NAIZ

Ziburun eraikin batetik erori zen emakumearen kasuan suizidioaren tesia hobesten du Fiskaltzak

Iragan apirilaren 14an, Ziburuko hotel bateko 5. solairutik erori zen emakumearen kasuan suizidio saiakera hobesten du hipotesien artean Baionako Fiskaltzak. Prokuradorearen arabera, behin betiko erabakirik ez dagoen bitartean, bikotekidea ez da auzitik kanpo geratuko.

Ziburuko Ibis hotela, eroritako emakumea agertu zen tokia.
Ziburuko Ibis hotela, eroritako emakumea agertu zen tokia. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako Fiskaltzak suizidio saiakeraren hipotesia hobesten du hilaren 14an Ziburuko hotel baten 5. solairutik erori zen emakumearen kasuaren inguruko ikerketan.

Iragan apirilaren 14an, igandez, aurkitu zuten 34 urteko emakumea, eta hoteleko gela batetik erori zela baieztatu zuten. Ordutik ikertzen aritu da Baionako Fiskaltza.

Kazeta.eus hedabideak jaso duenaren arabera, Joerome Bourrier Baionako fiskalak honakoa adierazi du: «Iritzia ez dugu emanen, baina momentu honetan suizidio saiakera baten aukera da hobesten duguna».

Emakumeak arazo psikiatrikoak sufritzen zituen eta Bourrierren arabera, «ezaguna da». Gertakarien unean bertan zegoen eta hasieran atxilotua izan zen biktimaren bikotekideari dagokionez, «erabaki bat ez dagoen bitartean, ez da auzitik kanpo geratuko».

Bikotekidea atxilotua izan zen eta fiskalak hilak 15ean egoera hori 24 orduz luzatzea erabaki bazuen ere, poliziak AFP agentziari baieztatu zionez, «etxeko indarkeriagatik» aurrekari penalak zituen. Hurrengo egunean, 16an, aske utzi zuten arratsaldean.

Baionako Fiskaltzak orduan azaldu zuenez, 30 urte inguruko gizona aske utzi zuten «gertakarietan sartzea ahalbidetzen duen elementurik» ez zegoelako ikerketaren une horretan.