Asier Robles

Kirola, aisialdia eta aldarrikapena uztartuz, Lasterka Askatasunera maiatzaren 18an

Bizkaiko 11 gazte eragilek Lasterka Astakatasunera ekimena antolatu dute maiatzaren 18rako Bilbon. Independentziaren aldeko lasterketa herrikoi bat baino gehiago izango da eta egitarau oparoaz gozatzeko aukera egongo da: azoka, herri bazkaria, kontzertua...

Maiatzaren 18an izango da Lasterka Askatasunera ekimena.
Maiatzaren 18an izango da Lasterka Askatasunera ekimena. (NAIZ)

Independentziaren aldarria Bilboko kaleetan zehar ibiliko da lasterka hurrengo larunbatean, maiatzak 18. Bizkaiko 11 gazte eragilek egitarau oparoa antolatu dute kirol eta aisialdi eredu alternatiboak mahai gainean jartzeko helburuarekin.

Goizeko 09:00etan ekingo diote gazteek egunari Arriagan egingo den dortsal banaketarekin. Ondoren, beroketa zunba saioa egongo da bertan, eta lasterketa 10.30ean hasiko da. Zehazki, bi lasterketa izango dira, bata 4,5 kilometrokoa eta bestea 10 kilometrokoa. Errekaren bi aldeetatik igaroko dira. Izen ematea labur.eus/lasterka24 webgunean egin daiteke jada. Korrikalarientzako dutxak eta kontsignak egongo dira, besteak beste.

«Korrika egingo dugu lehiakortasuna era osasuntsu batean sustatzeko, ondokoaren lorpenak norberarenak egiten ditugulako. Korrika egingo dugu Bilbon, Bizkaian ere aurrera goazelako, eta balio eraldatzaileetan sinesten dugun gazteok, gazte euskaldunok, independentistok, feministok, antifaxistok... kaleak eta espazio publikoa hartzeko apustua egiten dugulako. Korrika egingo dugu korrika egiteak Bilbo batetik bestera hartzeko aukera ematen digulako. Korrika egingo dugu kirol herrikoi eta parte-hartzailea delako. Korrika egingo dugu kontsumoan oinarritzen ez den aisialdia sustatzeko. Korrika egingo dugu kirol indibidual honek sen kolektibo eta komunitarioa duelako», adierazi dute antolatzaileek.

Egunak berak lasterketa ardatz badu ere, egitarau oparoaz gozatzeko aukera eskainiko dute: gazte sortzaileen azoka, herri bazkaria, musika eskaintza…

Aisialdi eredua lehiatzen

NAIZi azaldu diotenez, egitasmo hau beste urrats bat da aisialdi eta jai eredu alternatiboen aldeko borrokan: «Urteak daramatzagu gazteon hainbat espaziotatik gure aisialdiaren inguruan hausnartzen, eta hausnarketa horien fruitu da egitasmo berri hau. Gazteontzat kirolaren bueltan eta kontsumo basatitik kanpo sortzen den espazioa dugu esku artean. Aurrerapauso ikaragarria iruditzen zaigu, Askotan arrotza zaigun hiri hau ere gurea delako».

Ekimena aurrera eramateko zailtasunetaz kontziente dira, «azken finean Bilbo bezalako hiri batean aisialdi eredua lehiatzeaz ari garelako». «Baina, aurten ekimena txikiagoa edo handiagoa izateak ez digu lar ardura. Lehenengo harria jartzea da inportantea, eta horretan ari gara. Bilboko lehenengo Aste Nagusietako txosnak eta oraingoak ikustea besterik ez dago, ausartu eta aurrera egitea ezinbestekoa dela ohartzeko» adierazi dio NAIZi Mikel Aiartzaguenak, antolakuntzako kideak.

Bilboko Kaskagorri, Galdakaoko Zizpa, Barakaldoko Makauen, Santurtziko Arkotxa, Sestaoko Pikutara, Portugaleteko Patxiku, Mungiako Aiko, Deustuko Matxingorri eta Santutxuko, Uribarri eta Algortako gazte konpartsek bultzatu dute egitasmoa.