Jon Ormazabal

Berriz ere lehiakor izatera itzuli gabe agurtuko du Ezkurdiak Buruz Burukoa

Pilotakada ikusgarririk jo beharrik gabe eta partida erdia eskuina lokartua zuela, Javi Zabalak nahikoa izan du partida serio bat jokatzea azken jardunaldira aukera guztien jabe iristeko.

Javi Zabalak nahikoa izan du partida serio bat egitea bizirik jarraitzeko .
Javi Zabalak nahikoa izan du partida serio bat egitea bizirik jarraitzeko . (Iñigo URIZ/FOKU)

Matematikek agian gordeko diote aukera txikiren bat, baina inoiz sartu bazen, lehiakor izatera itzuli gabe agurtuko du Joseba Ezkurdiak aurtengo Buruz Burukoa, jokatutako bi partidetan aurkaria baino askoz gutxiago izanda. Gaur Iruñean, Javi Zabalak nahikoa izan du gauzak txukun egitea –pilota eskuinez ezker paretan sartzean aritu da hobekien– garaipena espero baino errazago eskuratu eta azken jardunaldira aukerekin heltzeko. Bi aste izango ditu errioxarrak Iñaki Artolaren aurkako partida prestatzeko eta ondo etorriko zaio denbora hori, partida erditik aurrera eskuina kili-kolo zuela aritu baita.

Hala ere, bere garaipena ez da inongo momentutan zalantzan egon, Joseba Ezkurdia ez delako %100ean partidan sartu. Lehen tanto piloteatu batean pilotak zabalera ihes egin dio eta burumakur aritu da partida osoan zehar. 3-6ekoan eskatu dute arbizuarrak eta gaur botilero izan duen Peio Etxeberriak lehen atsedenaldia eta ultzamarrak pausoa aurrera egin eta tantoa amaitzen saiatzeko esan dio, baina bada sakandarrari hori egiten galarazten dion zerbait. 2022ko Lau eta Erdiko finala irabazi zuenetik burua altxa ezinik dabil Ezkurdia, tantoa amaitzeko izugarrizko zailtasunekin eta gaurkoa ez da salbuespen bat izan.

Airez tantorik ez

Sarri aipatu dugu ezker gantxoa izaten dela arbizuarraren sasoiaren termometrorik fidagarriena eta gaurkoan ere airez tantorik egin gabe amaitu du eta horrela ezinezkoa da partidarik irabaztea. Triste, jokoaren ekimena ezin harturik aritu da nafarra partida osoan zehar eta Zabalaren meriturik handiena, ziurrenik, aurkariaren ezinarekin ez kontagiatzea eta berean serio jardutea izan da.

Are gehiago, 6-16ekoan eskuin eskuak lo hartu diola kontuan izanda. Gaurkoan apenas jo du zurrumurruak altxatzen dituen pilotakada ikusgarririk, baina beharrik ere ez du izan. Nahikoa izan du pilota luzatu eta ezinean aritu den Joseba Ezkurdiaren hutsari itxarotearekin.

21-8 aurreratu ostean, Ezkurdiak amaieran izan du erreakzio oso txiki bat, baina iazko Promozio mailako Larrazabalen aurkako mamuei agertzeko aukerarik eman gabe, Zabalak garaipen erosoa eskuratu du.

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia: 11

Zabala: 22

Pilotakadak: 201. Iraupena: 43,44 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-5, 3-5, 3-10, 4-10, 4-13, 6-13, 6-18, 8-18, 8-21, 11-21, 11-22. Sakeak: 3 Ezkurdiak eta 4 Zabalak. Egindakoak: 5 Ezkurdiak eta 10 Zabalak. Galdutakoak: 8 Ezkurdiak eta 2 Zabalak. Gorabeherak: Sarrera bikaina eta giro beroa Labriteko harmailetan. Peio Etxeberria aritu da Joseba Ezkurdiaren botilero lanetan eta Xabi Rekalde Javi Zabalarekin. Lehen sakea urdin.