Iraitz Mateo

‘Putzua’, Goiatz Labandibarren gazte literaturako lehen eleberrian hilekoa da ardatz nagusia

Goiatz Labandibarrek gazte literaturako bere lehen eleberria argitaratu du, ‘Putzua’ (Erein). Neska nerabe baten esperientzia kontatzen du, baita bere ingurukoena ere: lagunek ba ote dute hilekorik? Ze ote daki Xabatek hilekoari buruz? Aitari kontatu nahi al dio? Nolakoa izan zen amonaren hilekoa?

Goiatz Labandibarrek ‘Putzua’ eleberria aurkeztu du.
Goiatz Labandibarrek ‘Putzua’ eleberria aurkeztu du. (Gorka Rubio | FOKU)

«Ume izatetik nerabe izatera pasatzen ari den neska baten istorioa da ‘Putzua’» azaldu du Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak liburuaren aurkezpenean. Laure da nerabezarora doan protagonista, eta bere lehen hilekoaren eguna kontatzen da ehun orrialdetan.

Irakurleak Labandibarren eleberri berria gazte literaturaren apalategian aurkituko badu ere, irakurle asko izan ditzakeela kontatu du Inazio Mujika Ereineko kideak. Izan ere, bere ustez hainbatetan isildua izan den gaia da hilekoarena, eta lehen aldiz hilekoa duten nerabeez gain, horien lagunei zein gurasoei lagundu ahal die liburuak. «Hilekoarena ez da gai bakarra, harremanak ere jorratzen dira; komunikazioa edo inkomunikazioa azken finean», azaldu du Mujikak.

Egun bakarra kontatzen du narrazioak, Laureri hilekoa etorri zaion eguna. Baina egun horretako «sentimendu koktela» zabala bezain anitza izanik, horiek denak bildu nahi izan ditu idazleak. Hilekoa «gauza fisiologiko-biologikoa izateaz gain konnotazio soziologiko handikoa da» kontatu du Labandibarrek, eta koktel horri nola egiten dion aurre protagonistak jaso du berak liburuan.

Mezu positibo bat duen istorioa da Labandibarren arabera, horrelako gaiek ikuspegi hori ere landu behar baitute bere ustez; eta zuzenki ahizpatasunari eta laguntasunari loturikoa: «Ahizpatasunari dagokionez, amak, ahizpak edota amonak ere presentzia handia dute, beraiek ere hilekoa nola bizi duten jakin nahi du Laurek. Eta bestetik, laguntasunaren garrantzia ere oso garrantzitsua da; beraien harremanak aldatzen ari dira».

Kuleroak odolez zikinduta ikusirik, Laurek zalantzak eta beldurrak ditu, «sentimendu koktel» handi batean dago, ez du kontatu nahi. Abiapuntua hori izanik alde positiboa gailentzeko ahalegina ere egin du idazleak: «Laurek hilekoarekin bizitzen ikasiko du, baita hilekoari buruz hitz egiten eta are, ospatzen ere».

Nerabeen errealitatetik gertu

«Idatzi dut neska nerabeentzat, baina ez dut neskentzat bakarrik idatzi, hilekorik ez dutenentzako ere bada, eta inoiz izango ez dutenentzat, beraiek ere Laureren azalean jartzeko ariketa bat da», adierazi du Labandibarrek. Eta helduentzako ere badela uste du, izan guraso, irakasle edo hezitzaile, «gazteen bidelagun izatea ere badagokigulako».

Gazteek hilekoa gaur egun nola bizitzen duten galdetu du inguruan idazleak, beraien errealitatera ahalik eta gehien hurbildu nahi izan baitu, eta nerabeen hizkera ere erabili du. Bere oroitzapen eta bizipenetatik ez dela gehiegi aldatu lehen hilekoaren esperientzia aitortu du, «lotsak, ezezagutzak, sineskeriak… berdin jarraitzen du».

Mujikaren iritziz liburuaren azalak ere deituko du arreta. Hanka batzuk ageri dira komunean eserita, kuleroak odolez zikinduta eta lorez beterik. Azala Ane Narbartek egin du, ilustratzailea izateaz gain ‘Loregorri’ kolektiboko kidea da, ziklizitatea eta hilerokoa lantzen duten kolektiboko kidea. Labandibarrek kontatu du ez zuela hausaz jo beregana, eta testua eman ostean askatasuna eman ziola nahi zuena egiteko. Oso pozik dago emaitzarekin.