NAIZ

Real Madril, Ligako txapeldun; Alavesek eskura du salbazioa Valentziari bisita egin aurretik

Andaluziarrek 3-0 galdu dute gaur bertan Ligako txapeldun bihurtu den Real Madrilen etxean eta, beraz, esan daiteke matematikoki Alavesek beste urtebete jarraituko duela Lehen Mailan. Igande honetan Europako postuengatik borrokan dabilen Valentziari bisita egingo diote babazorroek (18.30).

Alaveseko jokalariak, Atleticoren aurkako gola ospatzen.
Alaveseko jokalariak, Atleticoren aurkako gola ospatzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Real Madrilek 3-0 irabazi dio larunbat honetan Cadizi eta, ondoren, Barçak 4-2 galdu du Gironaren etxean –Xavirenek irabazi behar zuten bai ala bai–. Gauzak hala, Carlo Ancelottiren jokalariek Liga irabazi dute gaur bertan eta Cibelesera abiatuko dira ospatzera. Cadizen aurka lorturiko emaitza horrek Alavesengan ere eragina izan du, eta handia gainera. Izan ere, esan daiteke babazorroek salbazioa lortu dutela matematikoki.

Alaves eta Cadizen arteko emaitzak 1-0ekok izan dira aurten; bakoitzak partida bat irabazi du elkarren kontrako neurketetan, baina gol alde orokorrean gasteiztarrak -7 dute eta andaluziarrek -26. Zifra horri buelta ematea oso zaila da.

Hala, behin Cadizen emaitza jakinda, Alaveseko jokalariek presio puntu bat kendu dute igande honetan Mestalla bisitatzeko (18.30). Aurrean, Europako postuengatik azken saiakera egiten ari den Valentzia izango dute babazorroek, baina bolada zeharo ezberdinean iritsiko dira bi taldeak.

Gasteiztarrek azkeneko bi neurketak irabazi dituzten bitartean –biak etxean, Atletico eta Celtaren aurka–, valentziarrek bi porrot jaso dituzte. Gainera, Realak larunbat honetan Las Palmasen aurka lorturiko garaipenarekin, zazpi puntura dituzte donostiarrak seigarren postu horretan. Betis zazpigarrena da, 49 punturekin, eta igande honetan Osasunaren aurka arituko da Sadarren.

Beraz, Ruben Barajak gidatzen duen taldeari garaipena bakarrik balio dio. Esan bezala, aurrean presio gutxiago duen Alaves izango dute, gaina hau arazo handia izan liteke. Izan ere, babazorroak lasaiago joka dezakete eta horrek arazoak ekar ditzake Mestallakoei.

Luis Garcia Plaza entrenatzaileak oraindik ez du etorkizuna argitu, baina Valentziako neurketari begira, betiko atzelariak erabil ditzake: Rafa Marin eta Adbel Abqar.

Bestalde, ez dirudi asko aldatuko duenik hamaikakoa. Zelai erdian Carlos Benavidezentzat izango litzateke, eta Kike Garcia eta Giuliano Simeone erasoan arituko lirateke.

Prestatzaileak mugimendu hau egingo balu, denboraldian zehar minutu ugari izan dituzten Luis Rioja –aita izan da–, Ander Guevara eta Samu Omorodion aulkian geratuko lirateke. Gainera, Ruben Duartek ezin izango du jokatu, arazo batzuengatik.

Alavesek, hori bai, beste helburu bat du buruan: etxetik kanpo berriro irabaztea. Azken hiru partidak galdu egin dituzte Mendizorrotzatik kanpo, eta denboraldia amaitu baino lehen beste gutxienez beste hiru puntu eskuratu nahiko dituzte Gasteiztik urrun.

Mestalla ez dirudi toki aproposa, gehienbat jokoan dutenagatik. Hori bai, Luis Gayak ezin izango du jokatu ezker hegalean eta Fran Perez, sorbalda arazoekin, baja izango da baita ere. Agian baja handiena bikain ari den Giorgi Mamardashvili atezainarena izango da. Barçaren aurkako neurketan txartel gorria ikusi zuen eta bere tokia Jaume Domenechi utziko dio.

Barajak atarikoan adierazi duenez, azken honek «bigarren atezainaren hierarkia eta esperientzia» ditu Alavesen aurka titular gisa aritzeko.

Domenechekin batera badirudi Dimitri Foulquier eskuin hegala arituko dela. Bartzelonaren aurka ezin izan zuen jokatu arazo batzuengatik. Gainera, lesio batengatik hilabete bat zelaietetik kanpo egon den Roman Yaremchuk berreskuratuko du Ruben Barajak. Hala ere, badirudi ukrainarrak aulkian hasiko duela norgehiagoka.