Sarerik eta matematika ariketa zailik egin behar izanik gabe jokatuko dute igande honetan Astelenan Jokin Altuna eta Dario Gomezek; 22ra heltzen denak Artolaren aurka jokatuko du, hilaren 19an, Buruz Buruko finalerdia eta galtzaileak agur esango dio txapelketari. Hori bai, errioxarrak ondo adierazi duenez, «horrelako partidak jokatzeko entrenatzen gara egunero eta nahiago nuke ia astero halako partidak jokatu beharko banitu».
Kinta berekoak izanda, ume-umetatik ordu asko konpartitu dituzte biak, kantxa barruan bezala, frontoietatik kanpo ere, eta lagun handiak dira, baina igandean ez da inolako errukirik izango elkarren artean. Txapelketa hasieran bataren eta bestearen espektatibak horren desberdinak izanda, pentsa liteke amezketarrak galtzeko gehiago duela errioxarrak baino, baina Ezkairakoa ez dator bat uste horrekin. «Biok dugu galtzeko eta irabazteko gauza bera, finalerdietan sartzea. Argi dago bera dela apustu guztietan finalerako eta txapelerako hautagai nagusia, baina biek partida bakarrera dugu helburua, biek dugu galtzeko gauza bera».
Hasiera arras desberdina izan zuten biek txapelketan eta Jokin Altunak kolpe handi xamarra hartu zuen Lasoren aurka Bilbon, baina aitzakiarik gabe heltzen omen da igandeko partidara. «Badut esperientzia eta disgustuek ez didate gehiegi irauten, baina pozek ere ez. Denbora asko daramat honetan eta gogo biziz hartzen du, burua egunerokoan dudala, ondo entrenatzen eta ondo heltzen naiz, aitzakiarik gabe eta aurrean partida gogorra izango dudala jakinda.
Dariok ere, ez dio aparteko garrantzirik ematen Altunak lehen partidan emandako maila kaxkarrari. «Jokin beti egoten da ondo, gainera, txapelketaren bat justu antzean hasten duenean, gero gorantz egin ohi du. Lasoren aurkakoa? ba denok gara pertsonak eta egun txarrak izaten ditugu. Kontua da honek besteok baino egun txar gutxiago izaten ditugula. Espero dezagun txapelketako egun txar bakarra gastatu ez izana», azaldu du, umorez.
Sakearen garrantzia
Biek izan dituzte euren gorabeherak txapelketan zehar eta, Jokin Altunak, esaterako, berebiziko garrantzia eman dio sakean asmatzeari. «Nik uste aurreko bi partidetan baino hobeto sakatzerik badudala eta gero argi ibili beharra daukat aurrera joaten naizenean eta nire burua ez saltzen», azaldu zuen. «Errestoan ondo aritzea ere garrantzitsua izango da, baina badakit sakea berak duenean sufritzea tokatuko zaidala. Banaka ikusten ari gara, partida guztietan atzean dagoena sufritzen ari dela eta sakea dudanean mina egiten saiatu beharko dut», gaineratu du gipuzkoarrak.
Errestoa da, baita, Dario Gomezen kezka iturrietako bat. «Azken egunetan sakeak erantzutea kostatu zait eta Eibarkoa, gainera, errestorako pilotaleku zaila da, ezker pareta irregular xamarra dauka eta batzuetan arraro irteten da pilota. Oso adi egon beharko dut eta nik ere pilota ezker paretan sartu beharko dut mina egiteko eta gero eskuinarekin ere altura bilatu beharko dut frontisetik urrun izateko».
Lasoren aurka ere behar baino presa gehiagorekin aritu zela uste du Dariok. «Ez dut presarik izan behar, azken egunean, bigarren partean, agian presaka aritu nintzen eta hortik heldu ziren partidan sartzen utzi ez zidaten akats batzuk, Unaik jokatu zuenaz harago, noski. Igandean ezin dut presaka aritu, denbora bat jotzen eman behar badut, eman egingo dut, ez dut tantoa amaitzeko presarik izan behar, baina eskuinez ondo aritu behar naiz».
Altunak ere ez dio beldurrik partida luze bati, baina argi du Dariok ere tantoa amaitzen asmatu beharko duela finalerdietan egon nahi badu. «Berak partida mota hori planteatu nahiko du, baina badakit ondo sakatzen duenean ez badiot pilota kentzen, airearen bila joango dela. Berak badaki gauza bat dela partidak erritmoa izatea, baina ongi daki ere tantoak amaitu beharko dituela. Ondo joan zaionean horregatik izan da, dominatu duelako eta tantoak ere, ondo amaitu dituelako, badakit ez dela tanto guztietan hamar pilotakada segidan atzera jotzera joango», azaldu du.
Buruz Burukoan bi aldiz jokatu dute elkarren aurka eta bietan lanak eman badizkio ere, garaipena amezketarrarentzat izan da. Duela bi urte, Bilbon, final laurdenetako ligaxkako lehen partidan 22-19 eta 2020ko finalerdietan, Astelenan bertan, 22-15. Erronka argia da Dariorentzat.