NAIZ

Iruñeko haur eskoletan 1.100 menu prestatzen dira egunero osagai osasuntsuekin

Iruñeko Udaleko haur eskoletan 1.100 menu zerbitzatzen dira egunero. Eskoletako sukaldeetan prestatzen dituzten eta hurbileko eta sasoiko osagai osasuntsuak erabiltzen dituzte. Zinegotziek menu bat dastatu dute gaur Hello Buztintxuri haur eskolan egin duten bileraren ondoren.

Iruñeko zinegotziak Hello Buztintxuri haur eskolako menua dastatzen.
Iruñeko zinegotziak Hello Buztintxuri haur eskolako menua dastatzen. (IRUÑEKO UDALA)

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen sareak egunero 1.100 menutik gora ematen ditu (haurrendako eta langileendako), eskoletako sukaldeetan bertan prestatuak, ‘Hemengoak’ proiektu pedagogikoari jarraituz. Ekimen horrek hurbileko eta sasoiko elikagai fresko eta ekologikoen aldeko apustua egiten du.

Proiektua bertatik bertara ezagutzeko xedez Haur Eskoletako Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeko kideak, Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria buru zutela, Hello Buztintxuri haur eskolako erabiltzaile bihurtu dira eta menu horietako bat dastatu dute bertan. Bazkaria gobernu batzordeak eskola horretan egin duen ezohiko bileraren amaiera izan da. Bileran ‘Hemengoak’ proiektuari buruzko informazioa emateaz gain, udal-titulartasuneko hamabi haur-eskolen kudeaketarekin lotutako gaiei buruz ere aritu dira.

Iruñean 2023-2024ko ikasturtean 967 plaza daude guztira, eta kopuru hori 1.069 plazara handituko da datorren ikasturtean, ikasturte honetan eraberritze integrala egiteko obrak direla eta itxita egon den Donibane haur-eskola berriro irekiko baita. Hamabi eskoletako ikasle gehienek zentroek eskaintzen duten jantoki-zerbitzua erabiltzen dute. Zerbitzu hori, 2019az geroztik, ‘Hemengoak’ proiektuari jarraiki egiten da. Ekimen horretan eskoletan bertan prestatzen da janaria, beti elikagai freskoekin, eta hurbileko eta sasoiko elikagai ekologikoen aldeko apustua eginda. Gertukoa ez den elikagai bakarra Galiziatik datorren arraina da, eta jasangarria da baita ere.Gainontzekoa Iruñetik 200 kilometro baino gutxiagoko distantziara dauden baratze eta abeltegietatik dator.

Iruñeko Udalak modu esperimentalean abiatu zuen proiektu hori 2017an eta, pixkanaka, haur-eskola guztietara hedatu du. Haur Eskolen Erakunde Autonomoak azpimarratu duenez, nazio mailan dagoen horrelako proiektu bakarra da, gertuko elikagaiak, tokian bertan prestatzearekin eta zentroetan egunerokotasunean islatzen den adierazpen pedagogikoarekin uztartzen baititu. Eta, gainera, sukaldea duten hamaika haur-eskoletan egiten da (José María Huarte haur-eskolan ez dago jantokirik egonaldi erdikoa delako). Adierazi dutenez, era horretako unean uneko ekimenak daude eskola txikietan, baina ez dute sare oso bat inplikatzen.

Nutrizio-gidak dituen hezkuntza proiektua

Beraz, proiektuak hainbat berezitasun ditu. Horietako bat da egunero menu osoa haur-eskola bakoitzeko sukaldean bertan prestatzen dela. Beraz, etxeko janaria da, eta ez dute udal-instalazioetara aurre-prestatutako elikagaiak eramaten dituzten catering-zerbitzuetara jo behar. Gainera, menuak nutrizioari eta dietetikari buruzko egungo gomendio zientifikoetan oinarrituta daude. Sukaldariek egunero prestatzen dute janaria nutrizionistaren eta Haur Eskoletako Erakundeko sukalde-koordinatzailearen gidalerroei jarraituz.

Halaber, jantokiko elikadura-prozesuak hezkuntzaren ikuspegitik laguntzen dituzten haur-eskola bakoitzeko hezitzaileekin besoz beso lan egiten dute, bai eta garbiketa-laguntzaileekin ere, bertutezko zirkulu hori beren lan garrantzitsuaren ixten dutenak, eta gertatzen diren janari-hondakinak aztertzen dituztenak. Izan ere, 'Hemengoak' berez, proiektu pedagogiko bat da, haur-eskoletako langileak ez ezik, adingabeak ere tartean sartzen dituena, aztura osasungarriak har ditzaten eta elikagaiak ezagut ditzaten. Zentzu horretan, ekimen horren bitartez, elikadura osasungarriaren inguruan kontzientziatu nahi da, dieta desegokiei eta obesitateari lotutako gaixotasunen aurka borrokatzeko. Menu horiek azukrearen, trans gantz-azidoen, haragien eta esne-gazten ekarpena murriztea eta fruta, barazki eta prestatu gabeko elikagaien kontsumoa handitzea bilatzen dute.

Beraz, elkarlaneko proiektua da, pertsonen osasunarekin eta, ekologiaren ikuspegitik, ingurumenarenarekin konprometitua. Bazkariaz gain, proiektuak eguerdian hamaiketako bat ere barne hartzen du, frutaz osatua.

Janari osasungarri horien adibide gisa, proiektuak egunero 100 gramo barazki kontsumitzea ezarri du. Horretarako, sasoiko 20 barazki mota baino gehiago erabiltzen dira urteko garai bakoitzean; hala, haurrendako erakargarriagoak diren kolore, testura eta zapore anitzeko platerak egiten ahal dira. Eskoletako menuetan ere jasota dago osoko zerealak eta patata karbono-hidratoen iturri gisa erabiltzea, eta animalia- eta landare-proteinak uztartzea, oliba olioarekin kozinatutako oilaskoa, txahala, arrain freskoa, arrautza freskoa eta lekaleak kasu.