«Ane Santesteban lehen hamarren artean sartzea izango da helburu nagusia»
Ostiral honetan abiatuko da Itzulia Gasteizen. Laboral Kutxako liderra Ane Santesteban da, eta bera babestu nahi dute, faboritoen arteko borrokan sar dadin. Lazkano «gustura» dago orain arte egindakoarekin, baina nabarmendu du helburu potoloak orain datozela.
«Ane Santesteban lehen hamarren artean sartzea izango da helburu nagusia»
Atzo korritu zuten Nafarroako Klasika, eta Espainiako Vuelta joan den astean. Azken horretan Laboral Kutxa gogor jardun da, zenbait etapetan txirrindulariak lasterketa buruan ibiliz, ihesaldiak harrapatzeko helburuarekin. Itzulian, baina, bestelako helburu bat dute, Ane Santestebanekin sailkapen orokorra lehiatzea, Ion Lazkano (Mendaro, 1988) Laboral Kutxako kirol zuzendariaren esanetan. Etxean lehiatzea «berezia» denez, itxura ona eman nahi du Laboral Kutxak. Tourraren gonbidapena, egiten ari diren «esfortzuaren saria da».
Egutegian ziurrenik gorriz markatuta duzuen lasterketa bat da. Zer sentipen duzue talde barruan?
Bai, azkenean egutegiko zitarik garrantzitsuenetako bat da. Etxean lehiatzea, gure afizioaren aurrean, guretzat berezia da. Horrez gain, World Tour mailako itzulia izanik, eta Ane [Santesteban] bezalako txirrindulari bat gure taldean izanik, helburu polita da; gogotsu eta ilusioz gainezka gaude.
Oraintxe korritu berri duzue Espainiako Vuelta, eta taldeak aurpegia eman du. Lourdes Oyarbidek egin zuen saiakera Jacan. Baita Idoia Erasok eta Laura Tomassik ere. Bestalde, sailkapen orokorrean Aileen Schweikart 25. postuan geratu zen. Nola joan da Vuelta eta zer balorazio egiten duzu?
Azkenean aurpegia eman dugu. Aneren hutsuneak eragin du sailkapen orokorra pixka bat herren geratzea. Helburua zen maillota erakustea, eta ihesaldietan parte hartzea, eta eguneko beste xedeetako bat erasokorren saria eskuratzea, bai Idoiak [Erasok], bai Lourdesek [Oyarbidek] lortu zuten. Horrez gain, Laura Tomassi eta Cristina Tonetti ere ihesaldietan sartu ziren. Uste dut gure lekuan izan garela, azkenean maila oso altua da, oso-oso altua, eta berriro esanda, Aneren hutsunea medio, ez genuen sailkapen orokorrerako inor, eta Aileen [Schweikart] egunez egun nahiko ondo sentitu da, eta azkenean 25. postu batekin amaitu dugu itzuli hau.
Itzulian ere ikusita tropelaren maila berbera izango dela, World Tourreko talde indartsuenak baitaude, baita txirrindulari indartsuenak ere, Vollering, Labous, eta Niewiadoma, besteak beste, Santesteban taldean edukita, beste helburu batekin korrituko duzue?
Bai, gure helburua aldatzen da Ane bezalako txirrindulari batekin. Sailkapen orokorrerako aukerak izan ditzakegu, eta Itzulian sailkapen orokorrean lehen hamarren artean sartzeko borrokan egon gaitezke. Helburu horrekin irtengo gara, ihesaldiak harrapatzea ez da izango hain garrantzitsua, Espainiako Vueltan bezainbeste, baizik eta Aneri bai laguntza, bai babesa ematea, eta azkeneko kilometroetan, Vollering eta Niewiadoma bezalako txirrindulariekin borrokatzea.
Santesteban ez ezik, Usoa Ostolaza eta Lourdes Oyarbide, Nadia Quagliotto, eta Jessenia Menesesek osatuko dute seikotea. Zer nabarmenduko zenuke bakoitzaz? Zein eremutan moldatzen dira hobekien?
Itzuliaren ibilbidea ikusita, aurten ikusten da betiko moduan aldapak daudela. Lehenengo etapa ez da hain gogorra, Azkarateko igoera ibilbide erdian dago, baina uste dut tropela esprintean irits daitekeela. Bigarren etapan igoera gogor bat dago ibilbide erdian, eta bukaera nahiko maldatsua da; hor bai ikusten dut txirrindularien artean lehen aldeak egon daitezkeela, eta gero azkeneko etapan dena erabakiko da, oso gogorra da. Jaizkibel igoko dute, baita Murgil ere, eta bertatik Donostiara oraindik bidea geratzen da, eta hor diferentzia handiak egon daitezke. Ez dugu etapa laurik izango, Euskal Herriak duen orografia medio, baina mendia aldapatsua ere ez da izango, ez da igotzaile petoentzat. Bitarteko zerbait bilatu beharko dugu, eta zuk esan dituzun izenak, bai Nadia [Quagliotto], bai Ane, bai Usoa [Ostolaza], ibilbide horietan bikain moldatzen diren txirrindulariak dira.
Aipatu dituzu etapak, sobera aztertuta izango dituzue. Zein estrategia izango duzuen ez didazu esango, baina zer aurreratu dezakezu etapa hauetan Laboral Kutxak izango dituen asmoez?
Aneren sailkapen orokorra izango da helburu nagusia, berari babesa ematea gehienbat. Egunez egun joango gara. Egia da lehenengo etapan esprintean iristen den talde bat badago, Nadia Quagliotto ondo moldatzen den txirrindularia dela. Hala ere, bai bigarren etapan, bai hirugarrenean diferentziak egiten hasiko dira, eta bertan Ane faboritoen artean sartzea izango da helburua; horren bitartez, sailkapen orokorrean lehen hamarren artean sartzea.
Iaz Ostolaza izan zen lehen euskalduna Itzulian, 16. postua lortuta sailkapen orokorrean. Ez dakit aurten errepikatuko duen, Santesteban bere taldekidea bertan egonda...
Helburu desberdinak izango ditu. Iaz Usoa maila politean zegoen, Itzulira ondo iritsi zen. Azkeneko etapan ihesaldia hartu zuen, eta bertan ondo iraun zuelako eutsi zion 16. postuari. Askatasun handiagoa izan zuen iaz, hori argi dago, eta aurten Aneren agindupean egon beharko du gehiago. Azkenean Ane ikusten dugu faboritoen taldetik gertuen ibil daitekeen txirrindularia.
Hain justu ere, Santesteban eta Ostolaza ez ziren lehiatu Vueltan, arnas infekzioa zutela-eta. Jada osatuta daude?
Bai, egun batzuk izan zituzten nahiko makalak. Ez zituzten sentsazio onak, horregatik ez genituen eraman Espainiako Vueltara. Garrantzitsuena zen ondo errekuperatzea, eta Itzulirako ondo egotea. Ondo daude, eta ikusiko dugu egunez egun nola joaten diren.
Errepide bazterrean ziur nago zale gehientsuenek Laboral Kutxako txirrindulariak hauspotuko dituztela.
Espero dut baietz [barrez]. Egia da hemengo zaleek txirrindulari guztiak animatzen dituztela, baina etxeko txirrindulariei maitasun berezi bat erakusten badiete, jakin dezatela guretzat berezia dela. Afizioaren aurrean esfortzu handian ibiltzeak bere ilusioa dakar, eta badakit txirrindulariek horrekin amesten dutela.
Itzuliaz harago, orain arte egindakoarekin gustura zaudete?
Bai, azkenean nahiko ondo hasi ginen, puntuen sistema honen bitartez, UCI mailaren barruan lehen hogei talde onenen artean sartu ginen, egon ginen ere lehen hamabost sailkatuen artean. Azken hilabete honetan, martxoan, ezin izan dugu asko lehiatu. Apirilean izan ginen Ardenetan, maiatza topera dugu, eta puntu sistema horri begiratuz, espero dugu pixkanaka gorantza joatea. Helburu potoloak oraintxe datoz, eta prestakuntza guztia hona bideratuta zegoen. Ikusiko dugu maiatza eta ekaina zer moduz joaten diren, zita oso garrantzitsuak baititugu.
Oraintxe bertan ez zaudete lehen 17 taldeen artean, baina lau hilabeteetan jada iaz lortutako puntuak eskuratu dituzue.
Bai, azkenean taldeak aurrerapauso bat eman du, fitxaketa berriak direla medio. Esperotakoa, taldea gorantza doan heinean, kirol mailak nahitaez gorantza joan behar du. Uste dut bide onetik goazela, baina helburu nagusiak oraintxe datoz. Maiatzean, ekainean ere bai, eta gero sari potoloa Tourra izan da. Abuztuan Rotterdameko irteeran izango gara, eta hura ere taldearentzat uste dut inflexio puntua izango dela.
Tourraren gonbidapenarekin, oso pozik zaudete, ezta?
Oso-oso pozik, egiten ari garen esfortzuaren saria dela iruditzen zaigu, benetan merezi duelako horrelako kirol ekitaldi batean parte hartzea. Tourra Tourra da, txirrindularitza jarraitzen dutenek badakite, eta jarraitzen ez dutenek badakite Frantziako Tourraren izena aipatzeak zer esan nahi duen. Bertan izatea guretzat izugarrizkoa da, eta amets bat errealitate bihurtzea.