Joseba Salbador Goikoetxea

Leioa eta Erandio arteko itsasadarreko bulebarra prest da

Lamiako eta Altzaga auzuneak elkartzen dituen hiru kilometroko bidegorria zabalik da dagoeneko. Datorren urtean Bilboko Elorrieta auzoraino iritsiko da, itsasadarraren eskuinaldeko bulebarra guztiz osatuz. Ezkerraldearekin ere lotuta geratuko da All Iron zubi birakariaren bitartez.

Lamiako auzotik Altzagara (atzean) doan bidegorriak hiru metroko pasealekua du oinezkoentzat, eta lau metroko bizikleta bide bat.
Lamiako auzotik Altzagara (atzean) doan bidegorriak hiru metroko pasealekua du oinezkoentzat, eta lau metroko bizikleta bide bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak martxoaren 26an zerbitzuan jarri zuen Lamiako auzunetik (Leioa) Altzaga auzunera (Erandio) bitarteko hiru kilometroak zeharkatzen dituen itsasadarreko bulebarraren lehen tartea. Aurreneko zati hau eraikitzeko lanak iazko ekainean hasi ziren, eta 9,9 milioi euro inbertitu dira.

Itsasadarraren gainean sei hegal tarte egin dira, errepidearen zabalera nahikoa ez zen eremuak zeharkatzeko. Hegal eremu horiek 216 metro lineal hartzen dituzte guztira, eta hainbat teknika erabili dira horiek eraikitzeko; besteak beste, kontrapisua duten lauzak, mikropiloteak lehendik zegoen plataforman eta itsasadarreko harri gaineko piloteak.

Lamiako eta Altzaga arteko bulebarra eraikitzeko proiektua prestatzean, gainera, kanpaina geotekniko bat egin zen, jarduketa egingo zen lurzoruak sakonki ezagutzeko. Kanpaina horretan bederatzi zundaketa geotekniko egin ziren, eta geo-radarrez egindako 17 profil.

Eskuinaldeko bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua du ibilbide osoan; itsasadarretik hurbilen dagoen bandatik igaroko da, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metro zabaleko bizikleta-bide bat du. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada espazioa, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Era berean, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera uzteko.

Eskuinaldeko bulebarraren lehen tarte hau zerbitzuan jartzearekin batera, bulebarraren bigarren faseko lanek aurrera jarraitzen dute, Altzagatik Elorrietaraino (Bilbo) doan tartean. Aurreikuspenen arabera, bigarren fase hau datorren urteko maiatz aldera amaituko da, 20 hilabeteko lanak eta 18,3 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.

Hala, itsasadarreko bulebarra guztiz osatuta geratuko da, eta Getxon eta Bilbon lehendik dauden oinezko eta txirrindularientzako bideak lotuko ditu, 6,5 kilometroko ibilbide batekin, egungo BI-711 errepidean.

ZUBI BIRAKARIA

Hori bakarrik ez, eskuinaldeko bulebarra ezkerraldearekin ere lotuta geratuko da, Erandio eta Barakaldo elkartuko dituen txirrindulari eta oinezkoentzako All Iron zubi birakariaren bidez. Era honetan, bi azpiegiturek metropoli inguruneko eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea ahalbidetuko dute.

Zubiak 460 metroko luzera izango du eta 25,9 milioi euroko aurrekontua. Zubi azpiko pasabideak 50 metroko zabalera izango du eta itsasontzi gehienak igarotzeko ez da zubia ireki beharko, itsasgorarekin 6,5 metroko altuera geratuko baita. Hortaz, astean bi aldiz bakarrik zabaldu beharko litzateke ontzi handiak igaro ahal izateko.

Erandio eta Barakaldo arteko zubi mugikorra, ezkerraldeari dagokionez, erriberako parke berriaren alboan ezarriko dute, Portu dartsenan (Galindo ibaiaren eta Rontegiko zubiaren artean) kokatutako 90.000 metro karratuko berdegunean. Bertan, hiri hondartza bat, jolasguneak eta kirol pistak sortuko dira.

Parke hori eraikitzeko lanak bi fasetan egingo dituzte, 9 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Bilbao Ría 2000 erakundeak Viuda de Sainz eta Perica Obras y Servicios enpresei esleitu zizkien lanak joan den urte hasieran.

Espazio berri honek Zamalanda izena hartuko du, 2002an birgaitu zen parkearen inguruan zegoen mineral zamalekuari eta toki horretan sortuko den landa edo berdeguneari erreferentzia eginez.

Izen hori ematearen helburua da Barakaldoko iragan industriala gogoan izatea. Bilbao Ría 2000 sozietateak Bizkaiko Labe Garaiek Barakaldon erabili zuten industria arloa berreskuratzeko eta biziberritzeko bide gisa ulertzen du proiektu hori. Amaia del Campo alkateak azaldu zuenez, «bere iraganaz harro dagoen hiria gara, eta etorkizunari begiratzean oso gogoan duena. Horregatik, gure iragan industriala izen horretan islatuta dago, eta parkean ere egongo da. Horretarako, Mikel Alvira historialariaren laguntzarekin egindako panelak jarriko dira».

Aipatutako hiri hondartzaz gain, parke berriak beste zerbitzu batzuk hartuko ditu, hala nola haurrentzako jolaslekua, jateko toki bat, patinaje pista bat, bizikletentzako pump track bat, plaza handi bat, zaharberritzeko gune bat eta baratzeetarako alderdi bat.

Parke berriak erabat aldatuko du Barakaldok itsasadarrarekin duen lotura. «Urteetan gure industriak itsasadarrari bizkarra emanez biziarazi zigun, merkantziak garraiatzeko erabiltzen zen eremua zelako. Orain, itsasadarrari begiratu eta balioa emateaz gain, ura ukitu eta gozatu ahal izango dugu», esan zuen alkateak.

Lutxana-bilbo lotura ere zabalik

Bilboko itsasadarreko ezkerraldeko auzoak lotuko dituen bidegorria ere aurrera doa. Pasatu den urteaz geroztik, zabalik da Barakaldo eta Bilbo lotzen dituen 1,7 kilometroko zatia, hain zuzen, Lutxana eta Burtzeña auzoak Zorrotzako Bilboko auzoarekin lotzen dituena. Proiektuak 1.156.758 euroko aurrekontua izan du eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du, obrak hiri bakoitzeko Udalek gauzatu dituzten bitartean.

Bidegorria autoen eta oinezkoen zirkulaziotik bereizita dago, 0,3-0,5 metroko bereizketa banda batekin bizikleta plataformaren eta errepidearen artean. Hala eta guztiz ere, ibilbidean barrena hiru bider gurutzatzen du errepidea eta zortzi zebrabide zeharkatzen ditu.

Ibilbidea Zorrotzako kiroldegiaren ondoan hasten da, Olabeaga-Zorrotza bidegorriarekin lotuz Clara Campoamor kalean, gero N-634 plataformarekin bat egiteko. Errepide horretan, autoen errei kopurua murriztu egiten da, Barakaldoko noranzkoan errei batera pasatuz eta Bilborantz gaur egungo bi erreiak mantenduz.

Bidegorria errepidearen eskuinaldetik doa Barakaldora, era horretan, biribilgunetik igaro eta Cadagua ibaiaren gaineko zubia igarotzean, autoen eta txirrindularien artean gatazkarik ez izateko.

Barakaldora iritsirik, bidegorriak N-634 plataformatik irten eta Zumalakarregi kaletik segitzen du -motordun zirkulaziorako errei bakarrera murriztu dena-, aparkalekuak eta oinezkoentzako espaloiak mantenduz.

Bidegorriak kale horretan jarraitzen du, 500 metroko tartean errepidearen ezkerraldean aldatuz, autobus geltoki bat, garajeetarako sarbideak eta kale-gurutzeak ez oztopatzeko. Serralta Parkearen ondoan bidegorriak bat egiten du Portu dartsenako bizikleta erreiarekin.