Tartean hainbeste interes gurutzatzen direnean ez da erraza denak bat etortzea eta egoera berezi samarra bizitzea tokatu zaie Aitor Elordi eta Joseba Ezkurdiari azken bi aste hauetan.
Kontua da, igandean jokatuko dutela elkarren aurka A multzoko final laurdenetako ligaxkako azken partida eta lehia horren garrantzia erabat baldintzatuko du larunbatean, Iruñean, Artolak eta Zabalak jokatuko dutenak. Errioxarrak irabaziko balu, Bizkaia pilotalekuko partida soberan litzateke, biek egingo luketelako aurrera, alegiarra gailentzen bada, ordea, asko erraztuko lizkioke gauzak garaipena beharko lukeen Elordiri. Ezkurdiak 3 tantotan utzi beharko luke egungo txapelduna aurrera egiteko. Mirari bat.
Emozioari euste aldera, kirol logikak partiden ordena aldatzea gomendatuko luke, baina enpresek beste logika bati eustea nahiago izan dute, egoera zelebre honi bide emanaz. «Hastea kudeatzea ez da erraza guretzat, gure partida larunbatean hasten da igandean beharrean eta Artolaren garaipena funtsezkoa da nik aukerak izan ahal izateko. Espero Artolak orain arteko maila eman eta irabaztea, ni entxufatuta eta konektatuta etortzeko», azaldu du Aitor Elordik. Hori bai, argi omen du «nire esku ez dauden gauzak ezin ditudala kontrolatu eta kanpotik lasai begiratzea besterik ez zait geratzen». Hala ere, partida ikusiko ote duen ez du oraindik oso argi eta oso posible da, «Zabala irabazten hasten bada, telebista itzali eta hortik zehar joatea».
Igandera bizirik heltzeko, Joseba Ezkurdiak ere beharrezkoa du txintxarriaren garaipena, baina horrez gain gutxitan ematen diren markagailu horietako bi beharko lituzke eta bere buruari ez dio aukerarik ematen. «Kontu errazak ditut nik, zailak, ia-ia kanpoan nago, kanpoan ez esateagatik, baina gutxienez txapelketa bukaera on bat egin nahi nuke, partida on bat jokatu eta sentsazioak berreskuratu», azaldu du.
«Jokatu behar zenean ez dut jokatu»
Orain artekoa oso txarra izan da arbizuarrarentzat, oraindik oso ondo ez dakien arrazoiengatik. «Txapelketa prestatzeko denbora izan dut, ongi entrenatuta etorri naizela uste dut, baina gero jokatu behar zen momentuan ez dut jokatu, gauzak gaizki egin ditut eta ea orain aho zapore honi buelta ematen diogun, gozatzen dugun eta partida polit bat egiten dugun», gaineratu du.
Eskuetatik eta fisikoki ondo aurkitzen dela esan du sakandarrak, baina «animoz justu, normala halako txapelketa bat jokatu ostean». Bere aukera urriez harago, «zailena motibatuta eta ilusioz etortzea izango da, baina azkenean nire erruz nago nagoen tokian, merezita eta orain ahalik eta hobekien amaitu nahi dut txapelketa», gaineratu du. Denbora luzea darama arbizuarrak bere maila onenetik urrun eta txapelketa hau inflexio puntu bat izatea nahi zuen arren, «dena alderantziz irten zait». Egoerari buelta emateko, «lana eta gauzak ondo egitea» baino ez omen dago.
Bere burua txapelketatik kanpo ikusteak are arriskutsuagoa egiten du Joseba Ezkurdia Aitor Elordiren begietara. Baina berak burua partidan izan nahi du eta horretarako ongi daki zer egin behar duen ondo. «Argi dudana da ezker paretara pilota asko sartu beharko dudala, azkenean bera eta ni goitik ondo defendatzen garen pilotariak gara eta pilota zuzen erabiltzen badut, ez diot minik egingo. Tantoa amaitzerakoan ere asmatu egin beharko dut, Josebari kostatzen ari zaio tantoa amaitzen, baina niri ere bai, azaldu du.
Txapeldunarena nafarrarena bano txapelketa gorabeheratsuagoa izan da. «Garaipen on batekin hasi nuen Buruz Burukoa eta konfiantza handia eman zidan, baina hurrengo partida ez zen partidarik onena izan nire aldetik eta arerioaren merituz eta horrek konfiantza kentzen dizu. Denetik izan dut baina ondo nago», gaineratu du.