NAIZ

Vanuatu, Suedia eta El Salvador, Planeta Zoriontsuaren Indizearen lehen postuetan

Planeta Zoriontsuaren Indizearen arabera, Vanuatu, Suedia eta El Salvador daude lehen postuetan. Bizi itxaropena, gogobetetze maila eta CO2 isuriak aztertzen ditu indizeak; ondorioztatu dute bizi baldintza onek eta BPG altuak ez dutela zertan emisio altuen eskutik joan.

Vanuatuko uhartea dago Planeta Zoriontsuaren Indizearen goikaldean.
Vanuatuko uhartea dago Planeta Zoriontsuaren Indizearen goikaldean. (Wikimedia)

Vanuatu uhartea, Suedia eta El Salvador Planeta Zoriontsuaren Indizearen (HPI) lehen hiru postuetan daude. Indize horren arabera zerrenda egiten den seigarren edizioa da eta emaitzek adierazi dutenez bizi kalitatea edo gogobetetasuna ez doa kontsumoaren eskutik.

Berlingo Hot or Cool Institute ideien laborategiak egindako indizeak hiru adierazle batzen ditu: jaiotzako bizi itxaropena, biztanleriak hautemandako ongizatea (bere gogobetetze maila) eta biztanleko CO2 isuriak. 147 herrialde hartzen ditu kontuan sailkapenak.

2021eko datuetan oinarrituta egindako txostenaren arabera, aztertutako herrialdeetako pertsona aberatsenen %10ek gogobetetze maila nabarmen txikiagoak zituzten. Eta Barne Produktu Gordina per capita altuena duten hamar herrialdetatik seik batez besteko puntuazioa baino baxuagoa dute.

Txostenak nabarmendu duenez, karbono aztarna handiagoa izateak, eta horrek ingurumenean duen eraginak, ez du esan nahi herritarren ongizatea edo gogobetetzea handiagoa denik. Esate baterako, Botswanak eta Herbehereek 10,2 tona inguruko karbono aztarna dute, baina Europako herrialdeak Afrikakoaren bikoitza du bizi itxaropenari dagokionez.

«HPIk ez lituzke dauden adierazleak ordezkatu behar, baizik eta herrialdeak animatu behar lituzke aurrerapenaren neurri alternatiboak modu demokratikoan hartzera», adierazi du Saamah Abdallah Hot or Cool Instituteko ongizate iraunkorreko programaren arduradunak.

Inork ez du «puntuazio onik»

Nahiz eta herrialde bakar batek ere ez duen puntuazio ona lortu adierazle guztietan, Vanuatu, Suedia, El Salvador, Costa Rica eta Nikaragua dira posizio onenean daudenak, gutxi gorabehera eskalaren erdian.

Vanuatu uhartea lasaia da ikerketaren arabera, baina hala ere ez da ongizate maila altuenetakoa duena, 10etik 7,1 izan arren. Estatu Batuetakoaren edo Australiakoaren antzekoa du, baina Vanuaturen kasuan ezaugarri nabarmenena da bizi itxaropen moderatua duela, 70 urte ingurukoa, eta biztanle bakoitzeko 2,6 tona CO2 kontsumitzen dituela.

Erdialdeko Amerikako lau herrialde daude hamar posizio onenen artean, El Salvador, Costa Rica, Nikaragua eta Panama hain zuzen ere; izan ere, biztanleen ongizate mailak 6,1 eta 6,6 artean daude, eta horri 70 eta 77 urte bitarteko bizi itxaropena eta 2 eta 5,2 tona arteko karbono aztarna txikiak gehitzen zaizkio.

Mendebaldeko Europako herrialdeak dira, talde gisa, batez besteko puntuaziorik altuena dutenak, Danimarka seigarren postuan dutela, espainiar eta frantziar estatuen atzetik. 2021eko txostenaren azken edizioaz geroztik, Kroazia, Txina, Malaysia, Aljeria eta Lituania izan dira euren posizioa gehien hobetu duten herrialdeak.

Ondorio gisa, txostenak adierazi du bizi baldintza on batzuek ez dutela nahitaez eskutik joan behar emisio handiekin, eta BPGa handitzeak ere ez duela esan nahi bizi maila hobea izan behar denik. «Ongizate iraunkorra lor daiteke, baldin eta gizarteek helburu gisa ezartzen badute», azpimarratu du.