Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Eneko Sagardoy
Aktorea

«Poza da ozeanoaz bestalde norbait nire proposamenaz interesatzea»

Pauso irmoz ari da bidea egiten Eneko Sagardoy. Roland Emmerichen aginduetara aritu da. Ozeanoaz gaindi irits daitezkeen proiektuei irrikaz begiratzen die, etxekoak alboratu gabe. Edouard Louisen larruan sartu da Tanttakaren antzezlan berrian eta Asier Altunaren aginduetara filmaketa hasi berri du.

Eneko Sagardoy, Tanttakaren obraren une batean.
Eneko Sagardoy, Tanttakaren obraren une batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Gaur ez dugu entsegurik, baina ni prestatzen geratuko naiz antzokian; geratu ezina da nirea», esan zigun etsipen puntu batez Eneko Sagardoyk Tanttaka konpainiako kideek hedabideontzat prestatutako emanaldi grafikoaren ostean. Grabagailuaren ‘on’ botoia sakatu aurreko aitorpenak lehendik bagenekiena berretsi digu. Interpretazioari emana bizi da durangarra. Kontsekuentea izatea da mundu honetan ezer zailik badago eta bera bada sentitzen duen pasioarekiko. Kosta ahala kosta.

Ez da nolanahikoa Sagardoyk esku artean duen proiektua. Edouard Louis gorpuzten du agertokian ‘Lucha y metamorfosis de una mujer’ antzezlan berrian. Frantziar jendartea astindu zituen bere debutean Frantzia sakoneko herri industrial batean haur gay gisa jasan zuen jazarpena eta isolamendua islatzean. Eta bide berari jarraitu dio.

«Literaturak pertsonala denaren eta politikoa denaren arteko muga ezabatzen du». Louisen hitzak dira. Idatziz uxatu ditu barne demonioak. Bere bizipen propioetan aztarrika. Oka egite hutsaz harago, hausnarketara eta kritika sakonarako bide ematen dio autoreari sorkuntzak. Bere buruaz, ingurukoez zein gizarteaz. Zer pentsa eman dio irakurleari ‘En finir avec Eddy Bellegeuele’ (Eddyrekin amaitzeko), ‘Histoire de la violence’ (Biolentzia baten historia), ‘Qui a tué mon père’ eta ‘Combats et métamorphoses d'une femme’ (Emakume baten borroka eta metamorfosia) liburuez osatutako tetralogiak.

Abusu eta laido artean hazi den haurra idazle homosexual emantzipatua bihurtzen denekoa kontatzen du lehen liburuak. 2012ko Gabonetan jasan zuen bortxaketa eta hilketa saiakera du ardatz bigarren nobelak. «Jazarritako beltz batek amarekin parteka dezake; marika batek, ez», esana du idazleak.



Aitari eskaini zion hirugarren eleberria eta amari idatzitako liburuarekin itxi zuen tetralogia. Gizonezkoek bortxaz menderatua eta umiliatua, 45 urterekin askatasun bidean den emakumeari.

Sagardoy aspaldi murgildu zen Louisen obraren lerro artean. «Konfidentea izan da niretzat, proiektu hau baino askoz lehenago. Arrazoi askorengatik, bere orientazio sexuala, bere sentsibilitate artistikoa eta guzti, oso identifikatuta sentitzen nintzen eta bere liburuek urteetan lagundu didate. Nire bizitzaren oihartzunak aurkitu ditut bere testuetan, galderak, eta erantzunen bat ere bai; niretzat ia saihetsezina da autore hau irakurtzea», adierazi zuen aurkezpenean. «Indarkeriak zeharkatzen duen pertsona da obraren protagonista. Aita alkoholikoa du, ama erasotakoa eta erasotzailea da, eta anaia ere bortitza. Obrak gogoetara gonbidatzen gaitu. Louisek amarekin duen harremanari buruzko hausnarketari ekiten dionean konturatzen da bere identitate sexualagatik, klase sozialagatik eta, are gehiago, bere itxuragatik indarkeria jasanagatik berak ere eragiten diola indarkeria amari, izan kontzienteki ala inkontzienteki. Seme edo marika izateak ez du eragozten indarkeria matxista eragitea. Gizon izaten jarraitzen dugu, eta planifikatutako egiturazko indarkeria da, eta ez da inor libratzen», adierazi dun.

A ze gozamena idazle argi, sentikor, kritiko, autokritiko... baten laneko protagonista gorpuztea, ezta?



Bai. Jada gozamena da zure etxean, inongo antzezlanean pentsatu gabe, liburua irakurri eta gustuko duzunean, liburua bat-batean oholtzara eramateko aukera izatea. Ikaragarria da. Gustagarritasuna edo emozioa lehenagotik dator, obra bat bezala pentsatzen ez zenuenetik. Ez da bakarrik obra honekin. Berak egin duen tetralogian harreman guztiak deskribatzen ditu: amarekin, aitarekin, anaiarekin... baita instituzioekin ere. Bere bizitzaren erradiografia oso interesgarria egiten du. Bizitzaren inguruan eta berarengandik igaro diren biolentzia guztien inguruan.

«Gozamena da zure etxean, inongo antzezlanean pentsatu gabe, liburua irakurri eta gustukoa duzunean, liburua bat-batean oholtzara eramateko aukera izatea»

 

Indarkeriak zeharkatzen duen pertsona da obraren protagonista. Aita alkoholikoa du, ama erasotua eta erasotzailea, eta anaia ere bortitza. Obrak gogoetara gonbidatzen gaitu. Konturatzen da berak ere eragiten diola indarkeria amari, izan kontzienteki ala inkontzienteki. Seme edo marika izateak ez du eragozten indarkeria matxista eragitea.
 Louisek amarekin duen harremanari buruzko hausnarketari ekiten dionean ulertzen du, nahiz bere identitate sexualagatik, klase sozialagatik eta, are gehiago, bere itxuragatik indarkeria jasan duen, horrek ez diola bere amaren aurkako indarkeria erabiltzea eragotzi. Batzuek zalantzan jartzen dute gay izateagatik matxista izan ahal izatea. Bai, noski, gizon izaten jarraitzen dugu, eta hori planifikatutako egiturazko indarkeria da, eta ez da inor libratzen.

Asko gustatzen zait Tanttakaren muntaketa, gai hauen inguruan badagoelako beti joera ondo bukatzeko eta denok azalpenak eman nahi izateko, pertsonaia bakoitza, nahiz eta gauzak gaizki egin, erredentzio batera hurbiltzeko. Horretara bideratuta egon dira testu asko eta asko. Eta kasu honetan ez da horrela. Tragedia izan arren, familia ikaragarria tokatu zaiolako, distantziak ematen du halako hoztasuna. Ez da melodrama. Baina, era berean, berak oso analisi kirurgikoa egiten du bere buruarekiko, justua izaten saiatzen delako bere amaren aurrean. Eta justua izate horretan topo egiten du bere inkoherentzia askorekin eta galdera potolo askorekin. Bere amaren existentzia kolokan jartzen du eta baita berea ere. Bere hautuak, bere pribilegio berriak... Ez da tesi bakarrera zuzentzen den obra eta horrek interesgarriagoa egiten du niretzat lana.

Pertsonalki nola bizi izan duzu idazlearen pertsonaia eraikitzeko bidea?

Batetik, izan da ulertzea zer suposatzen duen ama batengandik hainbeste urruntzeak. Eta bizi osoan ezagutu duzun pertsona, ama, aldatzen ikustea. Eta aldaketa horretan traiziorik ez sentitzea. Edo epaile ez sentitzea. Nolabait amatasun horretatik hustu eta pertsona libre eta autonomo moduan ikustea. Hori dena erronka izan da. Barkamena, errua, damua... hiru hitz hauek bi norabidetan doaz denbora guztian. Amagandik semearengana eta semearengandik amarengana. Guzti hauek dosifikatu egin behar izan ditugu gaurkotasun bizigarri bat irudikatzeko eta era berean ez erromantizatzeko. Oso neurtuta joan behar izan dute elementu hauek? 



Roland Emmerichen (‘Godzilla’, ‘Independence Day’) aginduetara aritu zara ‘Those about to die’ telesailean. Zer moduzko esperientzia? 

Ikaragarria izan da! Ia urte guztia, zortzi hilabete, bertan pasa nuen filmaketan.



Kontratu mugagabea ia...

Bai, kasik. Fijo sentitzetik hurbil, bizitza osoan egon naizen hurbilen [irribarrea]. Izugarria izan zen. Alde batetik, Hollywoodeko superprodukzio bat Erroman. Horrek suposatzen duen guztiarekin baliabideen  aldetik. Jende piloa, animalia piloa, diru piloa... Urteko serierik garestiena da mundu mailan! Sinesgaitza den sentsazioa duzu. Eta are sinesgaitzagoa da gero errodajean lana betikoa dela. Hor ez da ezer aldatzen. Pertsona gehiago dituzu zu eta zuzendariaren artean, baina lana berdina da. Erronka izan da ingelesez hitz egitea –hasieran beldurra neukan, ez da zure hizkuntzan lan egitea, baina balio izan dit segurtasuna lortzeko–, inork ezagutzen ez nuen proiektu batera sartzea... aspaldi ez zitzaidan gertatzen azken hau. Eta beste herrialde batean bizitzea hainbeste hilabetez. Asko ikasi dut, asko disfrutatu.

«Iran, Ingalaterra, Irlanda, Australia, AEB, Frantzia... parez pare hainbeste hilabetetan aktore horiekin lan egiteak, mitifikatu gabe, balio izan dit begiak irekitzeko eta lan egiteko modu berriak deskubritzeko»

 

Gorputza lantzea eskatu dizu proiektuak.

Bai, orain justu kontrako puntuan nago. Astelehenean proiektu berri batean murgildu nintzen eta argaltzea eskatu didate. Pisu asko galdu dut. ‘‘Irati’’ filmetik baneukan, baina joan den urtean are gehiago landu behar izan nuen, batez ere besoak. Auriga da nire pertsonaia, koadrigak gidatzen dituena lau zaldirekin zirku erromatarrean. Indarrez tira egin behar nien zaldiei eta ez da broma! Prestakuntza fisiko handia eskatu zidan. Orain kontrako puntuan nago. Egia esan, gogoz hartu dut nire ohiko dieta berreskuratzea. Ia bi urte eta gehiago joan dira. 



Aktore bezala esperientzia honetatik jaso duzun ikasgairen bat?

Asko. Berretsi dut gauza bat, prestaketak eta entseguak beti direla onuragarriak. Hilabeteak eta hilabeteak eman genituen azentua lantzen, borrokak prestatzen, zaldiekin entrenatzen... Eta berretsi dut ere horretan gehiago disfrutatzen dudala errodajean baino. Antzerkian agian ez hainbeste, entseguetan asko disfrutatzen dut eta emanaldietan hortxe-hortxe edo are gehiago.



Zuzeneko saioan publikoarekin feedbacka duzulako.

Bai. Errodaje honetan behintzat asko disfrutatu dut prestaketa guztia. Nahiz oso globalizatuta eta konektatuta gauden, oso desberdina da bideoak ikusi edo bertatik bertara bizitzea, nazioarteko aktoreekin lan egitea. Iran, Ingalaterra, Irlanda, Australia, AEB, Frantzia... parez pare hainbeste hilabetetan aktore horiekin lan egiteak, mitifikatu gabe, balio izan dit begiak ireki eta lan egiteko modu berriak deskubritzeko. 


Master bat...

Erabat. Berritu dit ere kanpoan, beste hizkuntza batzuetan, lan egiteko grina.



Agentea ere baduzu orain AEBetan. Asmo bat dago horren atzean?

Baiezko bat dago. Eta aukera aprobetxatzea. Errodajera etorri ziren agente batzuk, lanean ikusi ninduten eta eskaini zidaten New York eta Los Angelesen agentea edukitzea. Inoiz ez dakizu horrek nonbaitera eramango zaituen. Kanpoan lan oso interesgarriak egiten dira, eta aukera badut, zergatik ez. Nik maite dut oso formatu txikietatik proiektu askoz handiagoetara niri funtzionatzen didana eramatea.



Ingelesez ondo moldatzen zara?

Bai. Azentua asko landu dugu. Hasieran beldurra neukan, ez da zure hizkuntzan lan egitea, baina balio izan dit segurtasuna lortzeko. 



Aktore lanetan bakarrik ez, idazle (‘Moto  - Membra Jesu Nostri’) eta zuzendari (‘Betiko gaua’) ere aritu zara. Uneaz gozatzen?

Bai, uste dut momentuaz gozatzeko agian denbora libre gehiago behar nukeela [barre algara]. Oso pozik nago. Azken bi urteotan hartutako erabakiak izan ziren aktore bezala erritmoa jaistea; besteak beste, banituelako proiektu potoloak eta horrek ahalbidetzen zidalako hutsuneak edukitzea. Eta hutsune horietan argi neukan zer egin nahi nuen, besteen lanak ekoitzi, idatzi eta zuzendu. Pixka bat generadore bilakatu. Asko disfrutatu dut eta orain lan guzti horren fruitua jasotzen ari naiz. Oso pozik nago. Beti dago beldurra aktore lanari etena jartzen badiozu gero bueltan nolabait lekua edo galduko duzula. Egia da nik zorte handia dudala, pribilegio handiak ditut zentzu horretan. Are gehiago, proiektu ikaragarriak iristen ari dira aktore moduan, nahiz ia bi urtez beste leku batean jarri dudan nire burua. Beldur hori nolabait galdu dut. 



Agenda gainezka daukazu.

[Pentsakor, kalkulua egiten] 2026ko udaberrira arte badut lana. Hutsuneak daude, noski, egon behar dutelako.

Asier Altunak zinemara eramango du Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’. Protagonista jokatzen duzu eta filmaketan ari zara. .

Bai, 1940ko hamarkadan girotua da filma. Bizkaian eta Gipuzkoan egingo da filmaketa. Oso pozik nago. Benetako gertakarietan oinarritutako filma da eta pertsonaia erreala antzezteko aukera dut..

Nazioarteko industriara irekitzearekin baduzu aurrerapausoa eman izanaren sentsazioa?

Bai, argi eta garbi. Ez du ezer esan nahi, baina badut sentipena iristen ari direla beste mota bateko proiektuak. Gerta daiteke interesik ez piztea niri; kanpotik etortzeak ez du esan nahi zuzenean erakargarria izatea niretzat, inola ere ez. Egia da beste izaera bateko proiektuak iristen ari direla. Poz handia da ozeanoaz bestalde norbait nire proposamenaz interesatzea. Bada modu bat iristeko beste gisa bateko proiektu batzuetara. Hemen oso gustura nago eta ez naiz aspertzen, baina eragiten dit zirrara handia horrek.