Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Neskameek isilpean gordetakoak argitara atera ditu Alaitz Melgarrek

Tene Mujika beka jaso zuen iaz Alaitz Melgarrek, eta urtebeteko lanaren ostean plazaratu du emaitza: ‘Josefa, neskame’ (Elkar). Amamaren biografia da, istorio pertsonala, beraz, baina emakume askok bizitakoaren isla izan daitekeena.

Alazne Txurruka Debako alkatea, Alaitz Melgar idazlea eta Xabier Mendiguren editorea.
Alazne Txurruka Debako alkatea, Alaitz Melgar idazlea eta Xabier Mendiguren editorea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

‘Josefa, neskame’ liburua aurkeztu du Alaitz Melgarrek Donostian. Debako udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean urtero ematen duten Tene Mujika beka jaso zuen iaz eta lanaren emaitza plazaratu berri du.

Ez fikziozko liburuak sortzeko ematen den beka da eta hori da, hain zuzen ere, Melgarrek egin duena, amama zuenaren biografia osatu. Neskame ibili zen lanean eta ama ezkongabea izan zen. Badauka pertsonaletik kontakizunak, baina garaiko emakume askok bizitakoak jasotzen ditu, zeharka bada ere.

Aurkezpenean Alazne Txurruka Debako alkateak adierazi du «plazerra» dela ikustea sariduna andrazkoa izan eta, gainera, liburuaren protagonista ere emakumea izatea, bekari izena ematen dion kazetari eta idazlea ere emakumezkoa izaki. Melgarrek azaldu du zaila izan dela liburua idaztea, amamak bizi zen artean ez baitzien ezer ere kontatu, eta dokumentazioa topatzea bide maldatsua izan delako. Izan ere, ohi dena baino zailagoa izaten da emakumeen inguruko dokumentazioa aurkitzea eta, beraz, ahozko testigantzetan ere oinarritu du liburua.

Josefa Agirre 1928an sortu zen Azpeitiko baserri batean eta 12 urte beteta hasi zen neskame Gasteizen. Hori izan zuen lanbidea bizi guztian zehar, han eta hemen, baita Ingalaterran ere. Han izan zuen alaba eta ama ezkongabe gisa itzuli zen jaioterrira, frankismo bete betean. Isiltasunera kondenatutako emakumea izan zen eta bizimodu bera izan zuten andreei hitza emateko ahalegina egin du Melgarrek.

Azaldu du bi inflexio puntu izan dituela liburuaren sorrera prozesuan, zailtasunak zirela eta. Dokumentu ofizialak aurkitzearekin obsesionatu zela aitortu du eta bi historialarirekin hitz eginda, haiek aholkatu ziotela metodologia aldatzeko, ia ezinezkoa izaten delako emakumeen inguruko agiriak aurkitzea.

Horri gehitu behar zaio idazleak ez duela amamaren testigantzetan oinarririk aurkitu, hari horretatik tiraka ezer topatzeko. Izan ere, garai horretan ‘tabua’ zen ama ezkongabea izatea eta Agirre ez omen zen kontu kontari ibiltzekoa.

Horrela, liburua amamaren figurarekin adiskidetzeko baliagarria izan zaiola azaldu du Melgarrek. «Itxia» omen zen, idazlearen hitzetan, baina «argia» eta harreman txarrik izan zutenik ukatu badu ere, azaldu du «zaila» izan zela haien arteko hartu emana, baita amaren eta amamaren artekoa ere.