Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Martxan da Bermeoko XXX. Arrain Azoka, 18 ekoizleren postuekin

Bermeoko Arrain Azoka abian da, eta itsasotik eratorritako tokiko produktuen erakustoki izango da asteburuan zehar. Gaur abiatu dute 30. edizioa, 18 ekoizlek jarritako postuekin. Ia denak dira Euskal Herrikoak eta gehienak Bermeokoak bertakoak.

Goiz goizetik postuak jendez lepo egon dira Bermeon.
Goiz goizetik postuak jendez lepo egon dira Bermeon. (Jon URBE | FOKU)

Gaurtik eta igandera arte martxan da Bermeoko Arrain Azoka. 30. edizioa da aurtengoa eta 18 ekoizleren postuak izango dira. Itsasotik eratorritako produktuen ekoizle ia denak dira Euskal Herrikoak eta gehien gehienak Bermeokoak bertakoak: Alakrana, Albacora, Anchoas Royo, Arroyabe, Campos Kontserbak, Conservas Cusumano, Conservas Serrats, Etxeko Makailoa, Gastronorte Alimentación, Karmelo Toja, Keia, Kofradia Itsas Etxea, Mañeko, Mariscos Rue del Percebe, Urdaibai Kontserbak, Zallo Kontserbak. Badaude Camus eta Mañeko gozogintza postuak ere, baita Kostako arropa dendaren erakustokia ere. Goizean egin dute inaugurazio ekitaldia eta Hegaluze sari banaketa.

Itsasoari begira bizi da Bermeo eta arrantzaren sektorea herriaren izaerarengandik banaezina da, zer esanik ez garapen ekonomikoari dagokionez. Horrela, Arrain Azokak aukera ematen die tokiko ekoizleei haien produktuak bezeroei erakusteko, bertoko produktuen kalitatea agerian utziz. Horrez gain, aukera paregabea da arrantza mundua ezagutzen ez dutenei sektorea ezagutarazteko. Azoka inauguratu baino lehenago ere jendez lepo zeuden postuak, eta espero da asteburuan zehar bermeotar zein bisitari ugari gerturatzea.

Postu guztiak, ordea, ez dira enpresenak. Izan ere, ekimen solidarioa jarri dute abian eta boluntarioek egindako lanari esker bildutako dirua Bermeon gaixo dauden 6 eta 12 urte bitarteko familiei emango diete dirua, Osakidetzak bere gain hartzen ez dituen zaintzak jasotzeko aukera izan dezaten.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea buru zutela ordezkari publiko ugari izan dira harrera ekitaldian, besteak beste, Josu Erkoreka jarduneko lehendakariordea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Idurre Bideguren EH Bilduko senatari eta Bermeoko alkate ohia, Inma Garrastatxu legebiltzarkidea, Itxaso Atutxa BBBko burua eta Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatua. Protestarako parada ere izan da, hainbat manifestarik Urdaibaiko Guggenheimen aurkako oihu eta pankartekin hartu zein agurtu baitutuzte EAJ alderdiko ordezkariak.

Inaugurazio ekitaldiaren atarian protesta egin dute Urdaibaiko Guggenheimen aurka. (Jon URBE /FOKU)

Ekitaldian Nemehek hartu du hitza eta aukera baliatu du Arrain Azokak eta Bermeok itsasoarekin duen harremanean naturarekiko maitasuna eta errespetua nagusi dela azpimarratzeko. Horrez gain, gogoratu du duela 30 urte, lehendabizikoz Arrain Azoka egindakoan, pentsaezina izango litzatekeela egun bezala emakumezkoak egotea leman edo hainbat enpresaren arduradun. Horrez gain, neskatila, saregile zein itsasoari lotutako gainontzeko langileen baldintza zailak salatu ditu, eta babesa eta elkartasuna agertu die. Palestina pairatzen ari den genozidioa gaitzesteko ere baliatu du hitzartzea eta «Bermeotik datorren askatasun haizea» har dezaten opatu die.

Hegaluze saria

Bego Gangoiti Bermeoko Turismo teknikariari eman diote aurtengo Hegaluze saria, hain zuzen ere, duela 30 urte Arrain Azoka bultzatzeko egindako lanagatik, baita ondoren Turismo bulegoan egindakoagatik. Aitortza hunkituta hartu du Gangoitik, Nemeh alkatearen eskutik.