Bitxia da, baina profesinaletan laster hamar urte beteko dituzten arren, Buruz Buruko nagusian elkarren artean partidarik jokatu gabeak dira Jokin Altuna eta Iñaki Artola. 2021eko finalak aukera paregabea zirudien estreinaldirako, baina alegiarraren lesio malaparta batek zapuztu zuen aukera hura. Igande honetan Donostian ez da txapelik banatuko, baina eskilaran maila bat beherago, Atano III.ekoa ere ez da zita txarra lehen aldi horretarako. Ikusmin aldetik behintzat, eskaera sekulakoa da –ez da sarrerarik geratzen– aspaldi ez bezalako jendetza zegoen gaur Amarako pilotalekuan eta horretan ere bere aletxoa jarriko zuen, kanporaketa inoiz baino parekatuagoa egotea pronostikoetan. Urteak daramatza amezketarrak banaka jokatutako partida guztietan katedraren zama eta konfiantza bizkarrean eramaten, baina iganderako diruak parean dira, txintxarriak egindako txapelketa txundigarriak hala eraginda.
«Oraintxe bertan faboritoa bera da, nire aurreko txapelek ez dute deus balio eta nire aurreko txapelketek ere ez. Txapelketa hau da, igande honetan jokatzen dugu, unea hau da, dirua ere uste dut bere alde irtengo dela, ez dakit ziur, baina faborito argia bera da», adierazi du Altuna III.ak gaurko material aukeraketan.
«Horixe da oraintxe batere inporta ez didan gauzetako bat, kanpoko gauza horietako bat da hori guri eragiten zerbait baino. Grazia egiten dit, zuek ere, barre egin duzue galderarekin batera eta horrekin dena esanda dago», erantzun du, bizi, txintxarriak, aurkariaren esanaz galdetuta.
Baikokoak onartu du ur aparretan heltzen dela bere ibilbideko bidegurutzerik ilusionagarrienetako batera, baina barruko tximeletak nahiko kontrolatua omen ditu. «Bai, pixka bat sumatzen da urduritasuna, ezetz esango banizu, gezurra litzateke, baina era berean ausartuko nintzateke esatera halako partidak jokatu izan ditudan beste batzuetan baino gutxiago. Aurreneko partida garrantzitsua zen bezala ligaxkara sartzeko, hurrengoek datorren urterako postua gordetzen zuten eta hau finala delako. Beti dago zerbait jokoan», onartu du Artolak.
Altuna, errekuperatzen
Prestakuntzarako baldintza hobeak izan ditu Artolak, ligaxkako azken partidatik finalerdira bi asteko tartea izan baitu osatzeko. Altunak, aldiz, igandeko Darioren aurkako partidatik errekuperatzen eman ditu ordurik gehienak. «Gorputza ondo daukat, eskuetatik pixka bat kostatzen ari zait errekuperatzea, aurrekoan apur bat kargatuta amaitu nuelako. Igandean jipoi handi xamarra hartu genuen eta igandera hobekien heltzea da helburua». Euliak ez du entrenamendu saio handirik egin aste honetan, baina gaur bertan saiotxo bat osatu du Jokin Etxanizen aginduetara.
Biek onartu dute euren herrietan astean zehar giroa berezia izan dela, igandean ere sekulakoa espero da, baina badirudi harmailetan behintzat, alegiarrak izango direla nagusi. «Koadrilan baditut lau edo bost fanatiko, sailkatu aurretik ere finalerdirako sarrera erosia zutenak, baina alde horretatik alegiar gehiago egongo direla uste dut, bi aste lehenagotik zekiten Iñaki Atanon izango zela eta nire azken partida hasi aurretik sarrera gutxi geratzen ziren salgai. Etorri nahiko lukeen jende guztiak ezingo du etorri, baina hala suertatu da», azaldu du Aspekoak.
Pilotei dagokionean, biak geratu dira oso gustura apartatutako materialarekin. Jokin Altunak pilota biziagoak aukeratu omen ditu, baina laurak izan dira bien gustukoak.