Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Leitzako emakume artzainei aitortza: «Milesker burua eta bihotza lurrari eman diozuen guziei»

Arrosondo bat eman diete Leitzako emakume artzainei opari, edertasunarekin eta gozotasunarekin batera arantzarik ere badelako bizimodu honetan. Gizonezkoekin lotzen da artzaintzaren irudia, baina errealitatea bertzelakoa da, eta emakumeen lana funtsezkoa dela ikusaraztea izan da omenaldiaren asmoa.

Izaro Noain eta Lorea Goikoetxea, Lurdes Sorron eta Aintzira Olalderi arrosondoa ematen.
Izaro Noain eta Lorea Goikoetxea, Lurdes Sorron eta Aintzira Olalderi arrosondoa ematen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hirugarren Emakume Artzainen Eguna ospatu da igande honetan Leitzan, eta bertako 40 emakume artzaini egindako omenaldia izan da ekitaldi nagusia. Bazkalaurretik izan da, plazako karrapean, eta jende aunitz bildu da. Aurreko edizioetan Larraun-Lekunberrin eta Araitz-Betelun omendu zituzten emakume artzainak, eta euren eskutik jaso dute leitzarrek oparia.

Artzain mundu honetan Idiazabal gazta da bere adierazpen identitario eta zaporetsuenetako bat eta gazta horiek egiten dituzten emakumeek, Plazaola Partzuergo Turistikoko kideek, bultzatu dute ekimena, partzuergoarekin berarekin eta udalekin elkarlanean.

Aitzinean jarri dira artzain emakume guztiak, ofizioan arituak eta oraindik ari direnak, edo gaztagintza afizio dutenak, dotore jantzita, eta aurreskuaren lehen notatik sentitu dugu bizitzaren taupada.

 

 

Baserrian, etxean eta landan egiten duten ekarpena eskertu diete, larre berdez osatutako paisaia, tokiko ekonomia eta kultura bultzatuz, ‘zaintza erdigunean’ leloa praktikara eramanez beti. Gure iruditerian gizonezkoekin lotzen dugu ogibide hau, baina errealitatean ez da hala, eta hori ikusarazi dute. «Emakumeei tokatu zaie bere gain hartzea artaldearen, etxearen eta familiaren zaintza, batere aitortzarik jaso gabe», adierazi du aurkezleak.

Erantsi du artzaina eta gaztagilea giltzarri izan dela transmisioa bermatzen eta sektorea eraberritzen.

Harro

Izaro Noainek, belaunaldi berrien begietatik, bere amonaz hitz egin du, hunkituta: «Amona Nikasi Baraibarkoa da. Ezkondu zenean hasi zen artzaintzan, duela 50 urtetik gora, eta horretan jarraitzen du. Berak beti esaten du gazta saltzeari esker Euskal Herriko hainbat toki ezagutu eta baserria aurrera atera zuela. Bera harro dago horretaz eta ni ere bai berataz».

Lorea Goikoetxearekin batera, hau ere ama artzainaren alaba, arrosondo bat eman die Lurdes Sorron eta Aintzira Olalde amatxi-bilobei. Nekea eta babes falta arantzak, baina askatasuna, familia, arnasa edertasuna. Gaurko erritmo azkarra geldiarazteko ispilua. «Milesker, ama, amona, urtetan isilean gorputza, burua eta bihotza lurrari eman diozuen emakume guztiei», irakurri dute Lurdesen alabak eta Aintziraren amak idatzi duen testu ederra.

 

Lontxa Zabaletak moztu du gazta berria. (Gorka RUBIO/FOKU)

 

Segidan, Lontxa Zabaleta Gorritz baserriko artzainak, bizi osoan gaztagintzan eman duenak, gazta berria moztu du. Ebaki ondotik goxo usaindu du, txalo zaparrada eta musika lagun.

Emakume guztiak banan-banan deitu dituzte izen-abizenez, eta eguzkilore bana eman diete. Honakoak dira: Miren Alduntzin (izen bereko izeba eta iloba), Begoña, Mare eta Maite Arrizurieta ahizpak, Aitziber Astigarraga, Teresa Bildarratz, Aintzira Olalde, Gotzone Sestorain, Lurdes Sorron, Mikaela, Feliziana, Pakita, Lontxa, Joakina, Mari Karmen, Mari Joakina, Ana Beatriz, Teresa, Aitziber eta Isabel Zabaleta, Arantxa Arraras, Joana Mari Alduntzin, Maria Jesus Agirre, Maritxu Baleztena, Mikaela, Maite eta Maria Jesus Barriola, Frantziska Baztarrika, Miren, Pakita eta Pilar Gogortza, Malen Lizarraga, Eneritz Loiarte, Ima Makazaga, Mila Olano, Maite eta Ester Saralegi, Juliana Sasturain, Amaia Sudupe, Teresa eta Mikaela Sukuntza.

Horietako baten irrintzi indartsu batekin amaitu da ekitaldia.

Feria

Omenaldiaren aitzinetik artzaintzarekin lotutako feria ederra egin da Leitzako plazan. Euri arriskua zenez, aterpean jarri dituzte postuak, baina eutsi dio azkenean, eguzkiak ere kuku bat egin du, eta giro polita sortu da. Axuria (bildotsa) erretzen eduki dute poliki-poliki, eta eguerditik aurrera pintxotan eta platerean zerbitzatu dute. Gazta dastaketa eta tripotxa erakustaldia ere egin dituzte.

Denetariko zaporeak nahastu zaizkigu ahoan: ketua, zaharra, freskoa, denak goxoak. Eta haurrak ere gustura ibili dira plaza erdian jarritako ardien inguruan.

 

Tripotxa egiten erakutsi dute. (Gorka RUBIO/FOKU)

 

Ardien inguruko besta prestatu dute Leitzan. (Gorka RUBIO/FOKU)