Joan den asteburuan Zornotzan gertatutako eraso matxista bat salatu du herriko mugimendu feministak. Jakitera eman dutenez, gizon batek bikotekidea jipoitu zuen. Suhaziak, Zornotzako Talde Feminista eta M8 Plataforma taldeek deituta, elkarretaratzea egin dute ostiral arratsalde honetan herriko plazan.
Mobilizazioan eman dute erasoaren xehetasunen berri. Azaldu dutenez, maiatzaren 5eko goizaldean jazo zen erasoa eta ez omen da gizon honek neska-laguna jipoitzen duen lehen aldia, nahiz eta azken hau izan den larriena. Zehaztu dute biktimak bere burua «bereziki arriskuan» ikusi eta ihes egitea lortu zuela.
Era berean, poliziak eta insitituzioek biktimarekiko agertutako jokabidea arbuiatu dute elkarretaratzean. Mugimendu feministaren aburuz, «bere erasotzaileari babesa ematea erabaki zuten biktima guztiz momentu zaurgarrian zegoenean». Horren aurrean, elkartasuna agertu diote erasoa pairatu zuen emakumeari.
Halaber, Ertzaintzaren jarrera deitoratu eta «axolagabetxat» jo dute: «Sistema zisheteropatriarkal suntsitzaile hau zuek sostengatzen duzuelako argi daukagu ez gaituzuela babesten eta gu geu garela elkarri babesa eta zaintza ematen diogun bakarrak». Hori dela eta, autodefentsa feministarako deia egin dute.
Udalbatzak adierazpen instituzionala egin du eta erasoa jasan zuen emakumeari elkartasuna agertu diote, jazotakoa arbuiatzearekin batera. Halaber, konpromisoa berretsi dute «bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabatzeko».