NAIZ

Kanporaketak jokatzeko, etxeko lanak Ibaeta Basketentzat eta miraria Gernikarentzat

Donostiarrek Lugoko Ensinori irabaziz gero zazpigarren postua bermatuko dute. Galduz gero, Ferrolen emaitzaren menpe leudeke donostiarrak. Gernikak, berriz, Salamancan liderrari irabazi behar dio nahitaez eta, gainera, Ensino zein Ferrolen porrota behar du sailkapeneko zortzigarren postura iristeko.

IDK Euskotrenek play-offetan egoteko askoz aukera handiagoa dauka Lointek Gernika Bizkaiak baino.
IDK Euskotrenek play-offetan egoteko askoz aukera handiagoa dauka Lointek Gernika Bizkaiak baino. (Gorka RUBIO | FOKU)

Larunbat arratsaldeko 19.00etan jokatuko dira Emakumeen Endesa Ligaren Fase Erregularreko azken jardunaldiko partida guztiak. Kutxabank Araskik ez du ezertxo ere jokoan eta, beraz, talde gasteiztarrak denboraldiari agur esango dio Murtziako Jairisen aurka Mendizorrotzan. IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, titulurako kanporaketetan egoteko abagunea izango dute, donostiarrek batik bat eta, bada, gauza asko jokoan izango dituzte.

Baina askoz lantegi zailagoa izango dute bizkaitarrek Perfumerias Avenida liderraren aurka jokatu behar dute-eta. Lucas Fernandezen emakumeek nahitaez irabazi beharko diote jarraian 12 garaipen pilatu dituen Perfumerias Avenidari Salamancan eta horrez gain, Lugoko Ensinok Donostian IDK Euskotrenen aurka galdu egon beharko du eta baita Baxi Ferrolek ere etxean Estudiantesen aurka. Aurkari zuzen guztien kontra puntu aldea galduta dauka talde bizkaitarrak eta, beraz, aipatu «karanbola» hori gertatu ezean, Top 8tik kanpo geratuko da Lointek Gernika Bizkaia, Emakumeen Endesa Ligara igo zenez geroztik lehenengo aldiz. Hori gertatuz gero, gainera, ia ziur datorren denboraldian Women Eurocupean ere ezingo du parte hartu.

Datorren urtean Europara itzultzea da, bestalde, IDK Euskotrenen helburuetako bat. «Zortzi onenen artean Fase Erregularra amaitu, play-offetarako sailkatu eta datorren urtean, Europan jokatu; horixe da gure xedea eta hargatik, sekulako garrantzia ematen diogu larunbateko partidari», adierazi du neurketa bezperan Maria España taldeko kapitainak.

«Irabazten badugu ez dago beste konturik egin beharrik. Baina noski, play-offetarako sailkatzeko, ia play-offetako partida bat irabazi beharko dugu.Oso partida gogorra espero dugu, ondorioz, ‘bakoitzak bere burua salba dezala’, eta gailentzen dena aurrera. Eta bestela, ikusi egin behar», gehitu du Lara Gonzalez antolatzaile donostiarrak.

Uneotan zazpigarren postuan daude donostiarrak, 15-14 balantzearekin, Ensino eta Ferrolek baino garaipen bat gehiago dutela eta Lointek Gernika Bizkaiak baino garaipen bi gehiago pilatuta. Galduz gero ere –zortzi puntu edo alde handiagoaz–, Azu Muguruzarenek play-offetan lekua izan lezakete, baldin eta kasu horretan Ferrolek galduko balu, osterantzean kanpoan geratuko liratekeelako. Horrez gain, seigarren posturaino igo litezke ere gipuzkoarrek, baldin eta Ensinori irabazteaz gain, Araskik Jairisi irabaziko balio eta Estudiantesek Ferroli.

«Ez dugu ez denborarik ezta gogo handirik ere kinielak egiten hasteko. Gurearekin badugu nahikoa lan», zehaztu du Maria Españak aukera ezberdin horien harira.

Pasa den abenduaren 16an 58-65 irabazi zuen talde donostiarrak Lugon. Nolanahi, Lara Gonzalezen iritziz, neurketa hartako emaitza ez da zapaturako baliagarria. «Duela lau hilabeteko kontua da eta partida hark garrantzia izan bazuen ere Kopara begira, oraingo honek askoz garrantzia handiagoa du. Nik behintzat ez diot lehenengo itzuliko partidarekiko zerikusirik bilatuko».

Antolatzaile donostiarren ustez, erritmoa hobekien kontrolatzen duen taldeak irabaziko du. «Ensinori asko gustatzen zaio korrika egitea eta guri, berriz, erritmoa kontrolatzea hobeto datorkigu. Baina besteren gainetik defentsako lana dago. Defentsan fin gabiltzanean erasoan ere aurkitzen ditugu irtenbideak; defentsan kale egiten badugu, berriz, erasoan ere huts egiten hasten gara. Partida, play-offak... dena bide horretatik joango da», amaitu du.

Zazpigarren amaituko balute donostiarrek, Valentzia Basket izango lukete final-laurdenetan. Lointek Gernika Bizkaiak zortzigarren postua erdietsiko balu, berriz, Perfumerias Avenida izango luke berriro aurrez aurre kanporaketetan. Kasualitateak nolakoak diren, Kopan izan zituzten aurkari berberak izango lituzketela liga txapelketan ere.