Jarraikortasunarekin eta konfiantzaren depositua goraino beteta, Iñaki Artolak garai batean aurrera egitea oztopatzen zizkioten beldur eta zalantzak bazter batean utzi ditu eta atzerako ispiluetan begiratzeko inolako tentaziorik gabe, alegiarra finalerdietatik bertan da –Ezkurdiak Zabalari Iruñean irabazita matematikoki–, Azkoitian Aitor Elordi txapelduna txiki utzi eta gero. Berezko ahala eta sasoia galdu gabe, txintxarria ausart eta eraginkor aritu da errematean, aurrera egiteko inolako beldurrik gabe, eta baita eraginkor ere, tantoa edozein posturatan amaituta; zortzi tanto egin ditu airez, era guztietakoak, bi paretaz beste bat eta baita atzean hiru ere, tartean 21-8koan jotako errebote garbi bat. Taktikoki bikain, gaurkoan solte aritu da, ez du sarri aurrera pauso hori ematea galarazi dion ezer topatu eta erabateko erabakitasunarekin, sekulako erakustaldia eman du.
Lehen sakea txapeldunarentzat izan bada ere, bizkaitarrak ez du lehen pilotakadarekin arerioa estutu eta partidaren ekimena erabat izan da Iñaki Artolarena lehen tantotik. Ideiak oso argi, fresko eta errematean erabat asmatuz ekin dio alegiarrak lehiari eta 2-1ekoan pilota bat erori zaion arren, perfekziotik gertu aritu da, Aspekoa erabat mendean izan eta markagailuan alde handiak lortuz.
Aurkariak ez bezala, sakearekin asmatuz –gehienetan luze eta ezker pareta bilatuz– Elordi hankapean erabili du, alderik alde mugitu eta ezkerrez botera jokatu arazten, erasorako aukerak sortzeko. Sake erremateetan dejadaz ere zenbait tanto eginda, berehala hautsi du partida erasorako apenas aukerarik izan duen Elordiren aurka (1-8 eta 2-16).
Aitor Elordi, bere aldetik, txanpon beraren beste aldea izan dela esan genezake, errestoan asmatu ezinda, pausoa atzerantz emanda eta botetik erasora pasa ezinda. Izan du, partida oso maldan gora zuela, erreakzio txiki bat, gehienbat sakearekin gehixeago asmatu duelako, baina markagailua apur bat txukundu baino ez du egiterik izan, parean Iñaki Artola handi bat izan duelako.
Zubizarreta, sukarrak jota
Promozio txapelketan, Julen Egigurenek oso bideratua du finalerdietarako txartela, nahiz eta bigarren puntua ez duen nahi lukeen moduan eskuratu. Kontua da gaur bere aurkari izan behar zuen Iraitz Zubizarretak, sukarrak jota, ezin izan duela gaur Azkoitian egon eta hortaz, garaipena azpeitiarrarentzat izan da 22-0eko emaitzarekin.
FITXA TEKNIKOA:
Elordi: 8
Artola: 22
Iraupena: 40 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-8, 2-8, 2-16, 6-16, 6-17, 8-17, 8-22. Sakeak: 1 Elordik eta 4 (pasa 1) Artolak. Egindakoak: 4 Elordik eta 16 Artolak. Galdutakoak: 2 Elordik eta 2 Artolak. Gorabeherak: Sarrera polita Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Garikoitz Txakartegi aritu da Ailor Elordi ilobaren botilero lanetan eta Iker Iriarte aritu da Iñaki Artolarekin. Lehen sakea gorri.