Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak abstentziorako deia egin du Europar Batasuneko hauteskundeetarako. Antolakundeko kideen ustez, Europar Batasunak «gerran eta austeritatean oinarritutako programa» darama aurrera, eta, horrek, «bankari eta enpresari handien interesei erantzuten die».
Ekainaren 9ko hauteskundeetan hori «ez dela aldatuko» nabarmendu dute eta beraien ustez, «horri guztiari aurre egiteko lehen pausua Europar Batasunari berari ezezkoa ematean datza».
«Europako instituzioak, NATOren mandatuei jarraiki, Palestinako sarraskiaren erantzule zuzenak dira, Israel legitimatzen eta armaz hornitzen dutelako. Estatu genozida sustatzen eta bultzatzen ari dira aspalditik, nahiz eta tartean behin Israelen gehiegikeriak salatzen dituzten. Palestinan ikusten ari gara kapitalismoaren gaitasun suntsitzailearen aurpegi gordinena da, baina Europan ere, gerra baterako aukera gero eta posibleagoa da», adierazi dute.
Horren aurrean, argi dute «eskalada belikoaren txanponaren beste aldea bizitzaren garestitzea eta austeritatea direla eta programa hau berdin aplikatzen ari dela ezkerrak edo eskuinak aginduta».
Alderdien boto eskarietan ere jarri dute arreta: «Beste behin, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko bozkatzeko deia zabaltzen du sozialdemokraziak. Baina ezkerreko gobernuek ez diote faxismoari aurre egiten, hala ikusi baita azkenengo urteetan; are gehiago, faxismoaren hazkuntzarako baldintza objektiboak jartzen dituzte».
Horregatik, «langileen arteko nazioarteko elkartasuna» aldarrikatu du EHKS-k: «Gure ezezko borobila ematen diogu Europako estatuen zein instituzio militarren berrarmatzeari, eta langileon arteko nazioarteko elkartasuna aldarrikatzen dugu komunean daukagun etsaiaren aurka: burgesiaren eta kapitalismoaren aurka».