NAIZ

UEUren Txiotesia lehiaketaren zazpigarren edizioa abian da

UEUk zazpigarren aldiz antolatu du Txiotesia lehiaketa, euskal ikertzaile gazteak eta haien lanak ezagutarazteko eta euskarazko zientziaren dibulgazioa sustatzeko asmoz. Beren tesia laburtu beharko dute astearte honetan X/Twitter sare sozialeko sei txiotan edo Mastodon sare sozialeko hirutan.

Txiotesiaren lehiaketa iragartzen duen kartela.
Txiotesiaren lehiaketa iragartzen duen kartela. (UEU)

Bi urtean behin egiten den Txiotesia lehiaketaren edizio honetako berrikuntza nagusia da ohiko X (lehengo Twitter) sare sozialaz gain, Mastondon sarean ere parte hartu ahal izango dutela ikertzaileek, arduradunek aurkezpenean iragarri zutenez. Lanak 9.00etatik 21.00ak arte aurkeztu behar dira.

Euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzea eta ikertzaileen ikusgarritasuna handitzea dira ekimenaren helburuak, bai eta ikertzaile gazteen sarea sendotzea eta zientziaren dibulgazioa euskaraz sustatzea ere. Aurtengo edizioan, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izango du lehiaketak.

Parte hartzaileek Mastodon edo X/Twitter sare sozialetatik zabaldu beharko dute beren ikerketa lana eta bi irabazle izendatuko dira: Ikertzaile ulergarriena (500 euro) eta Ikertzaile originalena (300 euro).

Zazpigarren edizioko berrikuntzei dagokienez, aurreko edizioetan UEUren Unibertsitatea.net ataritik egin zen deialdia, eta hemendik aurrera, berriz, UEUren sare sozialetako kontu orokorretatik egingo da.

Gainera, orain arte X/Twitter bidez parte har zitekeen, baina aurten Mastodon sare sozialetik ere parte hartu ahalko da (bietako bat aukeratu behar da). Halaber, aurreko edizioak udazkenean egin badira ere, aurten maiatzaren 14an egingo da lehiaketa, udaberrian.

Bitor Alonso Fradua, Galder Gonzalez Larrañaga, Maite Luengo Aguirre, Jone Mitxelena Sanchez eta Olatz Perez de Viñaspre Garralda izango dira epaimahaikideak. Sari banaketa maiatzaren 30ean egingo dute, Eibarko (Gipuzkoa) Markeskoa jauretxean, 18:00etan. Irabazleak nortzuk diren jakiteaz gain, Miren Iraeta Orbegozo, Oihane Mendizabal Sandonis eta Sofia Marcos Basagoiti ikertzaileek egiten ari diren ikerketa proiektuari buruzko hitzaldia emango dute ('Euskal Herriko pottoken jatorria eta ondarea').

Ikerketa proiektu hori UEUk sustatu du BadaLab-en laguntzarekin, eta hitzaldian ikertzaile bakoitzak bere arloa aurkeztu (Arkeologia eta Biologia Molekularra) eta jakintza horiek diziplinarteko proiektu batean nola elkartzen dituzten azalduko dute.

Arauak

Tesia 2021 eta 2024 urte bitartean aurkeztua izan behar da (biak barne), edo gaur egun tesia egiten aritu. Parte hartzeko Mastodon edo X/Twitter kontu publikoa izan behar da, eta parte hartzea sare sozial batetik edo bestetik egin behar da, ez bietatik.

Mastodon saretik parte hartuz gero, hiru tutetan azaldu behar da norberaren ikerketa lana, eta beraz, ez dira kontuan hartuko hiru tut baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikertzaileen parte hartzeak. X/Twitter-etik parte hartuz gero, sei txiotan azaldu behar da norberaren ikerketa lana, eta beraz, ez dira kontuan hartuko sei txio baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikertzaileen parte hartzeak.

Tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke, baina lehiaketan euskara hutsean parte hartu behar da. Mezuak euskaraz idatzi behar dira, astearte honetako 21:00etara bitarte. Mezuak aldi batean edo tarteka bidal daitezke, baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan.

Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da, hau ere euskaraz, eta mezu bakoitzaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia7 traola. Azken mezuak tesiaren emaitza edo ondorioa jaso beharko du, edo hasi berri diren ikerketen kasuan, planteatzen den hipotesia. Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritzeko aukera dago.

Ez dira onartuko mezuak ordezkatuko dituzten testu osagarri, dokumentu atxiki edo ikus-entzunezko baliabidetara bideratutako estekak, baina mezuen aurkezpena aberasten duten elementuak erabili ahal izango dira, betiere irakurlearen arreta erakartzeko, informazioa ilustratzeko edota mezuak erakargarriago egiteko helburuarekin (estekak, emotikonoak, bideoak, irudiak, gif animatuak, eta abar).