Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nafarroaren Eguna Baigorrin, gozatuz saretzeko eta elkar ezagutuz aberasteko

Osasun eta giro onarekin dator aurtengo Nafarroaren Eguna, Kulturaldi ezin aberatsago baten ondotik. Egun handia igandean izanen da, Baigorrin. Denentzako moduko besta prestatu dute, gozatzeko, euskaldunon artean saretzeko eta elkar ezagutza aberatsak eraikitzeko. 

Basaizeako kideak Nafarroaren Eguna aurkezten, apirilaren hasieran Iruñean. Eskuinean, Xalbat Alzugaray.
Basaizeako kideak Nafarroaren Eguna aurkezten, apirilaren hasieran Iruñean. Eskuinean, Xalbat Alzugaray. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroaren Eguna, igande honetan Baigorrin ospatuko dena, Kulturaldi oparo baten gailurra izanen da. Iragan apirilaren 5ean hasi zen Kulturaldia, migrazio mugimenduei buruzko hitzaldi jendetsuarekin. Harrera ona izaten ari dira, oro har, bertze ekitaldiak ere.

Antolatzailea, Basaizea Kultur Batasuna, laguntzaile sare handiarekin batera aritu da lanean. «Momentuz ongi gira taldean, antolaketa aldetik pixka bat aldatzen. Sartu diren kide berriekin harreman gehiago egiteko parada ari gara zabaltzen», adierazi dio Xalbat Alzugaray Basaizeako partaideak NAIZi.

«Batez ere publiko zabal bat ukitu nahi izan dugu, mota desberdinetako ekimenak proposatuz», erantzun du, ahalegina zertan egin duten galdetuta.

Hala, ‘Gora Euskal Herrientsak’ saiakera grafikoa aurkeztu dute, Asisko Urmenetak Dom Campistronekin batera egindakoa; eta ‘Anche et cie’ ikuskizuna prestatu dute instrumentu berezi batzuekin, gaita, oboe eta basoi ikasleak bilduz kontzertu batean.

‘Mirande, film bat egiteko zirriborroa’ dokumentala ikusi eta horren inguruan eztabaidatzeko aukera ere izan da, Baigorri eta Ortzaizeko irakurketa taldearekin antolatutako ekitaldian. Josu Martinez, Joseba Sarrionandia eta Nora Arbelbideren lana Miranderi «hitza itzultzeko» saiakera da, berarekin elkarrizketan, hil zenetik 50 urtera.

Iragan larunbatean Euskal Herria Eguna egin zuten. Euskal Herriko lurralde bakoitzetik herri batek parte hartzen duen ekimena da: Algorta, Ibarra, Agurain, Lizarra, Baigorri eta Itsasu. Elkar ezagutzetik hasi eta laguntasuna eraikiz, sare bat osatu dute. «Covida gertatuz gero bertan beheiti gelditu zen, baina aurten berriz bultzatzeko asmoz antolatu dugu, bi herri berrirekin: Sara eta Maule», kontatu du Basaizeako lagunak.

Herri hauen guztien biztanleek harremantze egun polit bat pasa zuten elkarrekin.

Justu Nafarroaren Egunaren bezperan, larunbat honetan, Patxo Telleriaren ‘Ai gure Juaneteak!’ antzerki musikatuaz gozatzeko aukera izanen da Baigorrin, eta maiatzaren lehenean ‘Mejillon Tigre, hitz esana’ poesia emanaldia eskainiko dute Eider Perez eta Ane Garciak Arrosan.

Euskarazko kultur eskaintzaren premia

Kulturaldia, Nafarroaren Egunarekin bukatzen dena, 1979tik orain arte egiten da Baigorriko eskualdean. Xalbat Alzugarayren hitzetan, «forma ainitzetako euskarazko ekitaldien eskaintzea» du xede, «kultura biziaraztea eta bazterrak euskaraz animatzea».

Euskarazko kultur ekimenik ez zelako sortu zen eta gaur egun, eskaintza pixka bat zabalagoa bada ere, ez da helburua aldatu zeren «oraindik bada behar bat ez dena gehiegi asetzen euskarazko kultur eskaintza aldetik».

«Euskal kulturan bultzatu dira hainbat gauza, baina eskaintza anitza eta trinkoa eskaintzea oraino behar bat da, eta zinez eragiteko gaitasuna du halako ekimen batek. Jendea gustura gelditzen da proposatutako gauzekin, gaurkotasunari lotuak eta aski anitzak. Edozeinek eskertzen du edo erraten dizu ‘ekitaldi hau maitatu dut egiazki’. Hainbat jende eta artista ekarraraztea aberastasuna da».

Iturri zaharretik beti berria den ura

Joxean Artzeren aipu batekin hasten da Kulturaldiko hitza: «Iturri zaharretatik edaten dut beti berria den ura».

Hizkuntza ez ezik, etxeak eta herriak ere hil eta folklore bihurtzen ari direla ohartarazi nahi dute. «Ez bada eraberritzen, folklore bihurtzen da tradizioa. Adibidez, euskal sinboloak inoiz baino gehiago ikusten dira: lauburuak, euskal grafia... eta nolabait bada joera bat euskal gauza bat egitekoa baina gibelean ez duena bereziki funtsik. Gure hizkuntza eta paisaia folklorizatzen dira horrela», azaldu du Basaizeako kideak.

Ez Baigorrin bereziki, baina hemendik ez hain urrun joera da bigarren etxebizitza kopuru biziki handi bat izatea herriek eta oporretarako baizik ez baliatzea. «Adibide garbia Pariseko metroko publizitatea da, udan Hendaia edo Kanbora oporretara etortzeko».

Egun osoko besta, igande honetan

Egun handia igandez izanen da berriz, Baigorrin. Tradizioz hala zen. Covidaz geroztik larunbatez egin da baina igandera itzuli nahi izan dute, batez ere eguneko besta indartzeko.

Jarduera aunitz egonen dira. Goizean, Gaineko plazan, merkatua, askaria, desfilea, ekitaldia, Bas'hitza, larrain dantza eta jauziak izanen dira. Arratsaldean, aldiz, Behereko plazan, txaranga eta elekrotxarangekin besta, familiaren txokoan bertso saio musikatua, Pontx pailazoa, zirkoa, puzgarriak, dantza ikusgarria... Eta, gauean, Belako eta DJ Uzkuluz. Eremu aski ttipian eskaintza handia.

«Bada leku bat euskaldunon artean saretzeko eta elkar ezagutza aberatsak eraikitzeko», nabarmendu du Alzugarayk, gonbidapena luzatzearekin batera.

Basaizea.com-en dago egitarau osoa, baita hainbat herritatik autobusean joateko tiketak erosteko aukera ere. Autoz joanez gero, aparkalekuak izanen dira, eta herri bazkariko txartelak lekuan bertan hartzen ahalko dira.