«Chima [Moneke] ez dago jokatzeko eta, beraz, ez du jokatuko, baina aurrez ere sekula ez dugu negarrik egin eta bihar [ostiralean] ere dugu bat falta delako negarrik egingo». Horra Dusko Ivanovicen esaldia Virtus Boloniaren aurka jokatu bezperan falta zen zalantza argitzeko orduan. Nigeriako hegal-pibotak ezingo du lagundu Saski Baskonia Euroligako azken laurdenetara sailkatu edo kalera bidaliko duen dema handian, orkatila bihurritu zuelako Maccabiren aurka asteartean.
Zirt edo zart, kale edo bale, diote euskarazko zenbait esakunek. Bada, hori izango du talde gasteiztarrak ostiralean 20.30etatik aurrera. Egia esan, ez da sorpresa bat ostiraleko dema hau jokatu beharra, ez bada arerioaren izena; hau da, Maccabiren aurka galtzea posible zatekeen –ez agian 113-85 bezalako jipoia jasotzea–, baina inork gutxik emango zukeen ogerleko zaharren bat Luca Banchiren taldearen alde; izan ere, italiarrek Euroligako Fase Erregularreko azken zazpi norgehiagokak galdu zituzten eta final-laurdenak jokatzeko lekua irabazita zuela zirudienean, justuan hamargarren postuan amaitu dute, hain zuzen azken jardunaldian Saski Baskoniaren aurka 91-95 galdu eta gero. Aldiz, Anadolu Efes, xanpainaren aparra bailitzan behetik gorantz zetorren eta aditu zein zalen gehienen ustea zen ostiraleko dema, jokatzekotan, Shane Larkin eta enparauen aurka jokatu beharko zela.
Ez ordea! Tornike Shengelia, Marco Belinelli, Achille Polonara eta gertutik zaindu beharko den Iffe Lundberg eta enparauak etorriko dira Buesa Arenara, eta ez arratsalde pasa, ziurrenik, Istanbulen lorturiko ezusteko garaipenaren aparretan, azken laurden hain desiratu horietara sartzeko nahian baino. Pentsa, Virtus Boloniak Euroligako azken laurdenak 2002an jokatu zituen azken aldiz eta handik aurrera, azken urteotako «berpizkundea» erdietsi arte, sekulako gurutze-bidea izan du Emilia Romagnako taldeak.
Eta zer da kontua, eta Chima Moneke gabe aurre egin behar! Alegia, hegal-pibot nigeriarrak batez beste lortzen dituen 13,6 puntuak eta 6,6 erreboteak beste nolabait lortu beharko ditu talde gasteiztarrak. Egia da, bai, Markus Howard kantxan dela eta azken egunetan Codi Miller-McIntyrek erakutsi duen joa eutsiz gero, puntu horiek zeinek sartu badagoela, eta errebotea zaintzeko orduan, berriz, inor gutxi Tadas Sedekerskis baino. Are, Bolonian jokatu zen partidan, Shengeliak gorriak ikusi zituen Sedekerskis taldekide ohia gainditu ahal izateko eta, aldiz, Monekeren aurka askoz erosoago jokatu zuen.
Ikusi egin behar zeinek hartzen duen Sedekerskisen lekukoa lituaniarrak atseden hartzen duen tartean. Baliteke Costelloren aldeko hautua egitea eta barruko jokoa Sedekerskis, Costello eta Kotsar hirukotera mugatzea, eta posible izan liteke ere Dani Diez hegaleko espainiarrak hegal-pibot lanak egitea ere. Jakina da Dusko Ivanovic ez dela errotazio zabalegien laguna eta gainera, aztikeria badirudi ere, ez litzateke aurreneko aldia izango zeinetan Baskoniak maila hobea ematen duen jokalari garrantzitsuren baten hutsunea izan arren.
«Falta zaiguna zaleek emango digute. Hauxe lortzeko egin dugu lan: final-laurdenetarako txartela lortzea gure eskuetan egon dadila eta gure zaleen aurrean. Irabazteko presioa talde biek dugu, baina nik presioaren alde onari begiratu nahi diot: egon nahi genuen lekuan gaude eta zaleekin bat eginda; denok elkarrekin egingo dugu azken laurdenetarako bidea», laburbildu du ostiraleko partidaren garrantzia, hutsuneak hutsune, Dusko Ivanovicek.
Gaitasun fisikoa, ezbaian
Talde bien gaitasun fisikoa ezbaian dago partidaren bezperan. Virtus Boloniak lan handia egin behar izan zuen Anadolu Efesi irabazteko. Baskoniaren aurka galdu zuen deman ere garbi ikusi zen Luca Banchirenek erasoko errebotea dutela defentsako aurreneko lerroa. Bigarren laurdenean 51-38 aurreratu ziren italiarrak erasoan asmatzeari esker ez ezik, erritmoa ezartzen asmatu zutelako. Hirugarren laurdenean, aldiz, gain behera egin zuten, batez ere defentsarako bidean –«atzerantz korrika egitea» deritzon horretan– gabezia handiak erakutsi zituztelako.
Baskoniak atzetik aurrera egin zuen tarte horretan jokaldi eredu bat nagusi izan zen: italiarren jaurtiketa txarra, Sedekerskisen errebotea, Codi Miller-McIntyren saskiratzea edo asistentzia trantsizio azkar baten ostean. Zentzu horretan, berriz ere azpimarratu behar da Sedekerskisek egin zuen lana Tornike Shengeliaren aurrean, Georgiako hegal-pibotak Monekeren aurka gasteiztarren defentsa desorekatzen zuen bitartean, lituaniarraren kontra ez zuelako halako arrakastarik lortzen.
Bestetik, esan gabe doa Baskoniak partida erdi baino gehiago Moneke gabe jokatu zuelako Maccabiren aurka, eta egia bada ere ordurako neurketa hautsita zegoela, 20 minutu horietako esfortzuak erasanik sor lezake ostiral gauerako, batez ere neurketa parekatua badoa azken minutuetan.
Kasu horietan, freskotasun fisikoa eta jokalarien talentuak erabakiko du. Saski Baskoniak aspalditik Markus Howard aurkitu du jaurtiketa «irabazleak» sartzeko. Virtus Boloniak, berriz, Iffe Lundberg du «espezialista» halakoetan, Anadolu Efesen aurka erakutsi zuen moduan.
Ordutegi aldaketa
Bide batez, ACB Ligari lotuta, esan behar Saski Baskoniak Gironaren aurka maiatzaren 5ean jokatu beharreko neurketak ordutegi aldaketa izan duela. Hasiera baten 12.30etan jokatzekoa bazen ere, azkenean 17.00etan hasiko da, ACB Ligak berak aditzera eman duenez.
Gogoan izan behar da neurketa hau baliatuko duela talde gasteiztarrak Tiago Splitter brasildarraren 21 zenbakidun kamiseta erretiratzeko.