Astra eta bunker zaharra memoriaren transmisioaren aterpe dira Gernikan

Astra kultur espazioa eta ondoko bunker ikaragarria dira Gernika zaharretik geratzen diren elementu bakanetakoak, eta hala ere, memoriaren indar guztiaren aterpe izaten jarraitzen dute. Etxean jasotakoaren transmisioan lan egiten duen Lobak ekimenak zabaldu du atea.

Astrako babeslekua, aurten jarri dioten estaldura egiturarekin.
Astrako babeslekua, aurten jarri dioten estaldura egiturarekin. (Aritz LOIOA | FOKU)

Aurten 87 urte bete dira frankisten agindupean abiazio alemaniarrak Gernika bonbardatu zuenetik. Apirilaren 26 seinalatu horren atarian, Gernika-Lumo memoria historikoaren leku izendatzen duen erabaki ofiziala heldu zen. Euskal Herrian, Iruñeko Ezkabako mendiko gotorlekua eta La Cumbre jauregiak jasotako neurriko aitorpena jaso du Gernikak. Aintzatespena, gainera, hiriburu osora zabaldu da. Hura ezagutzera emateko, ekitaldi ofiziala egin zuten erakunde nagusiek herrian, Iñigo Urkullu lehendakari buru izan zuena. Astrako babeslekua izan zen ekitaldi ofizialaren agertokia. Bi gonbidatu nagusi izan zituen: bonbardaketatik bizirik atera ziren Maria del Carmen Agirre eta Crucita Etxabe gernikarrak.

Urteurrenaren harirako ekitaldiak atzean geratu direnean, memoria historikoaren transmisioan espazio esanguratsua den Astrako babesleku horretara itzuli da GAUR8, oroimena belaunaldi berriengana helaraztea helburu duen herri ekimen baten eskutik, bonbardaketatik zutik geratzen den legatu bakanetako horretatik memoriaren hariari jarraipena eman dion proiektu herritarra ezagutzeko.

Babeslekuan bertan izen zen hitzordua, hamaika sentsazio sorrarazten dituen hormigoizko bunker zahar horren hormen artean. Bisitaldian, Gernikan memoriaren inguruan lanean urteak daramatzan Lobak ekimenak lagundu zigun, herri egitasmoa bera jaio zen kultur espazio autogestionatua den Astratik metro bakar batzuetara.

Ateak zabaldu eta minutu bakar batzuetan, bisitari batzuk agertu dira babeslekuan. Astra sormen eta kultur espazioaren ondoan kokatuta, datu historikoak biltzen dituzten panel informatiboak daude inguruan. Informazio puntu horietara helduta, berehala iragartzen da bunkerrak bisitarientzat duen magnetismoa. Orain, gainera, estaldura handi batek babesten du eraikuntza zaharra, haren dimentsioa eta proiekzioa handituz.

«Gure ustez, egunean zehar zabalik egon beharko litzateke, jendeak sartzeko aukera izan dezan», aipatu du Hibai Muniozguren Lobak ekimeneko kideak. Babeslekura bisitaldi gidatuak antolatu ohi ditu Turismo bulegoak, baina saio horietatik kanpo itxita egoten da babeslekua. Udalak eta Astrak bunkerraren erabilera arautzen duen hitzarmena dute sinatuta.

Azken urtean, hilabeteak eman ditu zerratuta. Bonbardaketaren urteurrenaren atarian, ateak zabaldu ditu berriro eraikuntza zaharrak, irudi berria erakutsiz. Egurrez egindako egitura handi batek babesten du orain Gernikan oroimenaren elementu esanguratsuen izango den eraikuntza. Udalak azaldu zuenez, estaldurak babeslekuak zituen hezetasun arazoak saihestuko ditu.

Eraikuntza horren historian sakondu dugu Hibai Muniozguren Lobak ekimeneko ordezkariarekin izandako solasaldian. Babeslekua Talleres de Gernika lantegiak altxatu zuen 1936ko irailean. Ez zen arma lantegiak eraiki zuen bakarra, 50 metro ingurura beste babesleku bat sortu zuen. Fabrikako langileak babesteko pentsatuta zeuden biak. Kontakizunek diote ateak zabalik izan zituztela herritarrentzat. Sasoi hartara itzulita, gernikarrak aipatu du armagintzan aritzen zen fabrika gernikarra goi mailako jarduera ekonomiko bat zela, puntako teknologia erabiltzen zuen lantegia.

Hala ere, Astrakoak ez ziren Gernikak erasoetatik babesteko zituen puntu bakarrak, biak bunker sare baten barruan zeudela azaldu du. «1936. urtean agindua eman zuen Gobernuak herritarrak babesteko sistema bat eraikitzen joan zedin. Gernikan Castor Uriarte arkitektoak uneko ahalmenaren araberako babesleku batzuk diseinatu zituen. Seguruenak horiek ziren, Talleres de Gernikako bunker biak, hormigoiez eginak, sendoenak, baina herrian babesleku moduko beste puntu batzuk egon ziren», gogoratu du Muniozgurenek.

Hibai Muniozguren Lobak ekimeneko kidea, bunkerraren sarrerako atearen ondoan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Babes sare hori osatzeko, mota ezberdinetako egiturak egokitu ziren: txalet batzuetan sotoak egokitu ziren herritarrak babesteko, Udaletxeko beheko solairua ere horretarako prestatuta izan zen, hirigunean puntu ezberdinetan egurrezko eta burdinazko egiturak egin ziren, zakuekin babesten zirenak, Pasealekuan ere egokitu ziren babeslekuak tuneletan...

Astrakora itzulita, hogei metro baino gehiagoko luzera duen hormigoizko eraikin gris horrek bi ate txiki ditu muturretan. Sarrera moduko espazio txikiak ditu. Gune zabalenera sartzeko, ate txiki bat gurutzatu behar da. Barrualdeko sabaiak ez dauka altuera handiegirik, eta, argiztatuta badago ere, denbora tarte batera argiak itzaltzen dituen sistema du. Argia doanean, sakonagoa da sentsazioa.

Ez zegoen hegazkinen bistara

Korridore luze horren horma lodietan aireztapena kontrolatzeko zuloak daude, burdinazko xaflen sistema batekin itxi eta zabal daitezkeenak. Eskuak horman jarrita, gogoratu du Muniozgurenek, sarreretan gudariak edo milizianoak kokatzen ziren. Barruan 200 lagun ingururentzako tokia zegoen. Babeslekua ez zegoen hegazkinen bistara, eraikin baten barruan egon omen zen, kanpotik ikus ez zedin.

Gaur egun Astra izenarekin ezagutzen den kultur gunea lantegiko eraikinetako bat izan zenean altxatu da. 2006. urtean, Astra okupatu zenean, Udalak eraikin hori erosi eta herriarentzat bereganatzea lortu zuela gogoratu du Muniozgurenek, eta ez zen edonolako lorpena izan. Bere burua «tresna konpartitu» gisa aurkezten duen herri proiektua komunitateak berak kudeatzen du autogestioaren bidez. Herri ekimenak berak plazaratu du «antolatzeko, pentsatzeko eta sortzeko bide berriak batu nahi» dituen espazioa dela, askotariko ekimen eta jarduerak biltzen dituena. Memoria historikoaren transmisioarekin oso lotuta -horren parte den espazio batean kokatuta, gainera-, bide eman die formatu eta adierazpen artistiko ezberdinei, eta testuinguru horretan jaio zen Lobak ekimenaren jarduna.

«Belaunaldi oso bat herriko historiarekin harremanetan jarri du, eraikin historikoa, arma fabrika... eta uste dut horren adibide direla 70. urteurrenean Astran izan ziren topaketak, “Ez ahaztu etorkizuna”; kontzeptu horren inguruan, memoria inportantea da oraina ulertzeko eta etorkizunari begiratzeko», nabarmendu du Muniozgurenek Astrak duen garrantziaz.

Astra jaio eta sei urtera sortu zen Lobak ekimena. Muniozgurenek gogoratu duenez, okupazioaren testuinguru hartan berreskuratu zen babeslekua bera, eta babeslekuaren ondoan esanahi berezia duen sirena sistema beraren aurkikuntza beste une garrantzitsu bat izan zen.

Sirena aurkitu zutenekoa

«Gaur existitzen ez den eraikin baten barruan zegoen, botatzeko arriskuan zegoen eraikin batean zegoen. Astrako okupazioan parte hartu zuten hiru gazte sartu ziren eta sirena berreskuratu zuten», kontatu du gernikarrak.

Orduan ez zekiten jatorrizko sirena zen, bonbardaketan erabilitakoa. «Oso egoera txarrean zegoen», eta piezaz pieza desmuntatu, garbitu, eta berriz muntatu zuten. 2007. urtetik sirena hori aktibatzen da urtero bonbardaketaren urtemuga egunean, eta bai, Astrako jatorrizko sirena bera da.

Gernikako bonbardaketako bi biziraule: Carmen Agirre eta Crucita Etxabe, erakundeek Astrako bunkerra aurkezteko egindako ekitaldian (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Sirena zahar hura eskuetan zutela, zeukan txapa zen informazioa bilatzeko pista bakarra. Txapa zahar hartan “La Electricida Sabadell” irakur zitekeela gogoratu du Muniozgurenek. Hari horretatik tiraka, Sabadellgo istorioa museoarekin jarri ziren kontaktuan. Lortu zuten hango Genis Ribe historialariarekin harremanetan jartzea, eta, txaparen erreferentziak eta neurriak hartuta, baieztatu ahal izan zuen Sabadellen kokatutako lantegi batean fabrikatua zela eta sirena antiaereoaren lehen modelo bat izan zitekeela.

Sirenaren istorioa Astran bertan dago ikusgai. Urtero aktibatzen dute 15.45ean, bonbardaketa hasi zen orduarekin bat eginez. “Lau minutu” izenarekin ezagutzen da urtero errepikatzen den une sinbolikoa.

Gernikarrentzat ia derrigorrezkoa da Astrako babeslekua bisitatzea, batez ere bonbardaketaren kontakizunak hain presente izan dituztenentzat. Memoriaren transmisioak urrats berriak egiten ditu, baina ez zaio beti dimentsio bera ematen. Adinak, testuinguruak, informazioak... paper nagusi bat betetzen dute.

Azaldu du Muniozgurenek, adibidez, etxean bizirauleak egon direnean, gaztetan zaharren oroitzapen horiek sarritan errepikatutako istorio bilakatzen direla, ez zaiela beti garrantziaren neurria ematen.

Gernikarrak berak bizitako esperientzia partekatu du: «Nire amama Asuncion Garmendiak Talleres de Gernikan egiten zuen lan, bizi osoan entzun ditut istorioak. Amamak sarritan kontatzen zituen bonbardaketaren inguruko gauzak. Gaztetan ez duzu kasu askorik egiten, baina adin batetik aurrera interesa piztu zitzaidan». Etxeko kontakizunei beharrezko proiekzioa ematea ere transmisioaren zereginetako bat da.

Azken belaunaldia

Kontatu duenez, etxetik kazetari mordoa igaro zen amamaren testigantzak biltzera, alemaniarrak, suediarrak... «Amamak dena gordetzeko ohitura zeukan, eta kaxa bat edukitzen zuen armairuan, kaxa hori nik daukat orain. Niretzat data berezia da apirilaren 26a, eta hilabetea orokorrean». Kutxa berezi horretan, Alemaniara egindako bidaiaren eta bertan egindako ekitaldiaren oroitzapenak gordetzen zituen, bonbardaketarekin lotutako liburuak... «Eta nik jarraitzen dut horrekin lotutako materialak bilatzen».

Memoria historikoarekin lotutakoa zuzenean jaso dutenen azken belaunaldia dira, eta hausnarketa hori Lobak ekimenaren jardunaren abiapuntu izan zen hausnarketaren ardatzetako bat izan zela gogoratu du Muniozgurenek.

«Hausnarketa bi egin genituen: azken belaunaldia ginela testigantza horiek etxean zuzenean entzun ditugunak, eta jasotako hori gazteei eman behar zitzaiela. Ikusten genuen, gainera, ez zegoela gazteei zuzendutako eskaintzarik. Ekintza instituzionalak eta beste mota batzuetakoak egiten ziren, baina ikusten genuen gazteen jakin-mina bultzatzeko ekintzak falta zirela».

Aipatu duenez, Astraren inguruan ekimen ugari jaio dira, autogestioaren kulturari segida emanez. Lobak ekimena bera ez dago elkarte gisa erregistratuta. Memoriaren transmisioari eskainitako ibilbidea osatu dute, momentu ezberdinak izan dituena. Hasierako urteetan gazteon proiektuak sustatzeko elkargunea izan zen, eta azken urteetan ikastetxeekin egindako lanean zentratu dira. Astraren historia kontatzen dute, «ehun urte baino gehiago dauzkan eraikin bat da, baina gure lana da historia kontatzea eta batez ere jakin-mina piztea».

Astrako babeslekuaren barrualdea, haren alde bateko sarbideko atetik ikusita. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Ikastetxeekin burutzen duten lan horretan mezua adinen arabera egokitzen dutela zehaztu du: «Ez gara historialariak, kontatzen dugu jaso dugun hori, etxean jaso duguna, eta Astraren istorio propioa. Txapa handiegirik eman gabe, haiekin hitz egin, haiei entzun eta haiekin momentu on bat pasatzea da helburua»

Kontatu du emaitzak ere ikusi dituztela, sirena aktibatzeko herriko laguntzaile gazteak izan baitituzte, esaterako. Sirenen hots ikaragarri horien aktibazioan urtero pertsonaia edo talde esanguratsuek hartzen dute parte. Aurten, Eñaut Elorrieta abeslari gernikarra eta Ikrame Benzyme izan dira arduradunak, Palestinako sarraskia salatzen duen “Gernika” abestiaren bertsio eguneratuari ahotsa jarri dioten bi kantariak. Ekitaldia bera Israel Gazan gauzatzen ari den genozidioaren salaketa izan zen, “Gernika gehiagorik ez” leloa jarraituz.

‘Gernika 2037’ euskarri digitala

Memoriaren lanketari dagokionez, “Gernika 2037” proiektua mahai gainean jarri du Lobak ekimenak azken urteetan. Jada urte batzuk dituen egitasmoa memoriaren transmisioan egindakoaren emaitza da, baita erakusleiho eta memoria gordetzeko tresna ere, neurri handi batean. Oroimena gordetzeko egindako ekitaldi bakoitza mosaiko handi baten ale bat da, memoria hori testuinguruan jarri eta beste sarraski batzuetara begira egon dena.

Apirilean ikastetxeetara helarazitako materialean webgunearen erreferentzia dago. Eskoletako eskaintza horretan, adinen araberako proposamenak lantzen dituztela zehaztu du Muniozgurenek, ekimenak duen izaera pedagogikoan azpimarra jarriz.

Webguneak herriko mapa interaktiboa ere proposatzen du, adibidez. Atal horrekin lotuta, Lobakeko ordezkariak gogoratu du materialaren artean hainbat irudi eskaintzen direla, data ezberdinetakoak, bonbardaketaren inguruko argazki, bideo eta euskarri ezberdinekin batera. «Hor, historiaren beste zati bat dago, bonbardaketaren ostean Gernikaren berreraikuntza jasotzen duena, herria nola berreraiki zen erakusten duena, zeren Gernikaren %90 inguru suntsitu zuen bonbardaketak, eta garaiko oso zantzu gutxi geratzen da, Astra bera, babeslekua edota sirena kenduta».

Mapa aurkezteko, azpimarratzen du herri ekimenak «Gernikako bonbardaketaren memoria gordetzeak belaunaldi ezberdinen arteko ahalegina eskatzen» duela, oroimenaren transmisioan jarraitzeko». Zeregin horiek «guk geuk, bonbardaketa hura sufritu zuten pertsonen ondorengook, egunero zapaltzen ditugun kaleen eta espazioen perspektibatik, memoriaren mapatik» ekiteko konpromisoa islatzen dute.

«Proiektua bonbardaketaren 100. urtemugari begira jarrita dago, eta memoriaren gaur egungo tresna moduan planteatu dugu, begirada etorkizunean jarrita», zehaztu du euskarri digitalaren gainean.

Ikastetxeei luzatutako proposamenean, eurek aukeratzen dute Lobak ikasgelara bertaratzea. «Proiektore bat baliatuz, Gernikaren historia kontatzen dugu saio horietan, herriko historiatik ezagutzen dugun parte hori, egiten dugun lana..., eta eskoletako jarduera horiez gain, azken urteetan bisita ireki zabal bat egiten dugu bonbardaketaren egunean bertan edo dataren inguruko asteburuan».

Memoriaren transmisioari ekarpen egiten dion Lobaken lan horrek ezaugarri bereziak ditu Muniozgurenen esanetan. Erakundeek antolatu ohi dituzten ekitaldi solemneek izaten duten oihartzunaren ondoan, «gu beste bide batetik goaz», dio gernikarrak. «Autogestio kultura batetik gatoz, gureak ekitaldi xumeak dira, irudipen dosi handiak dituztenak askotan». Nabarmentzen duenez, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte memoriaren haria elikatzeko: «Erakusketak egin izan ditugu babeslekuan, kalean...., ikus-entzunezko piezak, kontzertuak.... Eta hori guztia webgunera eraman dugu, edo YouTubera. Mota askotako jarduerak izan dira, nahiko sortzaile izan baikara gauza berriak probatzen».

Saio horietan haurren arreta bereziki zerk pizten duen galdetuta, historia bera, babeslekua eta sirena aipatzen ditu. Eransten duenez, «ume eta gazte askok badakite Astra zer den, harremana izan dute Astrarekin. Azkenean, erreferentzia bat da Gernikan, espazio handi bat ekimen pilo bat antolatzen dituena ume, gazte eta helduentzat». Astrak jarraitzen du oroimena eta haren aterpea izaten.