Astea borobiltzea espero du Ane Camposek, Athletici Ipurua Eibarren gotorlekua dela erakutsiz

Talde armaginak mailari eusteko falta zaizkion puntuak eskuratzeko lanean jarraitu behar duela gogoratu du, bide batez denboraldi honetan lortu ez duen «derbi bat irabaziz».

Ane Camposek lanaren garrantzia azpimarratu du.
Ane Camposek lanaren garrantzia azpimarratu du. (Jon Urbe | Foku)

Bi hilabete itxaron behar izan zuen Eibarrek Ipuruan denboraldiko lehen garaipena ospatu ahal izateko. Unben jokatzen oihututa, aldaketari egokitzea kostatu zitzaion baina behin neurriak hartuta, estadioa bere gotorlekua bilakatu du. Sportingen kontra partida hura irabazi zutenetik, bakarra galdu dute armaginek Ipuruan, ba direla bi hilabete eta erdi, eta azken hiruretan bost puntu lortu dituzte, Levante eta Atletico handien kontra berdinduz eta Sevilla aise gaindituz. Sailkapenean duten egoera erosoa –zazpi puntutako aldea jeitsiera postuekin eta dagoeneko aurkari bat eliminatuta– etxean erakusten ari diren sendotasunean oinarritu dute eta denboraldia amaitu arte bertan jokatuko dituzten hiru neurketetan ibilbide horri jarraipena eman nahi diote, permanentziaren puntuak segurtatuz.

Athletic izango da, datorren igandean, azken txanpa honetan Ipuruatik pasako den lehen aurkaria eta, Huelvan lortutako garaipenarekin eta filialaren igoerarekin hasi zen astea borobiltzeko, Ane Camposek «gure gotorlekua dela» erakutsi nahi die zuri-gorriei. Batez ere, eta «konfiantza osoa» bada ere, «oraindik puntu gehiago lortu behar ditugulako, helburua gertu izan arren, beheko taldeek ere asko borrokatzen dutelako eta edozein gauza gertatu daitekelako». Eta, bide batez, gorri-urdinek denboraldiak eskaintzen dizkien gainontzeko erronkak gainditzeko gogoak dituztelako ere. Kasu honetan, «derbi bat irabaztea», aurreko hirurak galdu ondoren. «Lehen itzulikoak ihes egin zigun eta arantzatxo hori daukagu, partida on bat egin eta hiru puntuak eskuratu nahi ditugu», azpimarratu du Getariakoak.

Ez da erreza izango, azken partida galdu zuen arren, Athletic denboraldiko une goxoenean dagoelako, eibartarrak bezala. «Oso ondo daude. Eta aurten urrats garrantzitsua eman dute futbolistikoki eta sailkapenean. Ikusi behar da nola jokatzen duten eta nola dauden», esan du, talde bilbotarrarentzat berarentzat ere erronka zaila dela gogoratuz. Ez bakarrik derbi bat delako, «oso partida berezia, batez ere euskaldunontzat, gipuzkoar batentzat» eta horrek sortzen duen aparteko motibazioagatik, baizik eta baita Eibar erakusten ari den maila onagatik ere. «Denboraldi hasieran ez nukeen esango horrela egongo ginenik, dauden taldeak eta futbolariak ikusita. Baina denboraldiak aurrera egin ahala, lanean eta giten dugunean sinetsita, hazten joan gara. Madrili edota Sevilarri aurre egin diegun bezala, Athletici ere egin diezaiokegu».

Lana da, hain zuzen ere, Eibarren goranzko ibilbidearen eta egungo egoeraren gakoa, Camposen ustetan. «Egunero egiten dugun lana –esan du–, entrenamenduetan zein kanpoan. Atsedena, elikadura…, hemendik kanpo egiten duzuna ere oso garrantzitsua da eta dena enfokatu dugu lanari begira. Hasieran kostatu zitzaigun baina lan asko eginez eta lan horretan konfiantza eukiz, puntuak eta garaipenak heltzen direla ikusi dugu».

Arlo personalean «oso pozik» agertu da ere. «Egia da aurrelariez hitzegiten dugunean, golek markatzen dutela aldea eta nik aurten bi besterik ez ditudala sartu. Baina taldean egiten dudan lanarekin disfrutatzen ari naiz. Gol hori iristeko lan bat egin behar da eta ni hori egiten disfrutatzen hari naiz, taldearen lanean parte hartzen». Beste hainbat taldekideekin gertatzen den moduan –barnean taldeko bizkarrezureko kide garrantzitsuak, Campos bera bezala–, ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua. Ez da asko falta baina lasai agertu da. «Ez diot etorkizunari asko begiratzen –adierazi du–. Oso gustora nago Eibarren baina partida asko falta dira, inportanteak guretzako, gauza asko egin ahal ditugu oraindik eta horretan nago zentratuta. Gerokoak ikusiko ditugu. Orain Eibarren nago zentratuta, taldean eta nere lanean».