Jagoba Arrasateren Osasunako ibilbidea bere bukaerara iristear dago. Lau jardunaldi falta dira, zehazki, entrenatzaile bizkaitarra eta klub gorritxoaren bideak aldentzeko. Lehen Mailara igoera, urtez urte elitean sendotzea, Kopako finala eta Conference League jokatzeko txartela dira, besteak beste, Arrasateren gidaritzapean Osasunak pilatu dituen lorpenak.
Sei denboraldi bete ditu Berriatuako teknikariak Iruñean, sei urte gozo, oro har. Aurten ere, denboraldi gorabeheratsua izan den arren –Conference Leagueko kanporaketa, kasu–, Lehen Mailan jarraitzea bermatu du, eta ez da lorpen makala.
Bere agurra iragarri zuenetik, asko izan dira erabakia «birpentsatu» eta Osasunan geratzea eskatu dioten zaleak. Dena dela, Bartzelonako Xavik egin ez bezala, badirudi Arrasatek bere hitza beteko duela eta bere azken lau partidak gidatuko dituela Osasunak teknikari gisara.
Hala, Arrasatek Osasunari asko eman diola jakitun, klubak zaleen esker mezuak bildu nahi ditu entrenatzaile bizkaitarrari emateko, oroigarri gisara.
Osasunak, komunikatu batean azaldu duenez, «azkeneko sei denboraldietan lehen taldeko entrenatzaile izan den Jagoba Arrasateri merezi duen agurra eskaini nahi dio. Horregatik, bazkide eta zaleei laguntza eskatu die, esker oneko liburu bat egiteko. Nahi duten pertsona guztiek entrenatzaileari mezu bat bidaltzeko aukera izango dute. Testu horiek liburu batean bilduko dira, eta Jagobari emango zaizkio denboraldia amaitzean».
Klub gorritxoaren ustetan, kirol arrakastez harago joan da Arrasate, «Osasuna bezalako ehun urteko erakunde baten baloreak ohorez ordezkatzen jakin izan du». Hori dela eta, entitateak uste du zaleen maitasuna dokumentu bakar batean islatzea Jagoba Arrasterentzat «oparirik onena izango litzatekeela».
Atari digitalaren bitartez, 150 hitz
Bere esker mezua Arrasateri helarazi nahi dioten guztiek atari digitalen bidez egin ahal izango dute, gaurtik hasi (maiatzaren 3a) eta maiatzaren 15a bitartean. Atari digital hori Osasunaren webgunean egongo da ikusgai.
Halaber, klubak mezu elektroniko bat bidaliko die bazkideei ekintzan parte hartzera gonbidatzeko.
Testuak ez dira 150 hitz baino gehiagokoak izango, eta edozein hizkuntzatan idatzi ahal izango dira. Mezu pertsonalak direnez, izen-abizenak aurkeztu beharko dira, eta idatzi bakoitzaren sinadura gisa agertuko dira liburuan. Liburuan agertuko ez den arren, prozesuan mezu elektroniko bat ere eskatuko da, egile bakoitzaren nortasuna egiaztatzeko.