Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Hilketa egotzi dio prokuradoreak Donibane Lohizunen hilik agertu zen emakumearen bikoteari

Jerome Bourrier prokuradoreak Donibane Lohizuneko hotel batean joan zen ostiralean hilik agertu den emaztearen heriotzari buruz azalpenak eman ditu gaur. Hiru aste lehenago Ziburuko hotel batetik erori zen emaztearen bikotearen berri bazuela Poliziak «urtarrilaz geroztik» baieztatu du.

Jerome Bourrier prokuradorea, erdian, gaur goizean auzitegian eskaini duen prentsaurrekoan.
Jerome Bourrier prokuradorea, erdian, gaur goizean auzitegian eskaini duen prentsaurrekoan. (Guillaume FAUVEAU)

«Aurpegi anitz duen drama» bezala ezaugarritu du, gaur goizean, Jerome Bourrier prokuradoreak joan zen ostiralean Donibane Lohizuneko hotel batean gertatu zen «ekintza salbaia».

Hotel de Paris-en emazte baten gorpua hilotz atzeman zuen arratsaldeko lehengo orduetan Poliziak. Bertan atzeman zuen bere bikotekidea baitaere. Gizonak berak liskarra baten ondorioz «zauri arinak» zituela emazteak ohartarazi zuen.

Poliziak gelan atzeman zuen «eszena salbaia» gizonak adierazitakoa gezurtatzea etorri zela nabarmendu du prokuradoreak

Emaztea ohe gainean zegoen. Orkatilak eta eskumuturrak loturik zituen, gorputzaren atzealdean eginiko korapilo batekin. Mailu batekin eginiko zauri handia zuen buruan. Baginaren inguruan likido zuria zuen.

Analisiek emango duten emaitzaren zain dago prokuradorea usteko bortxaketa batekin bere akusazioa zabaltzeko.

Drogamenpekotasuna eta prostituzioa izan ditu aipagai prokuradoreak «noraeza», «bazterketa» edota «isolamendu» muturreko egoeran bizi zen bikotearen ibilbidea zehazteko.

2013az geroztik elkarrekin ziren. Izan ere, 2024ko urtarrilaren 25 arte ez zuen Poliziak bikotearen baitan bizi zen egoeraren berri izan.

Egun horretan Poliziaren mintzo ezezagun baten aldetik aizkora batekin jaso zuen erasoari buruz emazteak aurkezturiko salaketa ustezko mafia baten aldetik bikoteak pairatuko lukeen jazarpenari buruz gizonak eskaini zituen azalpenekin nahastu zela azaldu du fiskalak. 

Fiskalaren arabera, adituen txostenek ez zuten lagundu emazteak eraso sexista pairatu zuela argitzeko orduan. Biktimak bere bikotekidea errugabetu zuen bai orduan baita apirilaren 23an, erietxean, Poliziari eskainitako bigarren deklarazioaren bidez.

Bigarren deklarazio hori hiru aste lehenago emaztea Ziburuko Ibis Hotelaren bostgarren solairutik kalera erori ondoren heldu zen. Erietxera oso larri eraman zuten eta bertan, egun batzuk beranduago, hartu zion hitza Poliziak.

Emaztea erietxean izan zen maiatzaren 1ean, ustekabean, desagertu zen arte.

Erietxeko arduradunek Poliziari abisua eman zioten eta egun berean xerkatuak diren pertsonen fitxeroan sartu zuten Alemanian sortua izan arren frantses nazionalitatea zuen emaztearen izena.

Bere heriotza gertatu ondoren aurrekari hori hilketa saiakera bat izan zen edo ez argitu beharko duela ikerketak gaineratu du prokuradoreak.

Alta, orduan elementu nahiko atzeman ez zutelakoan, gizona atxilotu eta 24 ordutara libre uztea erabaki zuen Bourrier prokuradoreak.

Urtarriletik, begiz jota

Apirilaren 15 eta maiatzaren 3 artean gizona horren gainean mota bateko edo besteko zaintza poliziala izan zen galdetu dio NAIZek prokuradoreari.

Urtarrilaz geroztik poliziek begitan zutela 37 gizona baieztatu du Jerome Bourrierek. Orotara 19 aipamen zituen ustezko hiltzaileak bere txosten judizialean, baina inoiz ez zen bortizkeria sexistengatik zigortua izan.

Bere agerraldian zehar behin baino gehiagotan nabarmendu du prokuradoreak, urtarrilaz geroztik Poliziak gizon horrekin izan zituen solasaldiak, aski gorabeheratsuak zirela, eta inoiz ez zituzten eskaini indarkeria sexistengatik prozedura mamitzeko aski froga atzeman.

Gizonaren atxiloaldia luzatu zuen atzo prokuradoreak. Atxiloaldian zehar «monstru bat jazartzen zuela» azaldu du gizonak eta horren barre algara isilarazteko xedez mailua baliatu zuela gaineratu du. Ohearen izararekin bildua atzeman zuen Poliziak emaztea kolpatzeko erabili zuen mailua.

Komisaldegian ustezko hiltzaileak uko egin dio analisiak eta frogak egiteari.

Sikiatrak ez zu gizona atxiloaldian zehar artatu. Hilketa egotzita gizonari auzibidea zabaltzea galdetu duen prokuradorearen arabera epaile baten zaintzapean iraganen den prozedura horretan ahalko zaizkio «baldintza egokietan» azterketa horiek guztiak egin.

Beste elementu adierazgarri bat jarri du mahaigainean prokuradoreak NAIZek eginiko galderari erantzun duenean. Emazteari atzeman diotela indarkeria sexista pairatzen duten emazteek jasotzen duten informazio agiria ('violentometre' izena du tresna hori) baieztatu du.

«Galdetegia betea zuen eta horrek pentsarazten digu harremanen bat izan zuela emazteen aurkako indarkeriari aurre egiteko lan egiten duten elkarte edo sareekin», azaldu du.

Astelehen arratsaldean eginen diote autopsia 34 urteko emazteari.

19.00etan, berriz, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea eginen dute Donibane Lohizuneko Louis XIV plazan «hilketa matxista» salatzeko.