Maite Ubiria

Aberastasunaren banaketa galdetu dute, aho batez, sindikatuek Baionan

Frantziar Gobernuak, zorra publikoa murrizteko aitzakiaz, langabezi saria murrizteko asmoa agertu duenean, azken urteotako mobilizaziorik bateratuena egin dute, Baionan, Maiatzaren Lehenaren karietara. LABren aurkako bazterketa aroaren amaiera markatu du, bestalde, euripean igaro den martxak.

Sei sindikatuetako ordezkariek eraman dute aberastasunaren banaketa galdetzen zuen banderola Santa Ursulatik eta Merkatu plazaraino.
Sei sindikatuetako ordezkariek eraman dute aberastasunaren banaketa galdetzen zuen banderola Santa Ursulatik eta Merkatu plazaraino. (Patxi BELTZAIZ)

Joan zen urtean borroka luzea eman zuten Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko langileek frantziar Gobernuak proposaturiko erretreten erreformaren aurka. Geroztik, Elisabeth Bornek utzi dio lehen ministro izateari eta Matignonen Gabriel Attal da gaur gaurkoz jaun eta jabe.

Lehengo lepotik burua, lehen ministro berriak erreformen bidetik jarraitzeko nahikeria osoa erakutsi du.

Hala, Ekonomia ministroa den Bruno Le Mairek zorra publikoari 10.000 milioi murrizteko lehentasun gisara irudikatu bezain pronto, lehen ministroak babestu du, behin uda igarota, martxan eman nahi duten langabezia sariari dagokion murrizketa.

Dagoeneko sindikatuek oharrarazi dute zaurgarritasunean bizi diren herritarrek pairatuko dutela erreformaren ondorioak. Horren aurrean, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatu dituzte, Maiatzaren Lekena kari, sindikatuek Baionan.

Berdin funtzio publikoari buruz zein aurrekontuen alorrean gastua estutzeko politikak gailentzen diren testuinguruan, eskubide sozialen aurkako oldarraldia oso presente izan dute, hain zuzen, goiz euritsu honetan, Baionan soilik ez, baita Maulen edota Hendaian mobilizatu diren langileak.

Intersindikalaren baitan, LAB sindikatua

Lapurdiko hiriburuan azken urteotako mobilizaziorik bateratuena egin dute sindikatuek. Bizi! edo Alda bezalako eragile sozialek aldarrikapen eguna indartu dute justizia klimatikoa eta elkartasun soziala lehen lerroan ezarriz.

«Bizitzen prekarizazio orokor eta antolatua»ri aurre egiteko Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko deia babestu dute aurten CFDT, CGT, UNSA-FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek.

 

LABi urte luzetan ezarritako hesia altxaturik, euritakoen azpian bada ere, denok batera azaldu dira, banderolaren atzinean, Santa Ursulatik eta Merkatu Plaza arteko ibilbidea osatuz sindikatuak.

Sindikatuek bultzaturiko deialdiaren osagarriz, Bizi! edo Alda bezalako mugimenduek parte hartu dute ekimenean.

Aroak lagundu ez badu ere, Maiatzaren Lehena aurkezteko agerraldian azaldu bezala, «langileen artean trukatzeko eta zapaltzen gaituen sistemaren aurrean sindikatu-batasuna bultzatzeko» helburua bete du Merkatu Plazan apanduriko langileen herrizka.

FSU sindikatuko ordezkariak Clement Pottier NAIZekin mintzo nabarmendu duenez «sindikatuek inteligentzia moduko bat aitzineratu dugu batzen gaituena aurrera emanez, hain zuzen baberastasunaren banaketari buruzko aldarrikapena».

Sindikatuek aldarrikapen ezberdinak aletu dituzte, beti ere enpresa handiek lortzen dituzten mozkin «olinpikoak» eta langileek pairatzen dituzten eskubideen murrizketa parez pare ezarriz.

Hala, soldaten eta erretreten igoera galdetu dute, deia berezia eginez gizonezko eta emakumezko lan arrakalari erreparatuz. Gehiegizko irabazpenak zergapetzea eta kapitalen ihesaldia saihesteko neurriak eskatu dituzte. Finean, oinarrizko gizarte laguntzak eta gazteentzako bekak emendatzea eskatu dute. 

Mobilizazio bi antolatu dituzte Maulen

Baionako mobilizazioak bide berria zabaldu du sindikatuen arteko elkarlanari dagokionez.

Eñaut Aramendik goraipatu du aurten intersindikalak LABek luzaturiko eskua ontzat eman izana. LABeko ordezkariaren ustez bide onetik doan urratsa markatu du Maiatzaren Lehenak Baionan. «Bihartik aurrera, enpresaz enpresa, garatu beharko ditugun borroketara eraman  beharko dugu batasun hau», azaldu dio sindikatuko abertzalearen ordezkariak NAIZi.

Izan ere, Ipar Euskal Herrian beste hainbat martxa antolatu dituzte gaur eta horietako gehienetan azken urteotako ajeak errepikatu dira. Parisen ere, iazko batasunari bizkar emanez, bi sindikatu nagusiek, CFDTk eta CGTk, bakoitzak bere ibilbidea antolatu du aurten.

Baionako martxa abiatu den ordu berean, 11.00tan, Kurutze Xurian hitzordua emana zuen «gerlarik ez herrien artean, bakerik ez klaseen artean» leloa Maulen astindu duen martxak.

Sindikatu eta eragile ezberdinek bultzatu duten ekimen horretatik at gelditu da, ordea, CGT sindikatua. Zerbitzu anitzeko zentrutik abiatuta beste martxa bat egin du aipaturiko sindikatuak.

Hendaian, Gaztelu aretoaren zabalgunean bilkura antolatu du, finean, 11:30ean, CGT.