Altuna finalerdietan izango da Dario partida oso gogorrean menderatu ostean

Amezketarrak 22-19 menderatu du Dario final-laurdenetako partida erabakigarrian eta Iñaki Artolaren aurka neurtuko ditu indarrak datorren igandean Donostian. Txapelketako partidarik gogorrena eta onena izan da Astelenakoa.

Altuna, tanto bat amorruz ospatzen.
Altuna, tanto bat amorruz ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Buruz Buruko Txapelketak hori du. Partida ona, parekatua eta borrokatua ikustea zaila izaten da, baina halakoa ateratzen denean gozamena bikoitza da. Jokin Altunak eta Dario Gomezek gaur Eibarren jokatu duten final-laurdenetako partida erabakigarria halakoxea izan da: 328 pilotakada, ia 70 minutu, gora-beherak eta emozioa markagailuan... Zaleek amaieran bi pilotariei eskaini dien txalo zaparrada luzea izan da erakusle onena.

Hasieran ez zirudien horrelakorik gertatuko zenik. Dariok tanto on batekin ekin dio neurketari, baina Jokin Altunak sakea berreskuratu duenean zazpi tanto segidan egin ditu, horietatik hiru sakez, eta 7-1 aurretik jarri da. Espero zitekeen amezketarrak konfiantza hartu eta errioxarra urduri jartzea.

Baina ikuskizunarentzat zorionez ez da halakorik gertatu. Eskuinez piloteoan min egiten zuela konturatu denean, pilota asko atzeratu du Ezcaraykoak eta Altunak urrutitik ezin zuen miraririk egin. Dario bi tantora hurbildu da 7-5ean eta 8-6an eta argi utzi du borrokarako prest etorri dela Astelenara. Aurrez Buruz Burukoan elkarren aurka jokatutako bi partidetan lan handiak emanak zizkion Dariok Altunari, eta gaur ere horrela izan da.

Hala ere, abantailak ia beti Altunarenak izan dira, eta beste bi aldiz tarte handia irekitzea lortu du. Lehenik 12-6 aurreratu da gipuzkoarra eta ondoren 18-12. Norgehiagoka gogortzen joan ahala Dario gero eta nekatuago antzematen zen, eta Altunak ongi asmatu du tantoak nahasten: aurrean erremate onak egin ditu, tarteka pilota atzera atera du...

Darioren errebotea 17-12koan eta horma-bikoa kanpora 18-18rekin

Dariori txapelketan bizirik jarraitzeko aukerak agortzen ari zitzaizkion eta, bere jarraitzaileen bultzadarekin, gai izan da berpiztu eta neurketa parekatzeko. Pilota berria aterata sakearekin min gehixeago egin du eta piloteoan ere amorruaren amorruz nagusitu egin da. Bereziki aipatu behar da 17-12an erreboteko harmailara bidali duen eskuinkada, eta ondoren ere izan ditu atzean eginak.

Aurrean ere gehiago arriskatu du errioxarrak azken txanpa horretan. Batzuetan ongi atera zaio, 18-16an zorte pittin batekin sartu duen horma-bikoan adibidez, baina beste batzuetan ez hainbeste. Zentzu horretan, eta partida 18-18 berdintzea lortu ondoren, sekulako hutsa egin du Dariok: aurre-aurrean hartu duen pilota bat zabalera bidali duenean inolako beharrik gabe. Neurketako tanto erabakigarrietako bat izan da, zalantzarik gabe, baina egia da eskapadaz egindako tanto batekin dema berriz berdintzea lortu duela (19-19).

Une erabakigarrian sartuta, Jokin Altunak beste behin erakutsi du tentsioz betetako tanto horietan bikain moldatzen dela eta bere azken hiru tantoak txapela kentzekoak izan dira. Defentsan aritzea tokatu zaionean oso seguru aritu da eta erasora pasatakoan oso bizi. Azken hiru tantoak jarraian egin ditu 22-19 irabazteko.

Finalerdietan ia beti

Altuna finalerdietara iritsi da jokatutako azken 13 txapelketa nagusietan, eta jokatutako azken 21 txapelketetatik 19tan. Datu horrek argi erakusten du aurki profesionaletan 10 urte beteko dituen amezketarraren bikaintasuna.

«Partida oso gogorra izan da. Aurkari oso gogorra izan dut aurrean eta horrelako neurketa bat irabazteak indar handia ematen dit. Berak ere merituak egin ditu irabazteko, baina azkenean nik lortu dut finalerdietara sailkatzea. Pena da aste bat bakarrik edukitzea errekuperatzeko, tentsio eta gogortasun honetako partida batek egur handia ematen dizulako, baina saiatuko naiz aste honetan lasai ibili eta igandera puntuan iristen», adierazi du Jokin Altunak amaieran.

Dariok, bere aldetik, pena handia zuen finalerdietatik kanpo geratzeagatik, nahiz eta jakitun izan ikuskizun bikaina eskaini duela kantxan. «Izorratuta nago, berriz ere finalerdien atarian geratu naizelako. Hasieran kosta egin zait, eta gero huts tonto batzuk egin ditut. Normala da erritmo honetan jokatuta, eta Jokin zoriondu besterik ez dago. Gutxienez jendearen animoak eta berotasuna eramango ditut, eta hori oso polita da, batez ere zure ingurukoentzat», eskertu du errioxarrak.

Horrenbestez, erabakita daude aurtengo Buruz Buruko Txapelketaren bi finalerdiak: datorren larunbatean Labriten Lasok eta Zabalak neurtuko dituzte indarrak, eta igandean Donostian Artolak eta Altunak. Finala, ekainaren 2an Bilbon.

FITXA

Pilotakadak: 328. Partidaren iraupena: 68 minutu eta 15 segundo. Markagailua: 0-1, 7-1, 7-5, 8-5, 8-6, 12-6, 12-9, 13-9, 13-11, 17-11, 17-12, 18-12, 18-18, 19-18, 19-19 eta 22-19. Sakez: 4 Altuna III.ak eta 3 Dariok –falta bat ere bai–. Jokoan eginak: 10 Altuna III.ak eta 12 Dariok. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak eta 7 Dariok. Gertaerak: Sarrera oso ona Eibarko Astelena pilotalekuan. Gorka lehengusua izan zen Altunaren botileroa eta Asier anaia Dariorena. Lehen sakea, urdin.