Jon Ormazabal

Jokin Altunaren egokitasun gaitasunek ez diote hutsik egin Atanoko derbian (22-10)

Amezketarrak bere Buruz Buruko bosgarren finala jokatuko du gaur berea ematerik izan ez duen Iñaki Artolari goitik behera nagusituta.

Jokin Altuna eta Iñaki Artola elkar agurtzen.
Jokin Altuna eta Iñaki Artola elkar agurtzen. (Jon URBE/FOKU)

Real Madridekin aldaratzeak oraindik zenbait erremin sor baditzake ere, Jon Apezetxeak asteon orrialde hauetan egindako konparaketari zentzu guztia eman dio dio Jokin Altunak, txapelketako bere partidarik onena jokatuta, horren indartsua zirudien Artola minimizatu eta bere Buruz Buruko bosgarren finalerako txartela eskuratuta. Bernabeuren mistikarik gabe –Atanon artolazaleak nagusi ziren–, espainiarrek bezala, amezketarrak badu bere dohainik onenak beharrik handienetako unetan agerrarazteko gaitasun bat besteek ez dutena –ezkerra eta sakea txapelketa osoan baino hobeto baliatu ditu gaur– eta horregatik jarraitzen du marka guztiak hausten. Profesionaletan hamar urte betetzear den honetan, bere ibilbideko hamabosgarren lehen mailako finala jokatuko du, hamasei Artola beraren aurka galdutako Promozioko kaiolakoa kontutan hartuta, kurtso honetako hirurak barne.

Partida hasi eta ia lehen pilotakadan erakutsi du Jokin Altunak gaurkoan puntu bat gora egina zetorrela Atanora, beregan horren ohikoa eta aurten gaur arte ikusi ez genion ezkerretik ezkerrerako pilotakada batekin lehen tantoa eskuratua. Sakearekin ere, orain arte ez bezalako eraginkortasunarekin aritu da partida hasiera horretan eta laster hartu du lau tantotako alde polita.

Iñaki Artola, ordea, txanpon beraren beste aldea izan da lehiako lehen txanpa horretan. Gaur arte bizi eta erremateetan zital aritu bazen, gaurkoan bere burua sarri xamar saldu du tantoa amaitzera joaterakoan eta amezketarrak ez dio barkatu. Euliak, gainera, ondo bilatu dio ezkerra eta, tantoa dominatu ezinik, orain arte ez bezala, deseroso aritu da kantxan eta partida oso maldan gora jarri zaio txintxarriari konturatzerako (10-2).

Hala ere, lehiatzen ikasi duen pilotaria da Iñaki Artola, bere buruarengan beste konfiantza bat irabazi du eta partidatik ez irtetea lortu du, nahiz eta bere mailatik urrun egon. Defentsan ondo sufritutako tanto batekin sakea berreskuratu eta susperralditxoa izan du, sakearekin pixka bat asmatu eta sake-erremateari ere etekina aterata (10-6).

Ezin asmatu

Inor gutxik espero ez zuen modu batekin, errestoa ezker gantxoz gurutzatuta, lortu du bizilagunaren takada etetea eta berriz ere aldea luzatu du, partida berari komeni zitzaion eremura eramanda. Artolari kantxa luzatzea komeni bazitzaion, euliak zabaldu egin du Atano III.eko zorua, ahal zuen bakoitzean arerioa alderik alde mugiarazi eta zuzen joka zezan ekidinez.Tantoak luzatzeak ere ez dio gehiegirako balio izan alegiarrari, 16-7koan, partidako piloteatuenean (23 pilotakada) maisuki zabaldu baitio pilota zabalera.

Kontua da, Artolak berak partida amaieran onartu duen bezala, kolpez alegiarra zerbait gehiago izan daitekeen arren, amezketarra izan dela partidaren erritmoa ezarri duena, jokoa berak nahi zuen lekura eraman duena sarri alegiarraren oinak bilatuz eta txapelketan zehar markagailuan atzetik joatera ohitu gabe, ez duela Baikokoak aurkariaren tranpatik irteten jakin. Txapelketa bikain baten ostean, egunik erabakigarrienean, sarerik gabe jokatu duen bigarrenean –Peñaren aurka egin zuen, batez ere sakeari esker– berea eman ezin izanaren penaz agurtu du Artolak onenen artean lehiakor izan daitekeela erakutsi dion Buruz Buruko hau.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a: 22

Artola: 10

Pilotakadak: 212. Iraupena: 49,51 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 10-2, 10-6, 12-6, 12-7, 17-7, 17-10, 22-10. Sakeak: 5 Altuna III.ak eta 3 Artolak.  Egindakoak: 13 Altuna III.ak eta 4 Artolak.  Galdutakoak: 3 Altuna III.ak eta 4 Artolak.  Gorabeherak: Sarrera guztiak agortuta, 1600 zale, eta giro bikaina Atano III.eko harmailetan. Gorka Altuna aritu zen bere lehengusu Jokinen botilero lanetan eta Iker Iriarte Iñaki Artolarekin. Lehen sakea gorri.