Ekainarean 1an Urdulizen hasiko da XI. Bizkaia Torneoa. Orotara, sei taldetan banaturiko 24 pilotarik parte hartuko dute. Alabaina, udako denboraldi luzea irekitzen duen lehiaketa honek badu bereizgarririk: partidak 22 edo 18 tantora jokatu beharrean, «jokoetara» izango dira; hiru joko irabazi beharko ditu talde bakoitzak kanporaketa irabazteko. Hala, aurreneko lau jokoak sei tantora lehiatuko dira eta kitarakoa, berriz, hiro tantora. Horrez gain, aurreneko sakea azken jokoa galdu duenak izango du, kitarakoan izan ezik. Kasu horretan, aurreneko lau jokoetan tanto gehien egin dituen taldeak izango du aurreneko sakea.
«Berdintasuna sustatu nahi dugu, ikusleentzat erakargarri izan dadila. Buruz buruko neurketa asko aurreneko tantoetan apurtzen dira eta hala, lehiaketa orekatuagoa egitea espero dugu», adierazi du aurkezpen ekitaldian Baiko Pilotako zuzendari komertziala den Unai Iglesiasek.
Iglesiasen hitzetan «proba baten aurrean gaude. Lehiaketa amaitzen dugularik, formato honen argi-ilunak aztertuko ditugu eta ikusiko dugu zein ondorio atera daitekeen».
Aurkezpenean hitza hartu duten pilotarien hitzak aztertuz gero, berriz, ezin esan pozarren hartu dutenik Bizkaia Torneoaren formatoa. «Gerta liteke tanto gehiago egin dituenak partida galtzea. Horrela, gaizki ekinez gero partidari, partida zuzentzeko beste aukera bat hasten da hurrengo setarekin», adierazi du Aitor Elordik.
«Hain gaude ohituta 22 tantora jokatzeaz, zaila dela beste formatoren bat irudikatzea lehiaketa ofizialak hasten direnerako», adostu dute bai Jokin Altunak eta baita Jon Mariezkurrenak ere. «Pilotariak nahikoa tradizionalak gara, baina gauza berriak probatzea ez zait gaizki iruditzen, gaineratu du, bestalde, Iñaki Artolak. Altunak hitzegin du garbien: «txapelketetarako ez zait serioa iruditzen», esan du.
Egia da, halaber, palak, zestak eta erremonteak azken urteetan «joko» eta «set» bidezko formatoa bere egin dutela, baina esku pilotak ez du, antza, halako adibide handirik.
Taldeak eta kanporaketak
Esan bezala, ekainaren 1ean Urdulizen hasiko da Xi. Bizkaia Torneoa. Kolitza taldea, Urrutikoetxea-Albisu (binaka), Jaka (Lau eta Erdian) eta Artola (buruz buru) –Zubizarreta III Alegikoak Buruz Buruko finala jokatu beharko balu–, Ganekogortaren aurka lehiatuko da; hau da, Artola-Imaz (binaka), Agirre (Lau eta Erdian) eta Senar (buruz buru).
Hurrengo final-laurdena, berriz, ekainaren 14an jokatuko da, Zeanurin: Oiz; Altuna III-Rezusta (binaka), Ezkurdia (Lau eta Erdian) eta Egiguren V.a (buruz buru), eta Anboto; Peio Etxeberria-Martija (binaka), Zabala (Lau eta Erdian) eta Exposito (buruz buru) neurtuko dira.
Hilaren 15an bertan hasiko dira final-erdiak. Urdulizen garaile ateratzen den taldea Sollube taldearen aurka neurtuko da; hots, Laso-Mariezkurrena II.a (binaka), Peña II.a (Lau eta Erdian) eta Bakaikoaren (buruz buru) aurka. Bilboko Deportivo pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak.
Ekainaren 16an, bestalde, Zeanuriko talde garaileak Gorbeia taldea izango du aurkari Mallabian; hau da, Elordi-Zabaleta (binaka), Elezkano II.a (Lau eta Erdian) eta Salaberria (buruz buru).
Finala abuztuaren 20an jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Aste Nagusiko ekitaldien artean txertaturik.