Jokoan den Espainiako Vueltan gertatzen denaren zain –bertan lehiatzen ari diren txirrindularirik onenetako asko eukal errepideetan izango dira datorren ostiraletik aurrera–, gaur egin dute aurtengo Itzulia Women-aren aurkezpen ofiziala Donostian eta antolatzaileek azaldu dutenez «pelotoiko txirrindularirik onenek» hartuko dute parte Gasteizen abiatuko den lasterketan.
Tartean izango da, SD Worx talde indartsuaren buru, iazko txapeldun Marlen Reusser, garaipena errepikatzeko asmoz. Etxean bertan izango du areriorik handienetako bat, Demi Vollering herbeheretarra, iaz bigarren izan zen txirrindularia talde berean arituko baita. Gainera, Vueltan maila bikaina ematen ari den Blanka Vas hungariarra, FDJ taldeko liderra den Evita Muzic edo Ricarda Bauernfeind, Canyoneko zerrendaburua ere irteera marran espero dituzte antolatzaileek, gauzak ondo.
Etxekoen artean, Ane Santesteban, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko talde burua izango da aukerarik sendoena. Annemiek Van Vleuten izarra gabe, Movistar talde nafarra ez da faboritoen artean agertzen eta Olivia Baril igotzaile kanadiarra izango da euren emakumerik indartsuena, teorian behintzat.
Hiru etapa
Orain arte lehiatutako Itzulirik menditsuena izango den hirugarren hau maiatzaren 10 eta 12aren artean egingo da eta denera, parte hartzaileek bederatzi mendate igo beharko dituzte hiru etapetan; hirugarren mailako sei, bigarreneko bi eta lehen mailako beste bat. Lehen etapa, Gasteiz eta Elgoibar artean izango da, 140 kilometrotako etapa laua. Bigarrena gorabaheratsuagoa izango da eta Bizkaiko errepideetan jokatuko da erabat, Basaurin hasi eta amaituko den 104 kilometrotako ibilbidearekin. Gauzak normal, sailkapen nagusia hirugarren eta azken etapan erabakiko da Donostian hasi eta amaituko den 114 kilometrotako etapa oso gogorrean.
Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Eneko Goia, Donostiako alkatea, Joseba Urkiola, EITBko Kirol zuzendaria, Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Mikel Arrillaga, HAZIko Marka eta Merkatu Ataleko arduraduna, Alaitz Biritxinaga, Itzulia Womeneko zuzendaria eta Julian Eraso OCETAko presidentea.