‘Donostia ez da salgai’ lelopean manifestazioa deitu dute igande honetarako (Easo plaza, 12.00) Donostia Defendatuz koordinadora osatzen duten hiriko 40 auzo elkarte eta gizarte mugimenduek.
«Egungo hiri eredua gutxiengo baten onurara bideratuta dago, gehiengoaren bizi baldintzak baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan. Espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko Udal Gobernuaren erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira, hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean. Politika horien ondorioak gero eta larriagoak dira eta donostiar gehienek jasaten dituzte egunez egun. Gure hiria gero eta bizigaitzagoa da», adierazten de mobilizazioaren deialdian.
Beharren kontrako erabakiak
Horrela, «donostiarron beharrekin zerikusirik ez duten hainbat proiektu eta operazio urbanistiko bultzatzen eta inposatzen ari direla salatzen dugu, interes orokorrari eta herritarren ahotsari muzin eginda», gaineratu dute.
Hauen artean, Basque Culinary Centerren bigarren eraikina, San Bartolome muinoko merkatalgunea, Arte Ederren Antzokia edo Atotxako Geltokia bezalako eraikin historikoen eraispena, Etxebitza Legean aurreikusitako gune tentsionatuak izendatzeko urratsik ez ematea, etxebizitza berrietan alokairu sozialaren eskaintza legezko gutxienetara mugatzea, hotelen irekiera neurrigabea, Igeldoko Xabi Alonsoren txaleta, Belartzako landa gunea berreskuratzea eskatzea zuen epaia ez betetzea, Añorga Txikin 250 etxebizitza erakitzea, Altzako Auditz-Akular inguruko muinoan 3.000 etxebizitza eraikitzea edo Metroaren pasantea bultzatzea aipatzen dira, besteak beste.
«Donostia Defendatuzentzat, jarduera horiek guztiak Udal Gobernuaren politika etengabearen erakusgarri dira. Alegia, ez dira arazo puntualak, hirian dugun arazo orokor eta endemiko baten ondorio eta adibide, baizik. Aurrekontu publikoa eta udal erakundeak interes ekonomiko partikularren alde jartzen dira sistematikoki, eta horrek erakusten du Donostia modu arriskutsu eta atzeraezinean saldu nahi dutela», gaineratu dute.