Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gartziaren gogoeta: nola iritsi gara euskaldun fededun izatetik erlijioaren erabateko arbuiora?

Pruden Gartziaren ‘Euskaldun fededun’ (Elkar) hausnarketa liburu bat da, erlijioak euskal identitatearekin izan duen konexioari begiratzen diona. Identifikazioa erabatekoa izan da gure historiaren etapa zehatz batean, 1800etik 1960ra. Euskaldun gazteek, ordea, ez dakite deus erlijioaz. Nola liteke?

Pruden Gartzia ‘Euskaldun fededun’ saiakera aurkezten, Donostiako Elkarren.
Pruden Gartzia ‘Euskaldun fededun’ saiakera aurkezten, Donostiako Elkarren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Dena aldatzen da, baina bada aldatzen ez den zerbait, edo mantsoago aldatzen dena: norbere identitatea. Pertsona batentzat bezala gizarte batentzat ere balio du horrek. Pruden Gartziak ‘Euskaldun fededun’ (Elkar) saiakeran egiten duen gogoetetako bat da. Zertan datza euskaldunen, Euskal Herriaren identitatea? 

Joxe Azurmendiri eskainia dago liburua, «irakaskuntza sokratikoaren eredu eta maisu». Egileak puntu bat nabarmendu du berari buruz Donostiako aurkezpenean: «Idazle handia da, baina pertsona handiagoa oraindik. Horregatik aipatzen dut Sokrates, berak zioelako ez zuela ikaslerik, lagunak zituela».

Xabier Mendiguren zuen ondoan, eta berari ere azaldu dio esker ona liburuzain eta euskaltzain urgazle oñatiarrak. «Ez da bakarrik bera gabe ez litzatekeela liburua argitaratuko, daukan taxua berak emana da neurri handi batean».

«Liburu hau ez da ikerketa bat, hausnarketa bat da», argitu du lehenik eta behin. «Saiakera baten moduan dago idatzia, edozein euskaldunek ezagutza berezirik gabe irakurtzeko». 15 urtean idatzitako testuak hautatu, ordenatu, batzuetan berridatzi, eta liburu batean bildu ditu, tesi baten inguruan, izenburuak laburbiltzen duena: ‘Euskaldun fededun’.

1800 ingurutik 1960ra

Jakina da euskaldun gazteen artean erlijioak ez duela garai batean zuen garrantzirik. «Asko eta askori arbuio argi eta erabatekoa sortzen dio; besteei, erabateko indiferentzia. Benetan gutxi dira erlijioarekiko interesa duten euskaldun gazteak. Eta horren ondorioa da erlijioaz ez dakitela deus ere. Nola iritsi gara egoera honetara?».

Liburu honetan galdera horri erantzuten saiatu da idazlea, alderdi konkretu batetik begiratuta: erlijioak gure identitate nazionalarekin izan duen loturatik.

«Euskal Herriaren eta erlijio katolikoaren arteko identifikazioa erabatekoa izan da, ‘euskaldun fededun’ modu obsesiboan aldarrikatzen zen gure izaeraren alfa eta omega bezala, baina hori gure historiaren etapa konkretu bat da, ez besterik; ez da eternala, esentziala. Etapa bat gehiago da gure herriaren historian».

Esplikatu duenez, 1800 inguruan hasten da, bereziki Frantziako iraultzaren eraginez, eta 1960 aldean bukatzen da, batez ere bi gertakariren ondorioz: Euskal Herriko aldaketa sozial izugarriak, eta eliza katolikoaren barruko iraultza, Vaticanoaren II. kontzilioan gauzatu zena.

Hegemonia

Hegemonia da gizarte batek bere buruaz egiten duen irudi bat, azaldu du Gartziak. Erabateko hegemonia izan du eliza katolikoak Euskal Herrian aipatutako etapa horretan. Baina aurretik eta ondoren, ez. «Oraindik oso presente dago gure gizartean baina ez da hegemonikoa. 1800 baino lehen, erlijio bakarra katolikoa zen gure herrian, baina elizaren boterea ez zen hegemonikoa».

1800 eta 1960 arteko etapaz osatu duen puzzletik bi pieza nabarmendu nahi izan ditu egileak: bat Joan Antonio Mogelen ‘Peru Abarka’ liburua da. Bertan, lehen aldiz formulatzen du ‘euskaldun fededun’ fusio hori, eta egundoko arrakasta dauka. Bigarren pieza Jon Etxaideren, «azken euskaldun fededun idazle handiaren», ‘Gorrotoa Lege’ nobela da, 1964an argitaratua, Gabriel Arestiren ‘Harri eta Herri’-ren urte berean. Hamarkada horretan mundu bat bukatzen da, euskaldun fededunen mundua, eta bertze bat hasten da.

Azpimarratu duenez, 1960ko euskaldun fededun irudiaren krisia hagitz bortitza izan zen, eta horren emaitza da euskaldun gazteek elizaz ezer ez jakitea. «Elizak hemen daude. Eta egundo ez dira sartu. Europako kultura erlijiosoa da goitik behera atzora arte. Nire testu askoren abiapuntua hori da: nola da posible ezjakintasun hori?».

Pentsatzen da eliza bloke bat dela, denak direla berdinak, baina barnean historia dago eta 1800 eta 1960 arteko etapa hori ere ez da berdina, mugimenduak daude, ohartarazi du. «Erlijio kristaua Europan maldan behera doa, baina hori ez da gertatzen Afrikan, Asian, Ameriketan. Mundu mailan, erlijioa ez da zaharren gauza. Erlijioaren historiari arreta jartzen saiatzen naiz. Ikusten eta ulertzen». 

1980raino iristen da liburua, krisialdia esplikatzeko.