Jon Ormazabal

Fenix hegaztiaren antzera, Unai Lasok berriz astindu ditu hegoak

Txapelketan distira askoz handiagoko partidak jokatu dituen arren, bere ibilbideko bigarren Buruz Buruko finalean da Bizkarreta-Gerendaingoa, finalerdiaren bigarren erdian ezker eskua txikitu zuen Javi Zabalari Iruñean nagusitasunez gailenduta.

Unai Laso finalerako txartela ospatuz, atzean Zabala burumakur bat duela.
Unai Laso finalerako txartela ospatuz, atzean Zabala burumakur bat duela. (Iñigo URIZ/FOKU)

Fenix hegaztia, suzko hegaztia ere deitua, kondairazko hegaztia da, bizi-iraupenaren eta jakituriaren ikurtzat hartu izan dena.  Kondairaren arabera, hegaztiaren habi azpian adar bitxi batzuk jarri eta haiekin batera erretzen zen hegaztia ere, errauts haietatik berriz ere sortzeko, jakituria handiagoarekin. Epikari tiraka, txapelketa honetan bertan jokatutako beste edozein partida egokiagoa litzateke Unai Lasok Buruz Buruko honetan izandako gorakada borobiltzeko, atzoko Labritekoa gar gutxiko sua izan zen-eta, baina distirarik gabeko egunetan irabaztea ere ez dago edonoren esku, eta erroibartarrak bueltan dela berretsi zuen bere ibilbideko bigarren Buruz Buruko finalera sailkatuta. Javi Zabalaren ametsak, aldiz, itxaron egin beharko du, urtebetez gutxienez, tentsio handiko partida batean bere armarik eraginkorrena den ezker eskua txikitu eta erditik aurrera noraezean aritu ostean.

Txinparta handiko bi pilotari ziren atzo aurrez aurre, baina jokoan horrenbeste izanda sarri gertatzen da, eta bi pilotariei asko kostatu zitzaien euren mailarik onenera gerturatzea, lotuta bezala aritu ziren, euren potentzial osoa garatu ezinik, eta partida ez zen lehen mailakoa izan. Txapelketa honetan lehen aldiz, Unai Lasok lehen sakea bere eskura izan zuen, eta honek bidea erraztu zion. Aldakako ebakuntzaren ostean, Laso patxadatsuago bat ikusten dugu kantxan, lehen pilotakadari beste denbora eta garrantzi bat ematen diona, eta hala lortu zituen partidako lehen aldeak (4-0 eta 6-2), pilota ezkerparetara egoki sartuz.

Nahi eta ezin

Javi Zabala, ordea, presaka aritu zen lehen unetik, presa pilotari eman beharreko abiadurarekin nahastuz, eskuak ere berak nahi bezala ez zituelako ziurrenik. Eta hori nabaria izan zen, sakea bere esku izan zuenean bereziki. Bere aurkariak horren ondo egin zuen horretan kamuts aritu zen Logroñokoa, pilota ezkutatu ezinik, erroibartarrari sotamanoz sartzeko aukera emanez eta tantoaren ekimena erabat galduz.
Hala ere, tentsioagatik ziurrenik, Unai Lasok ez zirudien aurreko partidetan aurkariak xehatu zituenean bezain inspiratua –partida hasiera horretan hauspoa bete zitzaiola ere onartu zuen amaieran­–, eta akats batzuk ere egin zituen, errioxarrari behar zuen haize apur bat emanez.

Sakearekin pixka bat asmatuz eta errematean eraginkortasun apur batekin, partida hamarna berdintzea lortu zuen Aspeko aurrelariak ezker gantxoz lortutako tanto ikusgarri batekin. Hurrengo sakean, ordea, akats larri bat egin zuen Lasori berriz ere sotamanoz sartzeko aukera emanda, eta hortxe  amaitu zen dena. Aste osoa eskuin eskua osatzeko lanean pasa ostean, ezker eskua lehertu zuen, eta, bere armarik eraginkorrena deuseztatuta, erabat irten zen partidatik. Eta arriskurik hartu gabe, dejadaz (5) airez (3) baino tanto gehiago eginda, Lasok bikain kudeatu zuen partida amaiera.

 

FITXA TEKNIKOA:

Laso: 22

Zabala: 12

Pilotakadak: 212. Iraupena: 52,24 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 6-2, 6-4, 8-4, 8-7, 10-7, 10-10, 17-10, 17-11, 21-11, 21-12, 22-12. Sakeak: 5 Lasok eta 2 Zabalak. Egindakoak: 12 Lasok eta 4 Zabalak. Galdutakoak: 4 Laso eta 6 Zabala. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta eta giro bikaina Labriteko harmailetan. Jon Mariezkurrena aritu da Unai Lasoren botilero lanean eta Jokin Etxaniz Javi Zabalarekin. Lehen sakea gorri.