Manex Altuna

Txapeldunen Ligako ateak irekita jarraitzen du

Zuri-gorriek atsekabeturik amaitu zuten Granadaren kontrako norgehiagoka. Hala ere, Atleticok Mendizorrotzan galdu ostean, laugarren postua hiru puntura daukate, eta larunbatean madrildarren aurka jokatuko dute Metropolitanon.

Gorka Guruzetak denboraldiko hamaseigarren gola egin zuen Granadaren aurka.
Gorka Guruzetak denboraldiko hamaseigarren gola egin zuen Granadaren aurka. (@AthleticClub)

Athleticeko jokalariek, eta baita zaleek ere, haserre bizian agurtu dituzte San Mamesen jokatutako azken partidak. Alde batetik, epaileen erabakiengatik kaltetuak sentitu dira. Vila-realen aurkako penaltiak eta Granadaren kontra ikusitako txartelek beren onetik irtenda utzi zituzten zuri-gorriak. Bestetik, eskura zituen garaipenek ihes egin izanaren ustearekin amaitu zituzten partidak. Vila-realek luzapenean egin baitzuen berdinketaren gola, eta ezin izan zutelako jaitsierako postuetan dagoen Granada mendean hartu.

Ostiral gauean tristura puntu batekin oheratu zen talde bilbotarra. Etsipena zen nagusi. Etxean bi berdinketa jarraian eskuratuta, bazirudien Txapeldunen Ligarako trenera igotzeko aukera galduta zeukatela. Ernesto Valverdek ere horrela onartu zuen, eta egoera asko zaildu zitzaiela uste zuen.

Igandean, aldiz, itxaropena berreskuratu zuten Bilbon. Atleticok 2 eta 0 galdu zuen Mendizorrotzan, eta hiru puntura gerturatu dira sailkapenean. Hala, laugarren postura iristeko bideak irekita jarraitzen du. Are gehiago, datorren jardunaldian elkarren aurka jokatu behar baitute Metropolitanon. Partida erabakigarria izan daiteke. Batez ere, galduz gero.

Dena den, ez da final bat izango. Berdinketa batetin hiru puntuko aldea mantenduko lukete, eta garaipenarekin sailkapenean aurreratuko lituzkete. Athleticek badaki zer egin behar duen Metropolitanon irabazteko, Kopako finalerdietako joaneko partidan garaile atera baitzen Berenguerrek penalti baten bidez lortutako golari esker (0-1). Hori, Atleticok denboraldi honetan etxean galdu dituen bi partidetako bat izan zen. Beste porrota, Bartzelonaren kontra jaso zuten Ligan (0-3).

Gainbeheran eta etxetik kanpo

Beraz, argi dago talde madrildarrak sendotasuna erakutsi duela etxeko gotorlekuan. Aurtengo Ligan, esaterako, hamalau garaipen erdietsi ditu Metropolitanon eta partida bat bakarrik berdindu du Getaferen aurka (3-3). Dena den, ez da beste sasoi batzuetan bezain talde garaitezina, eta defentsan inoiz baino gol gehiago jasotzen ari da. Era berean, Txapeldunen Ligatik at geratu zen joan den astean Dortmungo Borussiaren aurka galdu ostean. Horregatik, laugarren postua mantetzea da denboraldi bukaera honetako helburu bakarra.

Athleticek, ostera, Europako txartela poltsikoan dauka Kopa irabazi ondoren. Hori dela eta, ez da erraza izango ikasturteko azken txanpan mailarik onena ematea. Batez ere, erasoko jokoan igartzen da. Adibidez, Granadaren aurka oso gol aukera gutxi sortu zituzten. Bigarren zatia kontrolpean izan arren, Williamsen erremate bat eta urrutitik egindako jaurtiketak izan ziren saiakera bakarrak. Bederatzi zenbakiak ezin izan zuen partida hasieran bere atean sartutako gola konpondu.

Lehen zatian, aldiz, Nico Williams eta Sancet gehiago sartu ziren jokoan, eta Guruzetak berdinketaren gola egin zuen. Aurrelari donostiarrak denboraldiko hamaseigarren gola egin zuen. Adurizen garaitik ez da egon hainbeste gol egin dituen jokalaririk Athleticen.

Guruzetak sartu zuen Granadaren aurkako gola. (Ander GILLENEA / AFP)
Guruzetak sartu zuen Granadaren aurkako gola. (Ander GILLENEA / AFP)

Bestalde, De Marcosek bosgarren horia ikusi zuen, eta ezin izango du Atleticoren aurka jokatu. Yurik, berriz, min hartuta amaitu zuen. Kolpe gogorra jaso zuen orkatilean, eta Valverdek aldatu behar izan zuen.

Atleticok ere zenbait hutsune izango ditu. Savic atzelaria zigortuta dago, eta Depay eta Lemar erasoko jokalariak lesionaturik daude. Mendizorrotzan jokatu ez zuten Morata eta Llorente jokatzeko egongo dira.

Athletic Metropolitanotik bizirik ateratzen bada, laugarren posturako lehia etxetik kanpo erabakiko da. Hurrengo jardunaldian Getaferi egingo dio bisita, eta gero Osasuna hartuko du. Ondoren, Celtaren zelaian arituko da eta Sevillaren kontra agurtuko ditu zaleak San Mamesen. Azken jardunaldian Vallecasen jokatuko du Iñigo Perezek zuzentzen duen Rayoren aurka.

Madrildarrek ere hiru partida jokatu beharko dituzte etxetik kanpo. Zuri-gorrien aurka jokatu ostean, Mallorcara joango dira eta Celta hartuko dute etxean. Gero, Getaferi egingo diote bisita, Osasunaren kontra arituko dira Metropolitanon eta Anoetan amaituko dute Liga Realaren aurka.