Jon Ormazabal

Bueltan den Unai Laso bizi eta serio batek Jokin Altuna humanizatu du Bilbon (7-22)

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak gaitzeko erakustaldia eman du inoiz ez bezala lehiatzeko errekurtsorik topatu ez duen amezketarraren aurrean.

Unai Lasok amorruz ospatu du garaipen ikaragarri hau.
Unai Lasok amorruz ospatu du garaipen ikaragarri hau. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hasterako, Buruz Burukoa hankaz gora jarri du Unai Lasok, gaitzeko erakustaldiarekin, orain arte Jokin Altunari inoiz eman dioten kolperik handiena emanda. Garaipenaz eta emaitzaz harago, Baikoko nafarrak, bizi, baina bereziki taktikoki eta buruz ere aurkaria baino askoz gehiago izanda, orain arte inork gutxik bezala biluztu du amezketarra. Profesionaletan egokitzeko behar izan zituen hilabete horietan kenduta, ikusia genuen Altuna III.a galtzen, nola ez, baina egunik txarrenetan ere –Jaka edo Elordiren aurkako finalak esaterako– partidari nola edo hala eusteko modua egiten zuen. Gaur ez da halakorik ikusi eta inoiz ez bezalako inpotentzia ariketa bat osatu du laineza hartuta ibili den Unai Laso baten aurka.

Buruz Burukoak berezkoa du gauzak esajeratzeko ahalmena, eta halako bi pilotari handi  tartean izanda, bata perfekziotik horren gertu eta bestea bere mailatik horren urrun dagoenean halakoak gertatzea ez da horren harritzekoa.

Hasieratik hastearren, eta merituak dituenari ematearren, poza ematen du Binakakoan errodajea egin ostean, Unai Laso bueltan dela ikusteak. Are gehiago, beste kolpe batetik errekuperatuta, Laso zailduago bat ikustea. Izan ere, berezkoa duen oldarkortasun eta esplosibitate hori galdu gabe, Unai Laso serio bat ikusi dugu kantxan, barruan zuen sugar hori kontrolatu eta bideratzeko gai izan dena, une bakoitzean hartu beharreko erabakiak hartu eta Altuna bere erritmoarekin itoz. Eskuin hori aurkariak estu lotzeko gai da berriz eta sakez egindako faltaz harago, partida osoan pare bat pilota baino ez dituenez galdu, errotarra geldiezina izan da Bizkaia pilotalekuan.

Altuna, itzal bat

Are gehiago parean izan duen Jokin Altuna orain arte ohituta gintuenaren itzal bat izan denean. Epailearen txapak lehen sakea berari eman dion arren, lehen tantorako trakets aritu da amezketarra, errematerako behar zuen pilota batera gaizki jarri eta erori zionean. Partida hasieran Lasok sakearekin gehiegi asmatu gabe ere, ezinezkoa egin zaio tantoa dominatzera pasatzea eta lehia erabat galduta zuela gozatu du bere lehen pilotakada eskuinaz. Egia da aurkariak ondo behartu duela ezkerrez botera jokatzera, baina taktikoki ere ez da finegi aritu, eskuinean pilota onak utzi dizkiolako arerioari, eta Bizkarreta-Gerendaingoak ez du barkatu.

Gauzak horrela, 4-2kotik aurrera, partida erabat hautsi du Baikokoak 15-0eko partzial batekin, ziurrenik Altunak bere kirol ibilbidean inoiz jaso duen handiena. Lasoren konfiantzaren depositua betetzen joan den eran, Altunak orain arte inoiz izan ez duen blokeo bat izan du, eskatutako hiru atsedenaldietan eta telebistaren bietan zetorkionarentzat erantzun bat topatu ezinik arituta.

Partidaren hondar aldera, hein handi batean Unai Lasok egindako bi hutsei esker, markagailua nolabait txukuntzea lortu du Altunak, baina aspaldiko porrotik handiena jaso du. 2015eko Buruz Burukoan 22-8 galdu zuen Aimar Olaizolaren aurka eta are 22-6 2016an Mikel Urrutikoetxearen aurka, baina gauekoak beste pisu bat izan lezake behar bezalako digestio bat egiteko gai ez bada.

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a: 7

Laso: 22

Pilotakadak: 193. Iraupena:  51,03 minutu. Markagailua: 0-4, 2-4, 2-19, 3-19, 3-20, 5-20, 5-21, 7-21, 7-22. Sakez: 2 Altuna III.ak eta 5 (eta falta 1) Lasok. Egindakoak: 2 Altuna III.ak eta 19 Lasok. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak eta 2 Lasok. Gertaerak: Sarrera polita Bizkaia pilotalekuan. Gorka Altuna aritu zen Jokin lehengusuaren botilero lanetan eta Jon Mariezkurrena Unai Lasorekin. Lehen sakea gorri.