekin batera igandeko bozak irabazteko lehian den koalizioak. Mugimendu feministaren kritikekin bat dator –programan aipatzen du azken hamarkadetan ireki diren 280 egoitzen artean 80 soilik direla titulartasun publikokoak– eta haren eskaerari erantzuten dio zaintza-sistemari buruzko lehen puntuan: Zaintza Sistema Publiko Komunitarioari buruzko Herri Ituneko Mahaia osatuko lukeela jasotzen du.

Ildo horretan, Oihana Etxebarrieta EH Bilduren kanpainako bozeramaileak, atzo Zumaian egindako ekitaldian, iragarri zuen mahai horretan «zaintzaren unibertsaltasuna» bermatuko lukeen lege berri bat adosteko bidea egingo lukeela koalizioak, honako helburuekin: «Premiazko gaiak, hala nola mendekotasun- eta ezgaitasun-mailak onartzeko epe objektiboak ezartzea, zaintza zerbitzuen estaldura berriak eta lurraldeen arteko orekarako bide-orria zehaztea, gizarte-zerbitzuen sistema merkatutik kentzeko prozesua amaitzea eta zainketen sektorean lan-baldintza duinak ezartzea».

«Zaintzaren krisi sakon batean murgildurik gauden honetan, eta Mugimendu Feministak Zaintza Sistema Publiko Komunitario bat eraikitzeko bidean erakunde publikoak interpelatu dituen honetan, zaintza beharrezkoa den ondasun unibertsal bezala onartu, zaintza lanak familia eremutik atera eta zaintzen duten erakundetzeak sortzea da herri bezala dugun premia handienetako bat. Horretan, ezin- bestekoa izango da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eraldaketa sakona», defendatzen du EH Bilduk bere programan.